Next Euskadi

Gure buruKIDEAK

2017/07/02

EBBko burukide den Iñaki Txuekari elkarrizketa

Iñaki Txueka: “Osakidetzako EEPak oso kalitate handiko osasun publikoa izaten jarraitzea ahalbidetuko digu”

Euzkadi Buru Batzarrean Enplegu eta Gizarte Politika eta Lehen Sektore gaietarako burukide arduraduna den Iñaki Txuekak “positibo eta errealista” jotzen du Osakidetzak Satse, UGT eta Medikuen Sindikatuarekin adostu berri duen enplegu eskaintza publikoa. Txuekak uste du 3.300 pertsona espezializatu baino gehiagori lanean egonkortasuna eta segurtasuna emateak zerbitzua finkatzen lagunduko duela eta, gainera, euskal hiritargoari oso kalitate handiko osasun publikoa eskaintzen jarraitu ahal izatea ekarriko duela.

EAJ-PNVren web guneari eskainitako elkarrizketan, burukide jeltzaleak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan egin duen aldarazpena aldeztu du, alabak eta semeak dituzten familia unitateei ematen zaien arreta finkatzen laguntzen duelako eta iruzurra kontrolatzeko eta haren kontra borrokatzeko mekanismoak optimizatzeko oinarriak ezartzen dituelako.

rss Ezagutzera eman

Azken urte bete eta erdian Euzkadi Buru Batzarrean Nekazaritza, Arrantza, Nekazal Politikak, Gizarte Ekintza, Osasuna eta Etxebizitza gaietarako burukide lanetan aritu ondoren, zer balantze egiten duzu bizi izandakoaz?

Hasiera batean, ezustean eta apur bat kezkatuta hartu ninduen, kar, kar. Baina ni lantaldean gustura aritzen diren horietakoa naiz eta horren gai ezberdinetan erakundeetako arduradunekin eta adituekin osatutako batzorde berezietan lan egin izanak asko lagundu dit eta gaiak alderdiaren ikuspuntutik eta Euskadiko errealitate dinamikoan aplikatzerakoan behar dugun sen onarekin jorratzeko aukera eman dit.

Osakidetzako zuzendaritzak Satse, UGT eta Medikuen Sindikatuarekin adostu berri du bere historiako Enplegu Eskaintza Publikorik handiena, hau da, 3.335 lanpostu. Nola baloratzen duzu akordioa?

Oso balorazio positibo eta errealista egiten dut. Egin den enplegu eskaintza publikorik handiena izan da. Osakidetza moduko oinarrizko zerbitzu publiko batean 3.335 pertsona espezializaturi beren lanpostuan egonkortasuna eta segurtasuna emateko eta zerbitzua finkatzeko egiten den apustu irmoa da, eta nola lortu den azpimarratu beharra dago, hau da, osasun esparruko sindikatu profesionalen adostasunarekin. Zalantzarik ez dut akordio honek euskal herritarroi lagunduko digula oso maila handiko osasun publikoa izaten, eta hau ez da nik esaten dudan zerbait, baizik eta ezagutzen ditugun ratio eta estatistikek ere argi eta garbi adierazi duten zerbait da. Zorionak Darpon Sailburuari eta bere ekipoari!

Zer deritzozu Eusko Jaurlaritzak Diru Sarrerak bermatzeko errentarako proposatu duen aldarazpenari? Zure ustetan zer onura ekarriko dizkio euskal gizarteari?

EAJ-PNVrentzat, garapena eta aberastasuna batera joan behar dira gizarte orekarekin eta ongizate orokorrarekin, moneta beraren alde biak direlako. Horregatik, ezinbesteko egiten zaigu bizitzako gorabeherengatik babes handiagoa behar dutenak zaintzeko eta babesteko sistema bat. Eta sistemak balio behar du euskal herritarrak zein beren herrialdeetan bizi den egoera latzetik ihesi datozen pertsonak artatzeko. Konpromiso horren arabera jarduten dugu RGIaren eta oinarrizko zerbitzu unibertsalen bidez egituratutako zerbitzu honetan. Eta une honetan Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta errealitate aldakor honetara egokitu beharra zegoen, elkartasunean oinarrituta,bai, baina baita eraginkortasunez eta errealismoz ere. Eusko Jaurlaritzako Enplegu Eta Gizarte Ekintza Sailak txosten ona egin du Gizarte Erakundeekin eta Talde Teknikoarekin, gure inguruko erkidegoetan eta Europar Batasunean ematen diren prestazioekin alderatuz. Inkesta baten bidez ere herritargoaren iritzia jaso da. Uste dut proposamena oso positiboa dela alabak eta semeak dituzten familia unitateei arreta berezia ematen dielako eta iruzurraren kontrolerako eta haren kontrako borrokarako mekanismoak optimizatzeko oinarriak ezartzen dituelako. Proposamena Eusko Legebiltzarrean aurkeztu da eta,hortik aurrera, txosten bat egingo da 2018 urte hasieran eskubideak eta derrigorrak jasoko dituen RGIarekin, hau da, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta sinplifikatua,errealista eta batez ere gizarte laguntza bazterketa arriskuan aurki daitezkeen pertsonei zuzendutako esku hartze sozio-edukatiboarekin.

