Xabier Barandiaran izango da Ataungo EAJ-PNVren alkategaia datozen udal hauteskundeetan

Zerrenda aurkeztearekin batera, EAJ-PNVk pauso berri bat ematen du herriaren garapena eta ongizatea bultzatzeko konpromisoan. Soziologoa eta unibertsitate irakaslea, Xabier Barandiaranek “ilusioz eta arduraz” hartu du Atauni “bultzada bat eman eta herria sendotzeko” erronka

Xabier Barandiaran izango da Ataungo EAJ-PNVren alkategaia datozen udal hauteskundeetan 28Martxoa 28 |
Berria

PARTEKATU

Ataungo EAJ-PNVk zerrenda aurkeztuko du datozen udal hauteskundeetan eta Xabier Barandiaran soziologo eta unibertsitate irakasle ataundarra izango da alkategaia.  Hala erabaki dute herriko alderdikideek aho batez, atzo egindako batzarrean. 1969an jaioa, ezkondua eta bi alaben aita, Zientzia Politikoetan lizentziatua eta Soziologian doktorea da Barandiaran. Unibertsitatean, ikerkuntzan eta herrigintzan lan eta kudeaketan eskarmentu handiko gizona, Markel Olano diputatu nagusiaren kabinete burua izan da bi legealditan (2007-2011 eta 2015-2019), beste hainbat ardura eta lanen artean.

Herrian duten partaidetza aktiboari bultzada berri bat eman asmoz, Ataungo EAJ-PNVko kideek datorren legealdirako hautagai zerrenda aurkeztea erabaki dute. Azken aldiz EAJ-PNVk 1991n aurkeztu zuen zerrenda Ataungo udal hauteskundeetan, ordutik alderdikideek hainbat hautagaitza independenteetan parte hartu badute ere. Beraz, EAJ-PNVk Ataungo herriarekin duen konpromisoan aurrerapauso bat eman du, herriaren garapen eta ongizatean bere ekarpena egiten jarraitu asmoz.

Orain urratsak ematen jarraituko du Ataungo EAJ-PNVk, Xabier Barandiaranek alboan izango duen lantaldea osatu eta herriko etorkizuneko erronkei erantzuna emango dien programa bat lantzea hain zuzen ere. Xabier Barandiaranek adieraz duenez, “ilusioz eta arduraz” ekiten dio alderdikideek egin dioten proposamenari eta “lanean buru-belarri” aritzeko konpromisoa azaldu du, “Atauni beharrezkoa duen bultzada emateko” eta “herria sendotzeko”.

Interesatu Zaitez