Next Euskadi

Gure buruKIDEAK

2015/05/01

Andoni Ortuzarri elkarrizketa

Ortuzar: “EAJ-PNV-ren lidergoak baino ez du bermatuko euskal erakundeek soinez soin lan egitea, krisia atzean uzteko eta aurrera egin ahal izateko”

“EAJ-PNV-k gobernatutako erakundeek baino ez dute funtzionatu une honetan amaitzear dagoen legegintzaldian. Gainerakoetan nagusi izan dira anabasa, iskanbila eta akordiorik eza. Ezin ditugu Araban edo Gipuzkoan, Gasteizen edo Donostian beste lau urte galdu. Hauxe da momentua erakunde guztiek- Eusko Jaurlaritza, aldundiek eta udalek- aurrera egiteko lanean soinez soin ekin diezaioten. Eta hori, gaur egun, EAJ-PNV-ren lidergoarekin baino ez da lortuko". Andoni Ortuzarrek, EAJ-PNV-ren Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, uste du euskal hiritarrok asko dugula jokoan maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetan. Jokoan daude krisitik ateratzea eta suspertze ekonomikoa, baina, era berean, bakea finkatzea eta gure autogobernuan aurrerapen esanguratsua lortzea ere . Hori dela eta, jeltzaleen buruak euskal hiritarrei eskatu die konfiantza izan dezatela EAJ-PNV-k besterik ez bermatuko duen lidergoan, kudeaketa lan eskarmentudunean eta erakundeen arteko lan koordinatuan.

EAJ-PNV-ren web guneari eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek baieztatu egin du talde jeltzaleak euskal sei erakunde nagusiak gobernatzeko helburua duela baina ez anbizioak gidatua delako, baizik eta horixe delako EAJ-PNV-k Euskadirekiko daukan konpromisoaren adierazlerik nagusiena. Gainera, Herriak behar duen bultzada erabakigarria emateko bermea ere bada . Ortuzarrek Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroan hauteskunde aurretik bizi den egoera aztertu du eta euskal hiritarrei ohartarazi nahi izan die Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak proposatzen duten amarruaz. Udal eta Foru hauteskunde hauek hauteskunde orokor balira bezala aurkeztu nahi dituzte Espainiako alderdi bi handiek. Eta helburu horrekin ikusi dugu PP eta PSOEk eztabaidak eta proposamenak planteatzen dituztela beren interes pertsonalek gidatuta, Euskaditik urrunduta, eta euskal hiritargoaren behar eta eskariei kasu egin gabe.

rss Ezagutzera eman

Aste bete falta dugu udal eta foru hauteskundeetarako kanpaina hasteko. Zer balorazio egiten duzu EAJ-PNV-k hauteskunde hauen aurrean dituen aurreikuspenen inguruan?

Honakoak, hauteskunde oso bereziak izango dira guretzat. Lehenengo eta behin, herritarrek hurbilen sentitzen dituzten hauteskundeak direlako eta guk betidanik esan izan dugu alderdi munizipalista garela. Baina, ez hori bakarrik, oso une politiko eta ekonomiko delikatuan ospatuko dira. Asko dugu jokoan Herri gisa. Enplegua berreskuratzea, Herrialde Historiko bakar bat suspertze prozesutik kanpo ez geratzea,suspertze ekonomikoak azkenean ekarriko dizkigun aukerak baliatzea, suspertze hau herri eta hiri guztietara zabaltzea... Horregatik guztiagatik, hauteskundeei ardura handiz ekin nahi diegu, ardura handiz, bai, baina ilusioarekin ere bai. Hiru Herrialde Historikoetan eta Autonomi Erkidegoko hiru hiriburuetan gobernatzea dugu helburu; eta, horrez gain, Nafarroako aldaketaren eragile garrantzitsu izan nahi dugu.

EAJ-PNV-k EAEko hiru erakunde nagusietan gobernatu nahi duela esaten duzunean, anbizioak gidatzen zaitu ala beste arrazoiren bat daukazu?

Anbizioa baino, esango nuke konpromisoa dela horren helburu altua ezartzera eraman gaituena. Konpromisoa Herri honekin eta Herrialde eta Udalerri guztiekin. Ikusi izan dugu legegintzaldi honetan, Aldundi bakoitza Alderdi baten eskuetan egon den honetan, gauzak ez direla oso ondo joan. EAJ-PNV-k gobernatutako erakundeek baino ez dute funtzionatu, gainerakoetan nagusi izan dira anabasa, iskanbila eta akordiorik eza. Ezin ditugu Araban edo Gipuzkoan, Gasteizen edo Donostian beste lau urte galdu. Hauxe da momentua erakunde guztiek- Eusko Jaurlaritza, aldundiek eta udalek- aurrera egiteko lanean soinez soin ekin diezaioten. Eta hori, gaur egun, EAJ-PNV-ren lidergoarekin baino ez da lortuko. Herritarrena da erabakia. Horregatik ausartu naiz babes eta indar nahikoa ematea eskatzera, zalantzarik egon ez dadin, argi eta garbi gera dadin EAJ-PNV dela suspertze ekonomiko hau, krisitik irteteko une hau lideratzeko lanetan jarri nahi dena.

Benetan uste al duzu zure alderdia izan daitekeela Arabako Foru Aldundian eta Gasteizko Udalean boto gehien lortuko dituena? Aldundiaren kasuan nahiko argi dagoela ematen du,baina Marotoren mezu populista nahiko errotuta dago gasteiztar batzuen artean…

Bai, bene-benetan uste dut. Gasteiztar gehienak ez dira Marotoren amarruan eta manipulazioan eroriko. Oso zatarra da egiten ari dena, eta gainera, oso arriskutsua da gure arteko elkarbizitzarako. Gainera, gasteiztarrak eta arabarrak, oro har, halako astakerietara ohitu egin dira PPren desgobernua pairatu duten lau urte hauetan. Orain Marotok eta De Andrések PPren siglak ezkutatu nahi dituzte. Ematen du beren alderdiak lotsa eragiten diela. Ez nau bat ere harritzen. Baina, PPkoak dira. Eta beraiek ere badira Rajoy-k eta bere alderdiak egin duen guztiaren erantzule. Denaren erantzule dira; bereziki, Forondarekin egin den utzikeriaren, Abiadura Handiko Trenaren atzerapenaren, Arasur laguntasunik gabe utzi izanaren eta Arabar nekazaritzaren arazoen erantzule.

Marotori aurkari berria irten ote zaio eskuinaldetik Ciudadanos taldearekin? Orain esan du zergak beheratuko dituela berriz ere alkate aukeratua bada...

Maroto oso urduri jarri da. EAJ-ren gorakada eta Gorka Urtaranen proposamenek jaso dituzten erantzun onak ikusi ditu. Eta, gainera, orain aurkari berria irten zaio espainiar eskuindarretik. Beraz, inolako lotsarik gabe ari da, gezurrak han hemenka botatzen hasi da, bere eskuetan ez dauden gauzak dira, eta berak ondotxo daki hori. Zerga gehienak ez dira udaletan erabakitzen, ez dago bere esku zergak igotzea edo beheratzea. Baina larriena da legegintzaldi honetan udalaren mende dagoen zergetako bat igo duela, EJZ hain zuzen, Ekonomi Jardueren gaineko Zerga. Azkena!

Bizkaian ematen du argi eta garbi dagoela garaipena EAJ-PNV-rena izango dela. Pentsa daiteke aurreikuspen onek hautesleria etxean geratzea eragin dezaketela?

Hori ez gertatzea espero dugu. Ez da ona gehiegi lasaitzea. Bizkaian gauzak oso ondo egin dira. Krisi ekonomikoan ere, Aldundiak eta Udal gehienek, Bilbokotik hasita, hiritarren interesak oso ondo kudeatzen jakin dute, EAJren emakume eta gizonek eginiko lanari esker. Aldundirako, Batzar Nagusirako eta Bilborako hautagai berriak aukeratu ditugu eta oso parte hartze eta adostasun handia lortu dugu gure alderdikideen artean. Oso jende gaztea aurkezten dugu, oso prestatua, Iñaki Azkuna eta Jose Luis Bilbaoren ondorengo duinak. Pertsona hauek bermatzen dute Bizkaian gobernu ona egingo duten belaunaldi berria egotea.

Gipuzkoan, argi dago EH Bildu eta EAJ-PNV-ren arteko borroka emango dela. Donostiar edo Gipuzkoar batek zer arrazoi izan dezake EAJ-PNV bozkatzeko? Boto eraginkorra izango da?

Inoiz baino eraginkorragoa . Bilduren agintekeria eta inposaketarekin amaitzeko boto eraginkor bakarra EAJ-PNV-ren alde emandakoa izango da. Argi baino argiago dago. Azken urteotan ezker abertzalearekin eginiko esperimentua garesti irten zaie gipuzkoarrei. Hiritarren artean txarto tratatuak izan direlako sentsazioa dago: zaborrak, zerga gehiago, ekonomia eta enplegua babestu gabe, inposaketak,... horren guztiaren kontra egiteko modu bakarra, gauzak aldatzeko modu bakarra da EAJ bozkatzea.

Nafarroan, Geroa Bai koalizioak oso hauteskunde aurreikuspen onak ditu. Azken inkesten arabera, bigarren indarra izango litzateke Parlamentuan. Emango al da orain Nafarroak horren beharrezko duen aldaketa? Geroa Bai eta Uxue Barkos izango ote dira Erresuma Zaharrean aldaketa eragingo duen giltza?

Nafarroak aldaketa politikoa merezi du, aldaketa politikoa behar du UPNren gobernuek eragin dute itolarritik eta paralisitik irteteko. Beharrezko dugu nafar erakundeetan haize freskoa sartzea. Nafarroa gogo onekin eraiki behar dugu, inoren kontra joan barik, inor bazterrean utzi barik. Eta lan horretan uste dut Geroa Baik eta Uxue Barkosek egiteko nagusia izango dutela, nafar eskuindarraren gobernu burugogorraren eta jauntxokeri urte luzeen alternatibaren ardatz gisa. EAJren aldetik betidanik kritikatu izan dugu Nafarroako egituraketa politikoa Iruñean baino, Madrilen erabakia izan dela, PPren eta PSOEren egoitzetan erabaki delako Nafarroan nork gobernatu behar zuen. Orain, urrezko aukera dugu erabaki hori Nafarroan har dezatela, Nafarroan soilik, eta ez beste inon.

Alderdi batzuei eta komunikabide batzuei begiratuta, esan liteke hauteskunde orokorretan aurkitzen garela, eta ez udal eta foru hauteskundeen atarian. Pentsatzen duzu Espainiar estatuan gaur egun dagoen ezegonkortasunak, PPren eta PSOEren barruan dagoen ahultasunak Euskadiri garrantzia ken diezaiokeela eta, batez ere, euskal hiritargoari eztabaida desitxuratu ahal diola?

Egia da, pentsa liteke udal eta foru hauteskundeen atarian egon beharrean, hauteskunde orokorren aurrean gaudela. Rajoy eta Pedro Sánchez-ek asko dute jokoan hauteskunde hauetan. Batzuek esaten dute beren alderdietako nagusi tokiak ere jokoan dituztela. Zoritxarrez, Euskadik eta euskal udalek ezin dute Rajoy-rengandik edo Pedro Sánchez-engandik ezer onik espero . Beraientzat, Euskadi Madrilerako bidean dagoen geltoki txikia baino ez da, eta hori da interesatzen zaien bakarra. Rajoy-k edo Sánchez-ek ez dute Euskadiz pentsatzen, ez gara haien lehentasuna, ideia bakarra ere ez dute gure Herriaren etorkizunaren alde egiteko, krisitik ateratzen laguntzeko, bakea finkatzen laguntzeko edo autogobernu berria lortzeko... Beraz, ez gaitezen erori Euskadira boto bila eta gero Madrilera itzultzen diren "parakaidista" horien jokoan. Kongresuko eta Senatuko oraingo legegintzaldia da horren erakusgarririk argiena: lau urte galduak Euskadirentzat. Eurak bai, elkarri mokoka eta elkarri irainka eta erasoka. Bien bitartean, EAJren aldetik planteatu dizkiegun arazo ugariak, konponbiderik gabe geratu dira.

Profila

Andoni Ortuzar

EAJ-PNVren EBBren presidentea

Andoni Ortuzar nauzue, kazetaria naiz lanbidez, kazetari egin nintzen bokazioak gidatuta, eta azken aldi honetan politikagintzan nago sartuta, nire Alderdiaren zerbitzura, Euzkadi Buru Batzarraren presidente naizen aldetik. Abertzale ditut arbasoak, aita eta amaren aldetik, hamalau urterekin, 1976 urtean EGI gazte erakundean sartu nintzen, eta bi urte geroago EAJ-PNV-ren alderdikide egin nintzen. Niretzat zeozer naturala izan zen, politika giro nahasia zegoen orduan eta gaztea nintzen arren, nire Herriarekin konpromisoa hartzeko beharra sentitu nuen. Puntu honetan, aurreko lerroak irakurri, eta konpromiso hitza birritan erabili dudala konturatu naiz. Eta, kontua da, kontzeptu hori guztiz funtsezkoa dela niretzat. Konpromisoa hartzen duen jendea dut gustuko, eta ez bakarrik politikan,baizik eta beste edozein arlotan edo lanetan.

Kazetaria naizela esan dut, Leioako fakultatekoa (EHU-UPV) eta harro nago. Zorioneko izan nintzen (oro har, oso zorionekoa izan naiz bizitzan) eta laster aurkitu nuen lana. ETBra lan egitera joan zen jendeak utzitako tokiak baliatuta, DEIA egunkarian sartu nintzen 82an. Lehenago Herri Irratiko korrespontsala izan nintzen eta DEIAn ere egin nuen lan hori Meatzalde inguruan, nire ‘inguru naturala’. Sanfuentesko semea naiz (Munduko hiriburua) eta hantxe bizi naiz, Serantes mendiaren babesean, Triano meategien aurrean, Herri honen iragana inoiz ahaztu ez dezadan. Etxeraino heltzen da Arena hondartzako kresala. Orduak eta egunak ematen ditut bertan uda partean. Alaba biren aita naiz, Garazi eta Maddalen. Nire nesketaz hitz egiten dudanean, Kantauri itsasoa ere handitu egiten da nire adurrarekin. Baina, egia da, sorgin bi ditut etxean, edonor sorgintzen dakitenak. Lastima ezin naizela, beraien ondoan nahiko nukeen bestetan egon.

Jakin-min handia daukat eta 1987an Eusko Jaurlaritzara gonbidatu ninduten, hasiera batean, behintzat, nahiko labur antzeman zitekeen denbora baterako (EAJren banaketaren ondorengo egunak izan ziren) eta zalantzarik gabe eman nuen baietza. Azkenean, hamaika urte eman nituen eta, bizitzak halakoak ekartzen dituelako, Jaurlaritzaren nazioarteko politika antolatzeko ardura izan nuen, Kanpo Ekintzako Idazkaritza Nagusian. Urte politak izan ziren haiek. Maite dut gauza sortzea, egitasmoak martxan jartzea. Gainera, munduan ibiltzeko aukera izan nuen eta beste errealitate batzuk ezagutu ahal izan nituen. Aldi hartan egindakoak nire ikuspegia zabaltzen lagundu zidan. EiTBren zuzendaritza eskaini eta, jakina, hari ere baietza eman nion. Lanbidera itzultzea suposatzen zidan, medioa, telebista zelako, gutxiago ezagutzen nuen arren. Lanbidean buru belarri egon nintzen murgilduta. Hamar urte aldaketa teknologiko ikaragarrien erdian, audientzia lortzeko borrokan, irrati-telebista mende berrira eramateko ahaleginean eta, gainera, gogor ekin behar izan nion euskara ondo ikasteko. Nire inguratukoek ondotxo dakite apurtxo bat penatuta ibili nintzela handik joatean. Baina hori da konpromisoak egiten diguna, Alderdiarentzat oso une garrantzitsuan politikagintzan sartzeko proposamena egin zidaten eta nik baiezko erantzuna eman nuen. Lehenengo eta behin, Bizkai Buru Batzarraren presidente gisa eta gero, Iñigo Urkullu Lehendakari egin zenean, EAJ-ren Aberri Batzarrak Euzkadi Buru Batzarraren presidente izendatu ninduenean. Alderdikide izan naizen berrogei urteotan sekula bururatu ez zaidan zerbait izan zen.

Lanari ekiteko orduan, taldean baino ez dut egin nahi. Beti jakin izan dut pertsona egokiez inguratzen. Eta beti izan dut pertsona prestatu eta argiez inguratuta egoteko zortea izan, gauzak aurrera ateratzen lagundu izan didatenak. Eta oso gustuko dut barre egitea.

Ibiltaria naiz (orain, nik neuk eta Miriam bikoteak nahiko genukeen beste egiten ez dugun arren), baina kirolik gogokoena pilotalekuan praktikatzen dut, larruzko paletarekin, eta astero praktikatu ohi dut, eta batzuetan irabazi ere bai. Beste zaletasun handienetakoa da onddo eta zizak batzen joatea. Barkaidazue, baina ez dizkizuet nire txoko ezkutuak esango, baina urtea ona baldin bada, otzaretan ekartzen ditut boletusak, urritxak, gibelurdinak eta besteak…

Sukaldaritza zalea ere banaiz, jakiak prestatzeko eta gero lagun artean dastatzeko. Janariak ‘pailan’ erre ohi ditut, eta egur ikatza erabiltzen dut horretarako. Lagunak etxera sarri etortzen zaizkidala ikusita, esan liteke ez dudala bat ere txarto egiten. Ardoaren mundua ere gustatzen zait. Errioxako ardoaren defendatzaile sutsua naiz, baina ez diet muzin egingo beste lekuetako ardoei, onak badira. Besteak beste, gustuko ditut Somontano, Duero, Bordeleko ardoak, mendoinoak, Txilekoak edo Napa Valley-koak. Uda aldean, txakolina. Ondo ezagutzen nautenek ondotxo dakite nire ezkutuko asmoa dela erretiratzean upeltegian lan egitea.

Musikazalea naiz, oso aukera zabala daukat, baina bereziki beren abestiak egiten dituzten abeslariak eta bakarlariak, besteak beste Sabina, Phil Collins, Benito Lertxundi eta Fito, eta Andrea Bocelli ahaztu gabe.

Ahal dudan guztia irakurtzen dut, eleberriak nagusiki. Azken aldi honetan, Sarah Lark-ek Zelanda Berriari buruz idatzitako hiru liburuak irakurri ditut, Santiago Posteguillok Trajanori buruz idatzitakoa eta Bigarren Mundu Gerrari buruzko batzuk, Ken Follett-enak eta Julia Navarrorenak. Baztango hiru liburuekin ere gozatu dut.

Zinemara ez naiz oso sarri joaten, eta joatekotan nire sorginek agintzen dute. Beraz, zineman ikusi dudan azkena izan da ‘Fast & Furious 7’...

  • Ortuzar. M-24 Hauteskundeak
    2015/05/01

  • Ortuzar. Rajoy-Sánchez
    2015/05/01

Andoniren Bideobloga

Next Euskadi

YouTube

Twitter

Facebook

Flickr

Elkarrizketak - Gure Burukideak
PDE-EDP
ADIERAZPENA
Europa: Krisialditik Itxaropen Berri baterantz. 
Berrantolatzeko garaia.
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA