Urkulluk ohartarazi du euskal ekonomia eta industria ez daudela "abentura, esperimentu edo burutazioetarako"

Lehendakariak Arrasaten azpimarratu du "Industriako BPGaren %25a lortzeko" erronka, bere Jaurlaritzaren konpromiso sozialarekin bateragarria den helburua,hain zuzen, aurten 2012 urtean baino 200 milioi gehiago bideratuko baititu Osasun, Hezkuntza eta Gizarte Babeserako
Urkulluk ohartarazi du euskal ekonomia eta industria ez daudela IKUSI BIDEOA
14 Iraila | Gipuzkoa

“Gure ilusioa da aurrera egiten jarraitzea. Haztea, enplegu gehiago eta kalitate hobekoa sortzea. Epe luzerako estrategia dugu, seriotasun osoz planteatua, helburu zehatzekin, erantzukizunez geureganatu ditugun neurriekin. Argi eta ozen esango dut: euskal ekonomia ez dago abenturetarako, ez dago esperientzia eta burutazioetarako. Denbora luzea eta esfortzu handia behar izan dugu atzeraldia atzean uzteko eta hazten hasteko. Oraingo erronka da industriako BPGaren %25ra iristea . Hona hemen Euzko Alderdi Jeltzalearen konpromisoa. Euskal industriaren sinonimo dira enplegu egonkorra eta kalitatea. Euskal industria gazteentzako aukeren sinonimoa da. Euzko Alderdi Jeltzaleak Euskadirentzako Estrategia industriala eskaintzen du. Hazkunde jasangarria eta iraunkorra. Giza hazkundea. Hazkunde adimenduna. Euskadi etorkizunera begira dago" .

Horixe izan da Iñigo Urkullu Lehendakari eta berraukeratua izateko aurkezten den hautagaiak Arrasateko Sebero Altube plazara hurbildu diren EAJ-PNVren alderdikide eta alderdizale ugariei helarazi nahi izan dien mezua. Han egin du talde jeltzaleak gaurko ekitaldi politikoa eta Lehendakariaren ondoan hizlari izan dira Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidente eta Gipuzkoako zerrendaburua eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailburu eta Gipuzkoako zerrendako hirugarrena .

Euskadiko eskualderik industrialenetakoa den honetan, Urkulluk baieztatu du EAJ-PNVk Euskadirentzat Estrategia industriala duela "berrikuntza eta nazioarteratzea bultzatzeko, egitasmo bultzatzaileak finantzatzeko eta sektore gainerakorrak babesteko. Industria osasuntsuak ekonomia osasuntsua esan nahi du. Gure eredua Europako iparraldeko herrialdeetako eredua da: industria indartsua, langabezia baxua eta kalitatezko enpleguak berrikuntzari eta prestakuntzari esker. Gure erreferentea iparraldea da, eta egonkortasuna eta sendotasuna behar ditugu hazten segitzeko. Horregatik eskatzen dugu botoa Euskadiren Gobernu egonkor eta indartsua eratzeko. Inbertsio produktiboarekin konpromisoa izango duen Gobernua, konpromisoa ekonomia errealarekin eta enpleguarekin. Euzko Alderdi Jeltzaleak egonkortasuna eta hazkundea eskaintzen ditu. Euskal ekonomia eta industria ez daude abentura eta esperimentuetarako" adierazi du .

Industriaren alde eta inolako baldintzarik ezarri gabe egiten den apustu irmo hau erabat bateragarria da EAJ-PNVk, Urkulluren Jaurlaritzak eta euskal herritar gehienek partekatzen duten ideario sozialarekin. "Mundua jaio berria dela uste dutenei, argi eta ozen esaten diegu Euskadik, euskal gizarteak, urteak daramatzala,egintzen bidez, gizarte solidarioa dela erakusten. Krisiagatik zailtasunak izan ditugu, baina euskal babes sistema lehenetsi dugu" esan du Lehendakariak, eta bere baieztapena datuekin eta ekintzekin abalatu du. " 2012 urtean 6.300 milioi euro bideratu ziren Osasun, Hezkuntza eta Gizarte babeserako; aurten 6500 bideratuko dira. Oinarrizko gauzetan, konpromiso sozialean, Euskadik dagokiona egiten du, esana betetzen du" esan du Urkulluk .

Gipuzkoako zerrendaburuak, Joseba Egibarrek, hitzaldiaren zati bat erabili du ezker abertzalearen inkoherentzia agerian uzteko, horrek “euskal gatazka” delakoari erantzuteko aldebakartasuna planteatzen duenean, hainbat hamarkadatan zehar ETA eta Estatuaren arteko aldebikotasuna defendatzen aritu ondoren.

Egibarrek aipatu egin du ezker abertzaleak Lehendakariaren aldebiko estrategian parte hartzeko aldartea, beti ere Madrilen euskal proposamena onartu ondoren aldebakartasunaren alde egingo balu.

“Nor eta ezker abertzalea aldebakarreko bidearen alde egiten eta guri zer egin behar dugun esaten”, esan du, eta gogoratu die “norbaitek aldebiko estrategiaren apologia egin badu, hori ezker abertzalea izan dela, baina bere aldebikotasuna ETA eta Estatua negoziatzen jartzea zen, aurrez aurre; eta horren aurrean, guri “ohorea” -kakotx artean- eskaintzen ziguten: eurek negoziatu ahal izateko bidea garbitzekoa”, “eta, orain, aldebakarreko bidera pasatu”,  gaineratu du.

“Hiru baino gehiago, lau hamarkadako atzerapena”, leporatu die. “Estrategia politiko-militarrarak eremu moralean, etikoan edo giza eskubideetakoan utzitako ondorioez gain, gure herriaren nazio-eraikuntza ere baldintzatu eta atzeratu du”, ohartu du. “Nola kalkulatu behar da hainbat hamarkadaz estrategia okerrean aritu izanak herri honi eta abertzaletasunari eragindako atzerapen estrategikoa? Nola baloratzen da hori, orain presak sartzeko”, planteatu du.

Presen arrazoia “iragana ahalik eta azkarren estaltzea” dela adierazi ondoren, gaineratu du “gaizki amaituta edo amaitzeke dagoena ondo itxi beharra” dagoela. Izan ere, “badira laster bost urte eta oraindik ez dago ETA desarmatzeko planik. Are gehiago, ezker abertzaleak ez dauka ezta bere presoentzako planik ere”.

Kontestu horretan, Urkulluren Jaurlaritzaren proposamenak, bai desarmatzerakoak, bai espetxe-politika berrirakoak, goraipatu egin ditu, “eta horri ezetz esaten diote”. “Eurek dute horren ardura eta besterenezina da”.

“Guk esperientzia dugu nazio-eraikuntzan eta badakigu urtetan, hamarkadetan lortutakoa eta zein den gure helburua, badakigu pausuz pausu Herri hone Estatu egiturak ematen dizkiogula, nazio honek Estatu propioa izateko eskubidea duelako”, amaitu du.

Bestalde, Arantxa Tapiak industria izan du hizpide. Industriaren hainbat sektoretan sufritu diren krisiak gogora ekarri du eta lan sakona eginez sektore oso berezietan gauzak bideratu egin direla esan du.

“Erakundeetatik herriak bisitatu ditugu, kalean ibili gara. Enpresa asko bisitatu ditugu. Ehunka langilerekin elkartu gara, eta guretzat “langileak” enpresarekin konprometituta dauden pertsonak dira, enpresariak, enpresa-komiteak, zuzendaritza karguak; ikerlariak” esanez bukatu du Tapiak.

 

PARTEKATU