Urkullu Lehendakariak Euskadi Basque Country Egunaren lehen edizioa inauguratu du

Iñigo Urkullu Lehendakariak “Abangoardia maite duen antzinako herria” jardunaldia inaguratu du, honekin Euskadi Basque Country Eguna-ren lehenengo edizioa ospatu da, Euskadi-Basque Country herrialde marka bultzatzeko urteko jardunaldia
Urkullu Lehendakariak Euskadi Basque Country Egunaren lehen edizioa inauguratu du
19 Ekaina | Eusko Jaurlaritza

“Euskadi Basque Country Eguna” jardunaldia Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak sustatu du, eta Euskadi-Basque Country herrialde-marka garatzen laguntzen duten erakunde, agente (ekonomiko, kultural, akademiko edo sozial) eta pertsonei zuzenduta dago. Baita nazioarteko agenda garatzen duten pertsonei edota nazioartekotze prozesua hasteko aurreikuspena duten pertsonei ere. Jardunaldiaren helburua bikoitza da: Euskadi marka sustatzea, horren inguruko ahaleginak batzea, eta gure mugetatik kanpo dauden pertsona eta erakundeen esperientzia azpimarragarriak partekatzea.

Bere jardunean Lehendakaria bat etorri da benetako euskal errealitatea, plurala, anitza, irekia eta abegikorra, munduan ezagutzera eman eta sustatzeko asmoarekin. “Aurrera jarraitzea da gure erabaki irmoa, konpromisotik, adostasunetik eta elkarlanetik abiatuta, jakin baitakigu elkarrekin lan egitea dela aukera bakarra gure Herrialdea ezagutzera emateko eta erakargarriago bihurtzeko”, gaineratu du.

Nazioartekotzeko eta kanpora irekitzeko ahalmena ezagutzen duen eta ahalmen hori bizi eta horretan sinesten duen Herrialde gisa definitu du Euskadi Lehendakariak. Hala, adierazi duenez, orain aurrerapauso bat gehiago eman dugu Euskadi Basque Country markaren erabilera zabaltzera eramaten gaituen bidean. Lehendakariak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua da euskal gizarteak partekatutako balioak, besteak beste, ahaleginaren kultura, konpromisoa, gainditzeko gaitasuna, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna eta justizia soziala, Euskadiren irudiarekin lotzen laguntzea eta “nazioartean aurkezteko gure nortasun-agiria izatea”.

Lehendakariak iragarri duenez, datorren urtetik aurrera, Egun honen esparruan, “Euskadi Basque Country Lagunak” sariak emango dira: Euskadi Basque Country irudia kanpoan indartzen laguntzeagatik nabarmentzen diren pertsona fisikoei edo juridikoei ematen zaien saria.

“Euskadi Basque Country Eguna”, nolanahi ere, nazioartekotzearen arloko ardatzak eta ildoak zehazten dituen Nazioartekotzeko Esparru Estrategia 2020: Basque Country Estrategiaren barruan aurreikusitako ekintzetako bat da. 

Bizkaia Aretoan ospatu den ekitaldian izan dira honako sailburu hauek: Josu Erkoreka, Arantxa Tapia, Iñaki Arriola, Nekane Murga, Sonia Pérez, Bingen Zupiria, Cristina Uriarte eta Mª Jesús San José; eta  Marian Elorza Kanpo Harremanetarako Idazkaritzako arduraduna eta jardunaldiaren sustatzailea. Baita Bakartxo Tejeria Parlamentuko lehendakaria, Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Foru Diputatua, Juan Mª Aburto Bilboko Alkatea eta Gorka Urtaran Gasteizko Alkatea.

Iturria: Irekia

PARTEKATU