Duela 15 egun ELAk Bilbon egin zuen kongresuan izan zinen. Zer analisi egiten duzu ekitaldian Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusiaren aldetik EAJren kontra egin ziren kritiken aurrean?

EAJ-PNVren ordezkari gisa joan nintzen jarrera irekiarekin eta jakin-min intelektualarekin. Adolfo Muñoz idazkari nagusiak bere diskurtsoan bereganatu zuen lidergo politiko soziala Ezker Abertzaleak Euskadin erakutsi duen gaitasun eta alternatiba ezaren aurrean. Hitzaldi osoa, zentzu politikoan, klitxe populistetan eta neoliberalismoaren eta kudeaketa okerraren aitzakiapean eginiko salaketetan oinarritu zen… eta, errematerako, oholtzatik esan zuen EAJ-PNVk abertzale izateari utzi diola. Ez zen enpresa eredu alternatiboren aipamenik egin, ez zen enplegua dinamizatzeko proposamenik planteatu ezta elkarrizketa foro egonkorretan parte hartzeko konpromisorik adierazi ere; autokritikarik ez produktibotasun ratio baxuetan sindikatuek izan dezaketen erantzukizunaren inguruan, abstentzio laboralaren areagotzeaz edo oraingo ereduan dauden milaka liberatu sindikalen “eraginkortasunaz”. Geratu zaidan zalantza da ELAko bazkideek, hitz oldarrak alde batera utzita, jardun sindikalaren eboluzioa eta idazkari nagusiak lehenestea aldarrikatzen duen eredu politikoa babesten ote duten. EAJ-PNV Euskadiren eraikuntzarekin hitzemanda dago eta prest gaude autogobernuaren esparru guztiei buruzko elkarrizketan parte hartzeko, sindikala barne.

Nekazaritza arloko burukide arduraduna zaren aldetik eta mahastigintza-ardogintza sektorea hain ondo ezagutzen duzularik, zer konponbide antzematen diozu `Arabar Errioxa´ eta `Rioja´ jatorri deituren artean sortutako hika-mikari?

`Rioja´ Jatorri Deitura oso errealitate garrantzitsua da mundu mailako merkatuan, baina bere dimentsioa eta aniztasuna duen egitura batek erantzuna eta irtenbideak eman behar dizkie ezberdintzeko sortzen diren beharrei. Benetan uste dut oraingo eredua uniformizatzaileegia dela eta ez duela ardo eta eskualdeen arteko ezberdintzea ahalbidetzen. Distortsio hori gero eta handiagoa da eta eragin handia izan du Arabar Errioxan. Kontu profesionala da eta horregatik profesionalek eurek lideratu eta hartu behar duten erabakia da. Esparru politikoan gaudenoi bidelagun izatea dagokigu. Ildo horretan, Arabar Errioxa Jatorri Deitura sortzea proposatzen da. Horrek ahalbidetuko luke planteatutako erronka gehienei aurre egitea eta Rioja Jatorri Deituraren barruan kudeaketa propio eta berezitua egitea bere berezitasunak sustatzeko eta azpimarratzeko, oraingo eredu sozio-ekonomikoa hobetzeko eta merkatuan Arabar Errioxako ardoak era bereizian aurkezteko. Mundu mailako erregioek, Bordele eta Borgoina, besteak beste, arazo berberaren aurrean horrela egin zuten eta beren errealitateetara egokitu ziren.

2000 eta 2008 urte bitartean Euzko Abertzaleak taldeko diputatu izan zinen Kongresuan. Zer ezberdintasun antzematen duzu orduko sasoiaren eta askoren ustez `ikuskizun-politika´ egiten den oraingoaren artean?

Bada, egiten den kultur eskaintzan, ikuskizuna berritzailea eta ona ez bada, erori egiten da. Arazoa da Kongresuan eta Parlamentuetan gure bizitzako hainbat kontu erabakitzen direla. Zorroztasuna eta eraginkortasuna ez datoz ondo populismoarekin eta neurri gabeko antzezpenarekin. Hobe gure estiloarekin jarraitzen badugu, EAJ-PNVren estiloarekin,alegia.

Profila

Inaki Txueka

Responsable del Área de Empleo y Políticas Sociales y del Sector Primario

Iñaki Txueka Isasti  Getarian jaio zen 1953 urtean. Kimikan lizentziatua izanik, enologo honi politikaren “karramarroa” gazte-gaztetatik sartu zitzaion: “14 urte nituela Madrilen ikasteko beka eman zidaten eta 17 urterekin Kimika ikasten nengoen euskaldun mordo batekin. Orduan, Madrilen nengoela, kontzientzia hartu nuen neure abertzaletasunaz. Politika oso bizi zegoen garai hartan, euskal ikasleen erakundeak, euskara, mundu abertzalea, oro har, pil-pilean zegoen. Orduan, alderdi politikoa sortzeko eta alderdi hari eusteko saiakerak egin nituen, ESB, baina proiektu politiko hura ez zen aurrera atera eta 1980an Getariara itzuli nintzen lan egitera eta batez ere, txakolinaren proiektua aurrera ateratzera”. 1986an egin zen EAJ-PNVko alderdikide.

Gorettirekin ezkonduta dago eta bi seme dituzte, bata 36 urtekoa eta bestea 33 urtekoa, eta biek lan egiten dute familiarenean, Getariako `Txomin Etxaniz´ txakolindegian. “Egiten dugun lana maite dugu bizitza-proiektu bihurtu dugulako eta gure garapen propioa lantzeaz gain, gure ingurukoa ere lantzen dugulako. Getariakoa eta eskualdekoa, hain zuzen”, esan du harrotasun puntu batekin. Txuekak azaldu du nola bere aitak txakolinaren kalitatea nabarmen igotzea lortu zuela baina mahastiak oso txikiak zirela. Iñaki %100ean inplikatu zen familiaren proiektuan eta Jatorri Deitura sortu zuen. Getariako Txakolina Jatorri Deiturako presidentea zelarik, politikari eta pertsona gisa, José Manuel Goikoetxea bere erreferente nagusienetakoa denak (“gehien apreziatu izan dudan pertsonetako bat, bere lidergo pertsonal eta politikoagatik”) 1991an Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Elikagaien Industrien Zuzendari izatea proposatu zion. “Konbentzitu ninduen biziki interesatzen zitzaidan proiektu bat zegoelako, hau da, Euskadiri kalitatezko egiturak ematea, labelak, jatorrik deiturak, eta abar”. Txuekak hiru hilabete baino ez zizkion egitasmoari eman Gipuzkoako egoera politikoa oso konplikatua zelako eta Joseba Egibarrek, bere beste erreferentea denak, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile eta Nekazaritzako diputatu kargua hartzera deitu zuelako.

Nekazaritza eta Ingurumen diputatu karguan 8 urte eman ondoren, oso une delikatuak bizi zituelarik (bereziki, bozeramaile zela Leizarango autobiarekin zerikusia zuten hainbat gai kudeatzea tokatu zitzaiolako), 1999 urtean bere bizitza pribatura itzuli zen. Handik eta urte bete eta erdira bigarren deia jaso zuen eta  esan zioten “komenigarria” izango zela Kongresurako Gipuzkoako zerrendetan joatea. Zalantza handiak izan zituen baina baietza eman zuen eta bi legealditan, 2000 eta 2008 urte bitartean, Madrilgo Euzko Abertzaleak taldeko diputatu lanak egin zituen. Aldi berean, Europako Kontseiluko Batzarreko ordezkari izan zen. 2009 urtean Getariako Uri Buru Batzarreko lehendakari izendatu zuten, handik bi urtera GBBko burukide bihurtu zen eta duela urte bete eta erdi EBBko burukide izendatu zuten.

Iñakik aitortzen du hau dena Gorettiri esker egin ahal izan duela “katiuskak jantzita mahastian aritu ahal den edo, berdin-berdin, Washingtonen errezepziora joan ahal den emakumea da. Egoten dakien emakumea da eta lasaitasun eta konfiantza handia eman dit beti. Asko zor diot eta zor horiek ordaintzeko beharra sentitzen dut”. 

Geratzen zaion denbora apurra italieraz esaten den ‘dolce far niente’ horretan ematea gustatzen zaio. Iñakirentzat ezer ez egitea da liburu bat irakurtzea edo pantaila handian pelikularen bat ikustea. “Maite dut zinema. Madrilen bizi nintzenean, ikasle nintzela, Zinema Akademiara joaten nintzen eta Bergmanen ziklo osoa ikusten nuen, goizeko 10etan hasita eta gaueko 12ak arte. Oso zinemazalea naiz. Zalantzarik gabe, zinema ona gustatzen zait. Gogoko ditut pelikula amerikar onak eta Frantziako “autore zinema” deskubritzen hasia naiz. Irakurtzea ere gogoko dut. Une honetan  nago Mary Bearden liburu batekin ‘SPQR. Erroma zaharreko istorioa´ izenburukoa. Ibiltzen ere irteten nahiz baina aitortu behar dut apurtxo bat alferra naizela. Atletismoa egin nuen gaztetan baina orain emaztea da tiraka ibili behar dena irten nadin. Baina, batez ere, gastronomia kontuak ditut gogoko. Maite dut sukaldean aritzea. Are gehiago, gazte denboran “xoxak” ateratzen nituen sukaldean. Eta aitortu behar dut nahiko ondo egiten dudala, bereziki sukaldaritza tradizionalean. Nire jakirik gustukoena da arrautza pare bat tomatearekin eta urdaiazpikoarekin eta, kalitatekoa bada, hobe. Halaber, ondo irteten zaizkit zapoa amerikar erara eta marmitakoa. Gastronomia zalea naiz. Michelin gidarekin bidaiatzen dut. Emaztea  eta biok oso bidaizaleak gara. Duela gutxi Hegoafrikatik etorri berriak gara. Enologo lanbidea oso lanbide polita da, aukera ematen dizu mundu osoko harremanak egiteko, harreman zoragarriak, gainera” esan du.

Iñakik gogoratzen du 86an EAJ-PNVn alderdikidetu zenean, eszisio garaian, Xabier Arzalluzek, Getariako Batzokira egin zuen bisitan galdetu egin ziola zergatik erabaki zuen alderdikidetzea. Txuekak gogoratzen du orduan esan zituen arrazoiak direla gaur egun gogoan dituen berberak: “EAJ delako Euskadiren garapen politikorako tresnarik onena”. Alderdikidetu eta 30 urte geroago, EBBko burukide aukeratu zuten. “Nire helburua da 63 urte dituen pertsona batek eskain dezakeen guztia alderdiari ematea, hau da, eskarmentua eta sen ona alderdiak  alderdikidetu nintzeneko arrazoia izaten jarrai dezan: euskal gizartearentzako tresna ona, 40 urtetan egin dugun proiektuari jarraipena emateko, zalantzarik gabe, urte hauetan guztietan asmatzen jakin dugulako. Bada, asmatzen jarrai dezagun gizarte honen beharrizanei erantzunez”.

  • Iñaki Txueka Isasti: Osakidetza
    2017/07/02

  • Iñaki Txueka Isasti: DBE
    2017/07/02

Andoniren Bideobloga

Next Euskadi

  Agenda

2019/10/16 22:40

Elkarrizketa. Aitor Esteban

   TVE-La noche en 24 h. 

2019/10/18 08:30

Elkarrizketa. Jokin Bildarratz

   Onda Vasca 

2019/10/19 10:30

EAJ-PNVk Kongresu eta Senaturako Gipuzkoatik proposatuko dituen hautagaitzak aurkezteko ekitaldia.

Aitor Esteban, Joseba Egibar, Maribel Vaquero 

   Nautikoa. Donostia 

YouTube

Twitter

Facebook

Flickr

Elkarrizketak - Gure Burukideak
PDE-EDP
ADIERAZPENA
Europa: Krisialditik Itxaropen Berri baterantz. 
Berrantolatzeko garaia.
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA