Next Euskadi

Gure buruKIDEAK

2014/10/12

Itxaso Atutxa BBBko presidenteari elkarrizketa

EAJ-PNVk eta Galdakaoko alkateak bermatu egingo dugu Usansoloren banaketaz ebazteko kontsulta lege barruan egitea”

EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarraren presidente Itxaso Atutxak baieztatu du Galdakaoko alkate Ibon Uribek eta talde jeltzale osoak  Usansoloko herritar kopuru esanguratsu batek eskatzen duen kontsultak berme legezko eta juridiko guziak izango dituela zaindu eta bermatuko dutela. EAJ-PNVren www.eaj-pnv.eu web guneari eskainitako elkarrizketan Atutxak gogoratu duenez gaur ,urriak 12, “EAJ-PNV osatzen dugunok ez dugu Espainiako jai Nazionala ospatzen” “ geure sentitzen ez dugulako. "Rajoyk gehiago pentsatu beharko luke baliabide publikoak egokiago erabiltzeko moduetan, Espainia inongo mehatxutik salbatu behar ez duen ejertzitoa desfilatzera atera beharrean”. Aldi berean, Atutxa pozik agertu da BBBk eta Bilboko Buru Batzarren artekoak asteon adostu dituzten hiru hautagaiekin.

rss Ezagutzera eman

BBBk Ana Otadui proposatu du Batzar Nagusietako presidenterako, Unai Rementeria Ahaldun Nagusirako eta Bilboko Buru Batzarren Artekoarekin ados, Juan Mari Aburto proposatu du Bilboko alkatetzarako hautagai gisa. Zergatik eurak?

Bilbo hiriak eta Bizkaia osoak etorkizunean beharko duten moduko profilekin aritu izan gara. Hausnartu egin dugu hiriburuan eta herrialdean ematen den egoera ekonomiko eta sozialaren inguruan. Beharko ditugun pertsonek beren profil pertsonal eta profesionalekin beharrizan horiei erantzuna ematen jakin beharko dute, eta EAJ-PNVren izenean legealdi batzuk gainean eramateko beharko litzatekeen indar eta ilusioarekin. Pertsona konpromisodunak, arduratsuak, zintzoak eta printzipio etiko eta sozial oinarrizkoekin, printzipio horiek ezinbesteko baitira gure siglak eramango dituen edozein zerbitzari publikorengan. Zalantzarik barik, Ana Otadui, Unai Rementeria eta Juan Mari Aburto, esandako profil horretan sartzen dira.

Zein izango dira lau hauteskunde barrutietako zerrenda buruak?

Uri Erakundeetara bidali dugu jada, hurrengo legealdirako proposatzen ditugun batzarkideen zerrenda; baina, oraindik, tokiak zehaztu gabe. Zerrenda hauetan aurki ditzakegu izen eta pertsona interesgarri eta esanguratsuak, besteak beste, Ibone Bengoetxea Bilboko zerrendan; Imanol Pradales Enkarterrietakoan; Ana Otaduirena, Durango-Arratia barrutian, eta Unai Rementeria Busturia-Uribeko zerrendan. Izen horietaz aparte, nolabaiteko berriztapena gertatuko da batzarkide taldearen baitan, gutxi gora-behera % 50koa. Bigarren hautespen aldia bukatutakoan aurkeztuko ditugun behin betiko zerrendetan saiatuko gara esperientziadun pertsonak eta profil berriak batzen, legealdi berriari ekiteko indarra izateko, inoizkoen gogorrena eta erronkez josia izango baita. Esate baterako, batzarkide berriek ganberaren araudia berriztatzeari ekin beharko diote. Zentzu horretan, elkarrizketa honek ematen didan aukera baliatu nahiko nuke urte hauetan guztietan hain gogor lan egin izan duten guztiei, erakunde honetako batzordeetan lan egin dutenei eskerrik beroenak emateko, erakunde honi, sarritan, ez baitzaio merezi duen argi eta ospea ematen.

2015eko udal eta foru hauteskundeak pentsatu baino hurbilago daude. EAJ-PNVk zer aurreikuspen ditu?

Herrialdean ditugun aurreikuspenak onak dira. Gaur egun, Batzar Nagusietan 2011n lortutako emaitza haiek errepikatzea datu ona litzateke, baina oraingo 22 batzarkideen kopurua gainditzeko asmoa daukagu. Esku artean ditugun datuen arabera indartuta kokatzen gaituzte lehenago tarte txikiagoarekin irabazi dugun udalerrietan; aldi berean, gobernatzen dugun tokietan handitu egin da hurrengo taldeekiko banatzen gaituen tartea. Edozein kasutan, lan eskerga dugu oraindik egiteko; baina, ilusioa badago, planifikazio ona eta antolaketa, eta gure Uri Erakundeek lanerako duten gaitasuna ere bai. Azken hilabetean eskualdeetan egin ditudan bileretan ikusi ahal izan dut erakunde hauetan guztietan egiten den lana. Busturialdean eta Ezkerraldean-Meatzaldean egon behar dut hurrengo asteotan, baina orain esan dezaket gogo itzelak daudela ilusioa eta etorkizun gogoa piztuko duen egitasmoa martxan jartzeko.

EAJ-PNVk duela hilabete batzuk BizkaiaGO! ekimena jarri zuen abian. Zertan datza eta zer nolako balorazioa egiten duzu orain arte egindakoaz?

Dakizuenez, BizkaiaGO! hau da hiritarren parte hartzea sustatzeko garatu den ekimena, milatik gora bizkaitar emakume eta gizonen iritziak jasotzeko eta helburu argi bat lortzeko: enpleguari eta suspertze ekonomikoari laguntzea. Herri ezberdinetatik etorritako emakume eta gizonak dira, bakoitza bere pentsamoldearekin, bere ardurekin eta ikuspuntuekin. Baina, hori dena, helburu bakar baten zerbitzura jartzeko: Bizkaiarentzat etorkizun hobea lortzea, enplegu gehiagorekin eta jarduera ekonomiko sendoagoarekin; etorkizun oparoa. Uribe Kostan egon gara (BiscayTIC egoitzan, Getxon), Lea Artibai eskualdean (Lekeitioko Aisia hotelean) eta azkena izan zen Barakaldon, urriaren 4an. Ezkerraldeko eta Meatzaldeko 100 pertsonatik gora batu genituen CEDEMI gunean. Zazpi hitzordu gehiago geratzen zaizkigu: Mungia, Basauri, Derio, Zalla, Durango, Gernika eta Igorre, eta otsailean Bilbon amaituko dugu. Topaketa hauetan guztietan,osotara, milatik gora  pertsonei entzungo diegu. Ekimena Bilbon aurkezteko ekitaldian nik neuk hartu nuen konpromisoagaz ados, topaketa hauetan esparru ezberdinen inguruan jasoko ditugun ekarpenak gure hauteskunde egitasmoetan sartuko dira. Gure hauteskunde egitasmoak nahi ditugu bizkaitarrek pentsatuak eta bizkaitarrentzat eginak.

Zein dira une honetan EAJ-PNVk Bizkaian dituen lehentasunak?

EAJ-PNVk gaur egun Bizkaian erakundeen esparruan zein Alderdi mailan duen lehentasun nagusia da krisia gainditzea, ekonomia garatzea eta oraingo enpleguak mantentzea, horrek , berez, ahalegin handia suposatzen digula argi izanik; eta , jakina, lanpostu berriak sortzea ere bai. Hori dena gure herrikideentzat dagoen babes soziala ahaztu gabe. Bizkaiko Foru Aldundiak EAJ-PNVren gobernuarekin azken urteotan hainbat enpresari emandako laguntasunak arrakasta bidea zabaldu du, etorkizunera begira mantendu eta indartu nahi genukeena.

Hilabete eskas A-9rako. Zer duzu esateko Catalunyako egoeraz?

Lehenengo eta behin, gogoratu nahiko nuke catalunyarrak puntu horretara iritsi direla alderdi politikoen eta herri elkarteen artean kohesio sozial sendoa egon delako eta catalunyar gizartean erabakitzeko eskubidearen aldeko sentimendua nagusitzea lortu dutelako. Bide hori egin dute erabat jarrera demokratikoetan oinarrituta eta lege barruan. Horrela egin dute Rajoyren aldetik debekatzeko saiakera heldu den arte. London eta Edinburgoko gobernuek hitz eginez eta adostasunaren bidez gatazka konpontzeko modua herriari galdetzea zela erabaki duten bitartean, Espainiar estatuak nahiago izan du, berriz ere, inposaketa eta debekua. EAJ-PNVk balorazio positiboa ematen die nazio biek eginiko bideari, prozesu biak errespetatzen ditu eta euskal bidearen alde eginiko proposamena berresten dugu, Euskadirentzat egokiena delakoan.

Asteon Galdakaoko EAJ-PNVk adierazi du Usansoloko balizko banaketarako galdeketa lege barruan egitea bermatzeko prest dagoela.

EAJ-PNVren asmoa da esparru ezberdinetan egoera konpontzeko formula propioak bilatzea eta adostea, egoera bakoitzari egokitua. Prozesuen zilegitasuna bermatuz eta beharrezko balitz, dagokien esparruetan lege barruan dauden jarduerak garatuz. Usansoloko herritar batzuen kezken eraginez, Galdakaoko alkateak, bertan bizi eta sentitzen denetik hurbil sentitzen delako, galdeketa egingo balitz, galdeketa hau lege barruan egin ahal izatea bermatu nahi du. Bizkaiko EAJ-PNV Ibon Uribe alkatearen eta Galdakaoko alderdikide guztien ondoan egongo gara prozesuan udal zein foru mailan, beharrezko balitz.

Arabako Alderdi Popularra gogor ari da Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren kontrako diskurtsoarekin eta asteon neurri batzuk azaldu ditu errenta hori jasotzeko baldintzak gogortzeko. Zer iritzi duzu horietaz?

Javier Maroto Gasteizko alkateak asteartean Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzeko argitara atera zituen zazpi neurrien helburu bakarra da pertsonen eskubideak murriztea eta Euskadin ongizate estatua haustea. Berriz ere azpimarratu nahi dut EAJ-PNVk uko egiten diela PPk Gizarte Segurantzan kotizatu ez duten pertsonak, hamar urteko errolda ez dutenak edo etorkin irregularrak RGItik kanpo uzteko iragarritako proposamenei. Zer egingo du pertsona horiekin? Kalean utziko ditu? Guk euskal sistemaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, hiritar guztiei beren eskubideak bermatzeko. Ez dugu herritarrak informazio manipulatuarekin nahasteko beharra ikusten.

Espainiarrek gaur ospatzen dute Espainiako Jai Nazionala. Zer deritzozu ospakizun honi?

Ezer baino lehenago, bai azpimarratu nahiko nuke guk ez dugula egun hori ospatzen, geure sentitzen ez dugulako. Guk gure Aberri Eguna daukagu. Gainera, nabarmenkeria eta anakronismoa dela iruditzen zait Espainiak propiotzat jotzen duen eguna, militarren desfilearekin ospatu behar izatea. Edozein kasutan, halako ekitaldiak, eta esan behar dago iazkoarekin alderatuta koste handiagoa izango duela, erabat lekuz kanpo daude. Rajoyk gehiago pentsatu beharko luke baliabide publikoak egokiago erabiltzeko moduetan, Espainia inongo mehatxutik salbatu behar ez duen ejertzitoa desfilatzera atera beharrean. Baina, gauza guztien gainetik, ejertzito horretako jeneral bakarrak ezin du esan beraiek direla oraindik estatu horren barruan gauden nazioak estatuan mantentzea bermatzen dutenak.

Profila

Itxaso Atutxa

EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarraren presidentea

Itxaso Atutxa, EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarraren presidente andreari ez zaio  aurpegian irribarrea sekula falta. Ezagun eta lagunen hitzetan da "langile nekaezina, adeitsua, hurbila eta euskaldun petoa". Indautxun jaio zen 1967ko uztailaren 19an, baina bere lehen 4 urteak Igorren eman zituen. Orduan izan zen, Javier Atutxa aita, EAJ-PNVko buru historiko hark itsasoa utzi (kapitaina zen) eta Deustura bizitzen joatea erabaki zuenean. Bilboko auzo hartan hazi eta bizi izan zen Itxaso, ezkondu eta Arratiara itzuli zen arte. Zeberion bizi da harrezkero. Ez dut "herritik sekula joan nahi", baina zalantzarik barik "Zeberioko tomatera  nauzue" zehaztu du.

Atutxak Deustuko ikastolan ikasi zuen, ikastetxeak bere lehen urratsak ematen zituen garaian. Ikastolan zegoela, saskibaloian jolasten zuen eta Ikasume abesbatzako kide izan zen, eskola berean sortu zen elkartean. "Partitura zahar haiek etxean gordetzen ditut oraindik. Ez dakit nik Aita Barturenek (zuzendariak) ‘Kili kili bat’ abestia zenbatetan errepikarazi zigun. Orduko OHO amaituta, BBP eta UBI La Salle Ikastetxean egin zituen eta Euskal Filologia Deustuko Unibertsitatean atera zuen.

Seaskatik datorkio Itxasori, EAJ-PNVrekin duen harremana. “Alderdia bizi izan dut amak perle-harizko arropez janzten ninduenetik" esaten du brometan. 1984an sartu zen alderdian Deustuko batzokian alderdikidetu zenean, gaur egun Zeberioko Uri Erakundeko alderdikidea da. Alderdiaren barruko bizitzan asko bizi izandakoa da eta "une zoragarrien" artean  gordetzen ditu Jesús Insausti "Uzturrerekin" bizi izandakoak.

Atutxak eskarmentu handia jaso du enpresa pribatuaren alorrean. Lehen lanpostua ETBko Informazio Zerbitzuetan izan zen 1987 urtean, oraindik ikasten zegoela. Urte bi beranduago Saio eta Entretenimenduen departamentura sartu zen, lehenengo erredaktore gisa eta gero Saioen koordinatzaile gisa. 1990tik 1993ra bitartean Zuzendari eta Produktore lana egin zuen. Bere gaitasun profesionalak, eskarmentuak eta lan egiteko eta lantaldeak zuzentzeko duen gaitasunak lagundu zioten 1994  hasieratik 1995 urte amaierara arte Bizkaiko Ikusentzuneko Elkarteko arduraduna izaten. 1996 urtean 3Koma produkzio etxean sartu zen zuzendaritza eta produkzio lanak bateratuz, eta urte bete geroago enpresako bazkide bilakatu zen. Bere zuzendaritzapean egin ziren ETB, TVE , Cuatro eta Canal Sur telebista kateetarako saioak, eta hainbat formatu beste herrialdeetara ere eman dira. Bere ibilbide profesionalak ez du,ordea, izaera kulturaleko ardurak hartzetik aldendu. Horrela izan zen Bilboko Museo Etnografikoko patroi, Sabino Arana Fundazioko presidenteorde, Emakundeko Zuzendaritza Taldeko kide, Zeberioko Udaleko alkateorde eta Aberri Batzarreko kide. Ikus-entzunezkoen alorrean 25 urtetan egon ondoren, 2013ko otsailaren 21ean, EAJ-PNVren Herrialde Batzarrak Bizkai Buru Batzarraren presidente aukeratu zuen. Talde jeltzalearen barruan kargu horretan egon den lehen emakumea da bera.

Aritz eta Oier semeak dira bere altxorrik handienak, eta lanez gainezka egonda ere, beti aurkitzen du denboratxoa sukaldean aritzeko eta Zeberioko etxean lagunak eta senideak hartzeko. "Esan egiten didate etxea baino, nekazal turismoko baserria dudala". Opera maite du eta irakurtzea du gustuko. "Biziki gustatzen zait lagunek gomendatzen dizkidaten emakume idazleak deskubritzea". Urtean behin gutxienez, "egutegia hartu eta asteburu batez lagunartean joaten gara, elkarrekin egoteko eta bakoitzak bereak kontatzeko",aitortu du. Kirola ere badago Itxaso Atutxaren egunerokoan. Athletik-eko bazkidea da eta gogoko du saskibaloi partidak ikustea.

  • Hautagaiak
    2014/10/12

  • Galdakao Usansolo
    2014/10/12

Andoniren Bideobloga

Next Euskadi

  Agenda

2019/10/23 08:30

Elkarrizketa. Aitor esteban

   Radio Nacional de España 

2019/10/25 08:30

Elkarrizketa. Joseba Agirretxea

   Onda Vasca 

2019/10/25 09:30

Elkarrizketa. Izaskun Bilbao

   ETB-1. Egun on Euskadi 

YouTube

Twitter

Facebook

Flickr

Elkarrizketak - Gure Burukideak
PDE-EDP
ADIERAZPENA
Europa: Krisialditik Itxaropen Berri baterantz. 
Berrantolatzeko garaia.
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA