Next Euskadi

Gure buruKIDEAK

2017/06/24

EBBko burukide den Ana Esther Furundarenari elkarrizketa

Ana Esther Furundarena: “Sindikatuak HEZIBERRi 2020 hondatzen saiatzen ari dira, arrakastarik lortu gabe, eta LOMCErekin parekatu dute elkarren artean zerikusirik ez duten arren”

Euzkadi Buru Batzarreko Hezkuntza, Euskara, Kirola eta Kultura gaietarako burukide arduradun Ana Esther Furundarenak auzitan jarri ditu sindikatuek iragan maiatzean euskal eskola publikoak deitu zituzten grebetarako eman zituzten arrazoiak. Furundarenak uste du eskola publikoko profesionalen lan baldintzak onak direla, eta HEZIBERRI 2020 egitasmo estrategikoa aldarrikatu du eragile ezberdinen artean egin zelako eta LOMCErekin inolako zerikusirik ez duelako, sindikatuek eurek horiek biak partekatzeko obsesioa erakutsi duten arren.

EAJ-PNVren web guneari eskainitako elkarrizketan, Furundarena oso pozik agertu da euskararen ezagutzan eta erabileran azken hamarkada hauetan eman den aurrerakadagatik, baina ohartarazi nahi izan du oraindik bide luzea geratzen zaigula erabateko hizkuntz normalizaziora iristeko. Eta, bide hori egiteko, ezinbesteko jotzen du hiztunen ohituretan eragitea eta beren aktibazioa bultzatzea eta babestea. Furundarenak estrategiko jotzen ditu euskal hiztunen borondatea eta protagonismoa.

rss Ezagutzera eman

Urte bete eta erdi daramazu Euzkadi Buru batzarrean. Zer deritzozu esperientzia politiko honi?

Oso positiboa izaten ari da, erronkaz eta arduraz betea. Hasieratik jakin nuen erronka handia izango zela, politika munduan aritu naizen lehen aldia izan ez arren, bai izan delako aberri mailako lehena, eta ilusio handiz eta nire onena emateko gogoarekin ekiten diot lanari.  EBBren barruan topatu dudana izan da Euskadirekin konpromiso sendoa hartu duten eta gure herriaren alde beren onena emateko prest dauden pertsonek osatutako talde bat.

Hezkuntza, Euskara, Kirola eta Kultura gaietarako burukide arduraduna zaren aldetik, zer egitasmotan ari zara gaur egun?

Lau alor hauen ardura eramatea egokitu zait eta oso zabalak dira. Horietako bakoitzean  badago bat komuna dena: harremanak. Arlo bakoitzeko kolektiboetako pertsonekin harremanak dira batik bat lehentasuna niretzat. Pertsona edo kolektibo horiek zer esaten duten entzutea, euren kezkak zeintzuk diren jakitea eta, ulertzea eta behar denean eta ahal den neurrian laguntzea edo laguntzen saiatzea. Bestalde, badira zenbait lan-talde gai desberdinak jorratzeko dagozkidan arloetan, oso lan interesgarri eta ona egiten baitugu horietan. Lan-taldeetako parte-hartzaile guztiei euren prestasun,ahalegin eta ekarpena eskertu nahi diet, lan eskerga egiten baitute.

Maiatzean hainbat greba egin ziren euskal eskola publikoan. Protesta horiek zentzuzkoak dira? Nondik etor daiteke gatazka konpontzeko irtenbidea?

Lehenengo eta behin esan nahi dut erabat errespetatzen dudala irakaskuntzako langile guztiek greba egiteko duten eskubidea, hau da, protesta egiteko eskubidea dute lan arloko hobekuntzak aldarrikatzeko. Argi dago dena hobetu daitekeela, baina ez nago ados sindikatuek greba horiek justifikatzeko orduan  eman dituzten arrazoiekin. Nik uste dut eskola publikoko irakasle profesionalen lan baldintzak onak direla, seguruenik hobetu ahal direla, esparru guztietako langileen lan baldintzekin gertatzen den moduan, baina era berean esan nahi dut gure hezkuntza sistemak irakasleria bikaina duela, profesional oso onak dira eta oso lan ona egiten dutela. Sindikatu hauek egiten dituzten aldarrikapenei dagokienez, gai batzuk lan arlokoak dira, hau da, soldata, lanaldi murriztua, ordezkapenak… Baina beste batzuk esparru pedagogikoak dira eta horrek harritu egiten nau, nire ustetan, arrakasta gutxirekin bada ere, HEZIBERRI 2020 erasotzen eta indargabetzen eta LOMCEren pare jartzen saiatzen ari direlako, nire ustetan zerikusirik ez duten arren. HEZIBERRI 2020 “geure” plan estrategikoa da, eta “geure” esaten dut eragile ezberdinen parte hartzearekin eginiko plana delako, hezkuntza denon ardurako zerbait delako.

Gatazkaren konponbidea nondik etorri ote daitekeen erantzuteko, uste dut konponbidea elkar ulertzeko benetako borondatetik etorri behar dela, hau da, adosteko eta negoziatzeko benetako borondatea, errespetuarekin, hurkoaren posizioak ulertuta eta behar den erantzukizun eta egiarekin.

Eusko Jaurlaritza Euskal Hezkuntza Lege berria egiten ari da. Zure ustetan zer urrats eman behar dira esparru honetan ari diren eragile guztien arteko akordio batetara iristeko?

Hezkuntzak denon ardura izan behar du, lehenago esan dudan moduan, eta guztion konpromisoa behar du bere hobekuntza eta bideragarritasuna eta denboran  dirauela bermatzeko. Argi izan behar duguna da zerumuga zein den, gure Hezkuntza nolakoa izatea nahi dugun, gure gazteak nola prestatuta egotea nahi dugun eta helburu horrekin eta arlo horretan lan egitea.  Zerumuga hori argi izanik, errealitate aldakor honetan oinarrituta, neurri egokiak abian jarriz, baliabideak bideratuz eta elkarrekin lan eginez erronka berriei egin ahal izango diegu aurre.

Beraz, akordioak protagonista guztiekin landu beharko dira sakontasunez: hezkuntza eragileekin, hezkuntza erkidegoarekin, alderdi politikoekin, hezkuntzako adituekin… eta Hezkuntza Sailaren lidergoarekin. Eta guztion laguntzarekin ahalik eta adostasunik zabalena izango duen akordioa lortzea oinarria izan dadin, oinarri sendoa, Hezkuntza Lege berria egiteko; euskal hezkuntza sistema arautuko duen Legea. 

Euskarak aurrerakada handia bizi du azken 30 urteotan, baina oraindik bide luzea geratzen zaigu. Zer bultzada behar dira aurrerapen hau geldi ez dadin?

Bai, diozun bezala euskarak imajinatu ere ezin zitekeen aurrerakada egin du azken hamarraldiotan, eta aurrerakada hori adostasun sozial eta politikoari, lege-babesari, hizkuntza politika eraginkorrei eta, batez ere, euskal gizartearen atxikimenduari esker izan da. Eta aurrerantzean ere horiek guztiak – adostasuna, elkarlana, politika eraginkorra eta nahia- ezinbestekoak izango dira aurrera egiteko. Diozun legez, asko baitago egiteko oraindik euskaren erabateko normalizaziora iristeko. Egiteko franko dago elebitasun orekatura iristeko. Ikuspegi horretatik abiatuta, euskararen sustapenaren eta hizkuntza bizikidetzaren eremuan datozen urteotan ezagutza bai, zeren maila bateko edo besteko hizkuntza gaitasuna behar baita erabiltzeko, baina, batez ere, erabilera da erronka. Euskarak gero eta hiztun gehiago izan ditzala, eta hiztun horiek gero eta leku gehiagotan, gero eta eginkizun gehiagotarako erabil dezatela euskara, esparru publikoan zein pribatuan erabil dezatela: hau da erronka. Euskal hiztunak izatea eta hiztun horien hizkuntza ohituretan aldaketa eragitea, aktibazioa sustatzea eta babestea giltzarri dira. Jendearen nahia, pertsonen protagonismoa, beraz, bistakoa da. Euskara hizkuntza bizia da gaur, eta geure esku dago gero eta biziago izan dadila. Erabili dezagun!

