Gure buruKIDEAK

2017/07/09

Araba Buru Batzarreko presidente den José Antonio Susori elkarrizketa

Suso: “Urkulluk eta bere Gobernuak Vitoria-Gasteizekin eta Arabarekin hartu duten konpromisoa ezin da zalantzan jarri, hor daude emaitzak”

Araba Buru Batzarreko presidenteak ez du ezkutatzen EAJ-PNVk garai gozoak bizi dituela Araban, baina ez du triunfalista izan nahi eta alderdiaren egiturak gaztetzeko eta erakundea gizartera zabaltzeko lanari ekin nahi dio

Araba Buru Batzarreko presidente José Antonio Susok uste du egintzek eta emaitzek ez dutela azalpen handirik behar. Eta horiek argi eta garbi erakusten dute Urkullu Lehendakariak eta bere Gobernuak Vitoria-Gasteizekin eta Araba osoarekin erakutsi duten konpromisoa zalantzan jarri ezina dela. “Hiriburuan ikus daitezkeen azpiegitura guztiek, direla hezkuntza alorrekoek, osasun esparrukoek edo azpiegitura sektorekoek, Eusko Jaurlaritzaren marka dute”. Eta hori ez da berak bakarrik esaten duen zerbait, Arabako EAJ-PNVko burua izanik parte inplikatua dela ahaztu nahi ez duelarik. Arabako hiritargoak ere esaten du. “Hala adierazi zuen hautestontzietan azken hauteskunde autonomikoetan, duela lau urte Lehendakariari eman zitzaion babesa berretsi duelako”, baieztatu du Susok, duela pare bat aste, Urkullu Lehendakariak berak eta Vitoria-Gasteizeko alkate Gorka Urtaranek Gasteizek Euskadiko hiriburu gisa jasotzen duen kanona bikoizteko akordioa izenpetu dutela gogoratuz.

EAJ-PNVren web guneari eskainitako elkarrizketan, Susok ez du ezkutatu nahi talde jeltzaleak momentu gozoak bizi dituela arabar herrialdean “gobernu ardurak ditugu erakunde nagusietan eta 51 udal guztietatik 30 kudeatzen ditugu”. Susok balantze ona egin du udal eta foru legealdiaren erdialdean. “Erakutsi egin dugu egitasmoak eta ekimenak ditugula eta, gainera, horiek denak garatzeko behar diren pertsonarik onenak ditugula” baieztatu du. Baina, gauza guztien gainetik, ez du bere burua ederrestu nahi eta triunfalismo orotik aldentzen da eguneroko lanarekin, ilusioarekin eta lanak eta proiektuak abiaraziaz. “Araba Buru Batzarrean gure barne egiturak gaztetzeko eta eguneratzeko lana egiten ari gara, hau da, alderdikideak motibatuta egon daitezen eta Alderdiaren ateak zabalik egon daitezen gure proiektu politiko honen parte izan nahi duten guztientzat”, esan du.

rss Ezagutzera eman

Urte bete eta erdi daramazu Araba Buru Batzarreko presidente gisa. Zer nolako balantzea egiten duzu?

Benetan ona. Urte bete eta erdiko aldi hau hauteskundez beteta aurkeztu zaigu, hiru hauteskunde egin behar izan dira, hau da, sei hilabeteko epe batean hauteskundeak egin ziren Eusko Legebiltzarrerako eta birritan Diputatuen Kongresurako.Ez dugu gure burua ederrestera mugatu nahi baina, aspaldiko partez, Arabako EAJ-PNV oso egoera onean aurkitzen da herrialde osoan. Gobernu ardurak ditugu Arabako erakunde nagusietan. Araban 51 udal dira eta horietako 30 kudeatzen ditugu. Udal eta foru legealdiaren ekuadorrean erakutsi egin dugu egitasmoak eta ekimenak ditugula eta, gainera, horiek denak garatzeko pertsonarik onenak ditugula. Lantalde ezberdinen arteko koordinazioa %100ean dago. Eta horrek denak onurak ekartzen dizkio arabar hiritargoari. Horrez gain, egunero lan egiten dugu alderdia hobetzen eta finkatzen. Araba Buru Batzarretik barne egiturak gaztetzeko apustua egiten ari gara, alderdikideak motibatuta egon daitezen eta Alderdiaren ateak zabal-zabalik egon daitezen proiektu politiko handi honen parte izan nahi duten alderdizale guztientzat.

Gorka Urtaranek erakutsi du Vitoria-Gasteizek horrenbeste behar zuen alkatea dela. Zein da Urtaranen eta Javier Maroto aurreko alkatearen arteko ezberdintasuna gobernatzerako orduan?

Eguna eta gaua bezalakoak dira. Bata eta bestearen jarrerak oso ezberdinak dira. Abestiak esaten duen moduan “abre la muralla/cierra la muralla”. Marotok gizarte apurketa bat sortarazi zuen, Vitoria-Gasteizen sekula ikusi ez zena, eta bere interes partidistengatik egin zuen, hauteskundeetarako urte bete falta, zela botoak eskuratzeko helburu bakarrarekin. Gaur egun, Vitoria-Gasteiz, trantsizio isil batean aurkitzen da, etorkizunerako proiektuak garatzeko bidean dago eta gobernatzeko bestelako molde batzuk daude. Gaur inbertsioez hitz egiten dugu, plaza eta esparru publikoak berreskuratu beharraz. Auzoei buruz hitz egiten dugu, azpiegiturei buruz eta hiria pertsonentzat berreskuratu beharraz. Prestakuntzaz eta ekipamenduez ari gara. Merkataritzaz, industriaz eta enpleguaz. Konexioak hobetu beharraz, tranbian eta Abiadura Handian inbertitzeaz. Gure hiria bitan zatitzen duen trenbide arrakala ezabatu beharraz hitz egiten dugu, Vitoria-Gasteizen eraldaketa paregabea ekarriko duelako. Gaur egun hitz egiten dugu, proposatu, eztabaidatu, adostu eta egin egiten dugu. Vitoria-Gasteizek pultsua eta erritmoa berreskuratu ditu. Harrotasunez defendatu izan dugun hiriburua da. Horiek guztiak dira Urtaran alkateak lideratzen dituen baloreak, Gasteizenganako benetako pasioa erakusten eta partekatzen duen pertsona delako.

Ramiro Gonzálezek egonkortasuna ekarri du eta normaltasuna eraman du Arabako Foru Aldundira, zein da bere arrakastaren sekretua?

Lana, lana eta lana foru hauteskundeetara eraman genuen hauteskunde egitasmoa puntuz puntu garatzeko orduan. Lana,lana eta lana horiek egitasmo guztiak errealitatera eramateko behar diren akordioak lortzeko. Ramiro Gonzálezek egin duena izan da Alderdi Popularrak Aldundian egon zenean herrialdera ekarri zuen paralisitik ateratzea, indarra ekarri du PPk Arabari inposatu zion enzefalograma lauak berriro ere zerraren hortzak erakuts ditzan, bizia egon dagoela erakuts dezan. Suspertze ekonomikoa eta enplegua, zerbitzu publiko gehiago eta kalitate handiagokoak eta herrialde oreka dira Arabako Aldundian Gonzalezen jarduna gidatzen duten ardatzak. Hirukoak akordioak behar ditu parlamentuan. Orain arte PPren aldetik eskuak itxita aurkitu ditu Araban, ez duelako berak egin ezta besteei egiten utzi ere.

Eusko Jaurlaritza eta Urkullu lehendakaria egitasmo handietan inplikatu dira Vitoria-Gasteizen. Uste al duzu hiritargoa apreziatzen ari dela EAJ Vitoria-Gasteizen alde egiten ari den apustua?

Argi dago baietz. Hala adierazi zuen azken hauteskunde autonomikoetan, duela lau urte lehenago Urkullu Lehendakariarengan jarritako konfiantza berretsi zuenean. Aurreko legealdian eta gaur egungoan are gehiago, Urkulluren gobernuak erabateko konpromisoa dauka Vitoria-Gasteizekin eta Arabako hiritargoarekin. Emaitzak hor daude. Hiriburuan gaur egun ikus daitezkeen azpiegitura guztiek (hezkuntza, Osasuna, azpiegitura alorrekoek) Eusko Jaurlaritzaren marka daukate. Duela bi aste Urkullu lehendakariak eta Urtaran alkateak Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizekin duen konpromiso hori adierazi zuten hiriburutasun kanonari buruzko akordioa izenpetu zutenean. Akordio horren arabera kanona bikoiztu egingo da aurrerantzean.

Garoñako zentrala ixtearen alde zaude. Noiz uste duzu behin betiko itxiera hori gertatuko dela?

Garoñako zentrala behin betiko itxi beharra dago eta arrazoi bakarra dago hori esateko:segurtasuna. Nazio Segurtasunerako Kontseiluaren oniritzia edo Mariano Rajoyk Estatuko beste erregioetako zentral nuklearren bizitza legez ezarritako iraungitze datatik aurrera luzatzeko ateak zabaltzeko izan dezakeen borondatea aitzakia legez erabil daitezke erabat zaharkituta dauden eta gutxieneko segurtasunetik kanpo geratu diren instalazioak berriro zabaltzeko. Hala egiaztatu da, zoritxarrez, Garoñaren belaunaldi bereko istripu nuklearren ondoren.

Iragan astean Trebiñuko udalek ekimen berriak jarri zituzten abian Araban integratzera begira. Gatazka hori nola ikusten duzu?

Anakronismo historikoa da eta benetako kaltetuak dira barrendegiko herritarrak. Egoera surrealista da, Felliniren pelikuletan islatzen zen horietakoa, 2000 pertsona Burgosen menpe bizitzera kondenatuta daudelako, hau da, beren etxetik 100 kilometrora dagoen administrazioaren mende, beren bizimodua Gasteizera begira egiten duten arren. 10 kilometro egiten dituzte beren kirol talderik gogokoenak diren Alavés eta Baskonia animatzeko. Ibilbide berbera egiten dute, gaixorik daudenean, mediku espezialistengana joateko edo Gasteizko erietxera joateko. Trebiñu Arabaren erdian dago,baina trebiñuarrei eman behar zaie beren borondatea adierazteko aukera. Orain dela gutxi, Burgos eta Arabako Aldundiek barrendegian zerbitzuak emateko lankidetza akordioa izenpetu zuten. Halako akordioak beharrezkoak dira baina, batez ere, eznahiko gertatzen dira. Barrendegiko bi udalek: Trebiñuk eta Argantzungo Lapueblak bide berria ireki dute gatazka horretatik ateratzeko eta EAJ-PNV hor egongo da, ildo eta prozesu hori babesten.

Profila

Jose Antonio Suso

ABBko presidentea

Arabar lurraldearen defendatzaile sutsua izanik, harrotasun osoz aldarrikatzen du José Antonio Suso Perez de Arenazak bere jatorria. Maeztun jaio zen duela 61 urte. Kimikan lizentziatu zen eta MBA masterra eta Enpresa ikasketak ere baditu. Sektore pribatuan 27 urtetan aritu ondoren, 2016ko martxotik aurrera Araba Buru Batzarreko presidentea da, EAJ-PNVk Araban duen herrialde exekutibakoa ,hain zuzen.

Susok Administrazio esparru guztiak ezagutzen ditu. Bokazio munizipalista argia izanik, erakunde publikoetan egin duen ibilbide politikoa Arraia-Maeztu jaioterriko alkatetzan hasi zuen 1983-1987 legealdian. Arabako Batzar Nagusietan prokuradore gisa aritu ondoren ( 1988-1991), Nekazaritza Saileko zuzendari izendatu zuten Arabako Foru Aldundian ( 1991-1999). 2006 eta 2009 urte bitartean Elikagai Politika eta Industriako Sailburuordetzaz arduratu zen , Juan Jose Ibarretxe lehendakaria zelarik. Urte bete lehenago sail bereko zuzendaria izan zen (2005-2006). Gaur egun, Susok Arabar erakunde jeltzalean dituen erantzukizunak uztartzen ditu Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Ekintza Sailean aholkulari gisa egiten duen lanarekin.

Sustrai abertzale indartsuak ditu Susok eta 1992an erabaki zuen EAJ-PNVko alderdikide egitea. EAJ-PNVko alderdikide gisa, hainbat barne ardurak izan ditu, besteak beste, hainbat alditan Arraia-Maeztuko uri Buru Batzarreko presidentea izan da. Halaber, Arabako Herrialde batzarreko ahaldun izan da bere Uri Erakundearen ordezkari gisa. ABBko presidente izan baino lehen, Arabako Herrialde Exekutibako kide izan zen ( 2012-2016).

José Antonio Suso ezkonduta dago eta bi alaba eta seme bat ditu. Ahal duen guztietan gustuko du joan etorriak motorrean egitea. Ingurunearen jasangarritasun eta iraunkortasunagatik kezkatuta, Arabako Foru Aldundian ari zela, lanpostura joateko orduan txirringa erabiltzen hasi zen lehenengoetakoa izan zen, 90. hamarkadan. Sentsibilitate ekologiko horrekin bat eginik, Maeztun daukan 650 metro koadroko baratzea lantzen du. “lan handia da”, esan du, “baina lan horren emaitza da mahai gainean etxean bertan ekoiztutako produktuak jartzen dituzula”.

Libre geratzen zaion denbora apurra irakurtzera dedikatzen du. Bere azken liburua ‘La lengua de los secretos’ izenburukoa da, Martin Abrisketarena. “Istorio hunkigarria da, Euskadiko anaia batzuek Guda Zibil garaian Frantziako erbestean bizi izandakoa kontatzen du”, azaldu du. Susok Arabako gizarte elkarteetako eragile aktiboa da, besteak beste Minbizia duten umeen Guraso Elkarteko (ASPAHAFOHA) eta Gaigabetasun intelektuala duten Pertsonen aldeko Elkarteko (APDEMA) kidea da.

  • José Antonio Suso.: Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa:
    2017/07/09

  • José Antonio Suso: Egungo gaiak
    2017/07/09

Andoniren Bideobloga

Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA
Elkarrizketak - Gure Burukideak
Jarrai iezaguzu Telegramen

  Agenda

2017/09/21 16:30

2017ko Alderdi Egunaren aurkezpena

EAJ-PNVren EBBren idazkari den Mireia Zaratek, datorren irailaren 24an Forondan (Gasteiz) ospatuko den 2017ko Alderdi Egunaren egitaraua eta argibide teknikoak azalduko ditu.

   Sabin Etxea 

2017/09/25 09:00

Aitor Esteban

   Radio Euskadi 

2017/09/26 09:00

Itxaso Atutxa

   Euskadi Irratia 

Twitter

Facebook

YouTube

Flickr