Azken aldi honetan “kultura-sorkuntza” terminoa ari gara non-nahi entzuten. Zer ulertzen du EAJ-PNVk “kultura-sorkuntza” horretaz hitz egitean?

Kultura eta Sorkuntza hitzen elkarketa kuriosoa da. Horrela ikusita kultur industrien eta sorkuntzari lotutako industrien ezkontza izan daitekeela dirudi, baina Kulturaren eta Sormenaren Alorra, kultur industrien eta industria sortzaileen esparrua baino zabalagoa da. Berrikuntza, zeharkakotasuna eta garapen ekonomikoa dute helburu, besteak beste. Gure Herrian, gurea bezalako egoera baten, nazioa eraikitzen ari garelarik, hizkuntza propio eta kultura berezi batetik abiatzen garelarik, kultur politikak garatzerakoan, kultur proiektuak baloratu eta sustatzerakoan hau guztia ikusten ere laguntzen duten “betaurreko bereziak” jantzi behar dira. Esan nahi dudana da gure literatura, zinema edo musika, esaterako,  estrategikoak direla naziotasunaren ikuspegitik eta estrategiko diren heinean lagunduak izan behar direla.

Gizartea gero eta sedentarioagoa da. Beharrezkoa da jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko jarraibideak ezartzea. Uste al duzu EAEko erakundeek praktika horiek behar bezala sustatzen eta bultzatzen dituztela sedentarismoa eta loditasun arazoak saihesteko?

Argi eta garbi dago gizarte modernoak, eta gurea modernoa da, gero eta sedentarioagoak direla. EAEn, Eusko Jaurlaritzak 2013an egin zuen osasun inkestaren arabera, biztanleriaren %31k ez du praktikatzen OMS erakundeak ezartzen duen gutxieneko ariketa fisikoa. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak aurreko legealdian  sailen arteko MUGIMENT plana jarri zuen abian euskal gizarte aktiboagoa sustatzeko eta sedentarismoa saihesteko. Plan horretan integratuta zeuden Kultura, Osasuna eta Gizarte Politika sailak.  Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien eta udalen aldetik lan egiten ari gara gizartea gero eta aktiboago izatera animatzeko sareak sortzen. Azken datu bat, Eusko Jaurlaritzaren kirol zuzendaritzak 2016an eginiko inkestaren arabera, jarduera fisikoari dagokionez, biztanleriaren %25,8k ez ditu OMS erakundeak ezarritako gutxienekoak betetzen, hau da, 3 urtetan gelditasun fisikoa %5 murriztea lortu da. Baina hobetzen jarraitu behar dugu.

 

Profila

Ana Esther Furundarena

Responsable del Área de Educación, Euskara, Deporte y Cultura,

Ana Esther Furundarena Olabarriaga Amorebieta-Etxanon jaio zen 1966ko maiatzaren 22an. Irakasle ikasketak egin zituen eta, ondoren, Proiektuen Zuzendaritza ikastaroa egin zuen. Lan munduan izan zuen lehen esperientzia Euskaltegi batean izan zen, baina bere lan ibilbidearen zatirik handiena Uztarri Fundazioan egin du. Kepa Iurrebasorekin ezkonduta dago eta alaba bi ditu, bata 21 urtekoa eta bestea 18 urtekoa. “Oso zorionekoak izan gara, oso neskatila onak eta formalak dira. Nagusiak Erizaintza ikasketak amaitu berri ditu eta gazteak Komunikazio ikasketak hasi ditu aurten” esan du Ana Estherrek.

Furundarena familia abertzalean jaio zen arren, etxekoak “ez ziren alderdikideak”. Barruko senak EAJ-PNVra eraman zuen. “Lagun asko nituen EGI erakundean eta Euskadirentzat nahi nuen etorkizuna lortzeko, Euzko Alderdi Jeltzalea biderik onena zela ikusi nuen. 1991an alderdikidetu nintzen. 1997an Amorebietako Uri Buru Batzarrean sartu nintzen eta handik eta bi urtera idazkari egin ninduten. 2001etik 2003ra bitartean Euskara zinegotzia izan nintzen Amorebieta-Etxanoko udalean eta gero uri Buru Batzarerra itzuli nintzen idazkari gisa (2007-2009). 2011 urtean Uri Buru Batzarreko Lehendakari izendatu ninduten. Lan hori 2013 urtera arte egin nuen eta aldi berean Bizkaiko Batzar Nagusietako foru ahaldun izan nintzen, eta kargu horretan jarraitzen dut orain ere. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko aholkulari lana egiten dut eta 2016 urtetik Aurrera Euzkadi Buru Batzarreko burukidea naiz” esan du.

Ana Estherrek irratia entzuteko zaletasun handia dauka “adikzio bat da” aitortu du. Irratiak ditu etxeko ia gela guztietan eta altxatzen denetik oheratzen den ordura arte entzuten ditu Onda Vasca, Radio Euskadi eta Euskadi Irratia. “Diala aldatzen dut, entzun nahi dudan saioaren arabera” azaldu du. Oso gustuko du lasaitasunez irakurtzea “ahal dela, nobelak”. “Lagun batek nobela beltzak idazten ditu eta halakoak irakurtzen hasi naiz, baina ez da gehien gustatzen zaidana. Nobela historikoa dut gustukoen. Asko gustatu zitzaidan eta berriro irakurri dut, zoragarri egin zitzaidalako, `Mareen printzea´ Pat Conroy-rena”. Euskara ikasten hasi denari Kirmen Uriberen ‘Bilbao Nueva York-Bilbao’ gomendatzen dio “erraz eta arin” irakurtzen delako. Gustukoen duen pelikula ´Tomate berde frijituak´ izenburukoa da eta esan digu `House of Cards´ seriea jarraitzen duela “ikaragarria dela esan behar dudan arren”. Musikari dagokionez, bere gogokoenak dira Bruce Springsteen, Maná, Ken Zazpi eta Gatibu. Telefonorik gabe erraz bizi litekeela uste du, oso baliagarria dela aitortu behar duen arren: “Gauzak errazten ditu, baina eskuko telefonoaren esklabo bihurtu gara” adierazi du.

Astebururako planik gozoena da etxean bazkaria antolatzea eta “betiko lagunak” gonbidatzea. Lagun berriak ditut baina zorionekoa naiz, Ikastolako lagunekin ere egoten naizelako. Eta niri gehien gustatzen zaidana da sukaldean aritzea, baina astiro, patxadaz. Oso ondo irteten zait buztana. Goiz osoan sukaldean ibili ondoren, dena ondo irten zaidala eta lagun artean pozik eta lasai egongo garela jakitea… planik onena da niretzat” esan du.

Furundarenak “gizarte hobea eraikitzearekin” amesten du eta alabak “ni bezain ondo edo ni baino hobeto bizi daitezela”. “ETAren zama ez dute izango, eta hori asko da, baina nik bai ezagutu dut eta gogoan daukat beti. Poztu egiten nau eurek zama hori eraman behar ez izatea. Alderdi horretan alaiago ikusten ditut, ez daukate kutsu ilun hori. Baina, horrekin batera, gurasoak bezala bizitzea nahiko nuke, edo, ahal bada, gu baino hobeto, eta benetan uste dut hazkunde hori lortzeko bidea Euzko Alderdi Jeltzalea dela”.

  • Ana Esther Furundarena: Hezkuntza
    2017/06/24

  • Ana Esther Furundarena: Euskara
    2017/06/24

Andoniren Bideobloga

Next Euskadi

  Agenda

2019/10/19 10:30

EAJ-PNVk Kongresu eta Senaturako Gipuzkoatik proposatuko dituen hautagaitzak aurkezteko ekitaldia.

Aitor Esteban, Joseba Egibar, Maribel Vaquero 

   Nautikoa. Donostia 

2019/10/20 09:30

Aitor Esteban, Diputatuen Kongresurako EAJ-PNVren hautagaiaren adierazpenak

   Nafarroa Oinez (Nekazal-elikadura Hiriko Negozio-gunea) 

2019/10/22 09:00

Elkarrizketa. Andoni Ortuzar

   Antena 3. Espejo Público 

YouTube

Twitter

Facebook

Flickr

Elkarrizketak - Gure Burukideak
PDE-EDP
ADIERAZPENA
Europa: Krisialditik Itxaropen Berri baterantz. 
Berrantolatzeko garaia.
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA