Urkullu Irunen: “herri izan nahi dugu, herri gisa egin eta erabaki nahi dugu Europako egitasmo batean, egitasmo ireki eta mugarik gabean”

Lehendakariak apaltasuna eskaini dio euskal hiritargoari “emandako hitza betetzeko”; sentiberatasuna, krisitik irteteko orduan “inor atzean ez uzteko”; eta lana “langabezia %10etik jaisteko”
Urkullu Irunen: “herri izan nahi dugu, herri gisa egin eta erabaki nahi dugu Europako egitasmo batean, egitasmo ireki eta mugarik gabean” IKUSI BIDEOA
16 Iraila | Gipuzkoa

“Euskadi bezain herri txiki batek bere esparru propioa dauka nazioarteko eszenatokian, esparru hori betetzen baldin badaki. Hori lortzeko bidea ez da inolako formula zaharkitutan oinarritzen, ezta ameskerietan ,ezta konsigna sinpletan ere. Herri izan nahi dugu, herri gisa egin eta erabaki nahi dugu europar proiektua partekatzeko, proiektu irekia eta mugarik gabea. Borondate politikoa eta ekintzak behar ditugu. Ekintzen bidez jardutea eta ez hitz hutsen bidez. Nazio gisa nazioarte mailako aitortza izango dugu, gauzak ondo egiteko gai bagara”. Iñigo Urkulluk, Lehendakari eta berraukeratua izateko aurkezten den EAJ-PNVren Lehendakarigaiak mezu honekin ireki du talde jeltzaleak gaur arratsaldean, Irunen egin duen ekitaldi politikoa. Sustrai europazale sakonak dituen mezua, XX mendearen erdialdetik talde jeltzalearen DNAren parte den sentsibilitatea, hain zuzen. Gipuzko Buru Batzarraren presidente Joseba Egibarrek eta Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburu eta EAJren Gipuzkoako hirugarren Arantxa Tapiak ere hitz egin diete gaur arratsaldean Irungo Zabaltza Enparantzan elkartu diren herritarrei.

Urkulluk baieztatu duenez Euskadi, ekintzen bidez, nazioarte mailan aitortua izateko urratsak ematen hasia da. “Horren adibideak ditugu. Nazioarteko kongresu batek Euskadiko Lanbide Heziketa Dualaren eredua aztertu du; espezializazio adimendunerako ‘RIS 3’ estrategian aurrera egitea lortu dugu, ikerkuntza eta teknologia alorrean lehen mailan egoteko; eta Nazio Batuen Erakundeak Praktika Onak aitortu dizkigu gure Gobernuak Gardentasun alorrean eta Hezkuntza praktika inklusiboetan burututako lanengatik. Hori da ekintzen bidez hitz egitea, mundu mailan aitortuak izan gaitezen Osasun, Hezkuntza edo Gizarte Babes alorrean, Ingurumenean edo Berdintasun esparruan garatzen ditugun politikengatik. Euskal eredu gisa izan gara aitortuak kudeaketan, krisitik irteteko orduan eta “ basque industry 4.0” politika industrialagatik. Herri errespetatua izan gara, Europan nazioarte mailan ahots propioa izan nahi duten herrientzako alternatibak aurkeztu ditugulako. Munduan toki propioa izatea bilatzen duen euskal gizartearen nazioarteratzea babestu dugu. Hori da Euskadi-Basque Country Estrategiaren funtsa” esan du hautagai jeltzaleak.

Lehendakariak era berean baieztatu du azken lau urteotan harro sentitu izan dela “nazioarteko erakundeetara joan eta Herri hau ordezkatu behar izan dudanean. Hunkitu egin nau Euskadiko Lehendakaria izatea. Herri txikia eta baliabide murritzekin, baina esfortzu partekatuarekin eta eredu propioari esker aurrera egiten lortu duena. Egintzekin, eta ez hitz hutsekin. Hunkitu egiten nau, etorkizunean pentsatuz, munduaren aurrean indarkeria behin betiko atzean utzi duen eta bizikidetzari ekiten dion Herria aurkeztean; krisi ekonomikoa gainditzeko gai den Herria, konpromisoduna eta solidarioa, desberdintasunak gainditzeko lana egiten duena. Munduan dagokigun tokia hartzeko eta aurrera egiteko errezetarik onena moldatzea da. Bidea ez da biktimismoa edo nork bere zilborrari begiratzen geratzea” . Horregatik, hautagai jeltzaleak bertaratu guztiei agindu die “apaltasunez, sentiberatasunez eta lan handia eginez” jardungo duela. Hori da gure herriaren Egoerak eskatzen diguna. Hori da euskal gizarteak eskatzen diguna. Apaltasuna, gizartearen aurrean daukagun onenarekin aurkezteko: hitza. Sentiberatasuna Euskadiko gizarte babeserako eredua finkatzeko, egunez egun Hezkuntza eta Osasun zerbitzuen kalitatea eta arreta hobetzeko, inor atzean ez uzteko. Eta lana, lan handia, enplegu gehiago eta kalitate hobekoa lortzeko, partekatzen dugun erronka hau lortzeko: langabezia %10etik jaisteko eta 20.000 gazteri beren lehen lan esperientzia eskaintzeko. Apaltasun, sentiberatasun eta lan egiteko konpromiso horrekin aurkezten gara euskal gizartearen aurrean”.

GBBko presidentea, Joseba Egibar, EAJk bere programan jasotako estatus juridiko-politiko berriaz jardun da. 

Kanadako Gorte Gorenak ezarri arren Quebecek, konstituzioaren arabera, ez daukala sezesio-eskubiderik, badu eskubidea herritarrei galdera argia egiteko; eta nabarmendu du emaitzak Quebec eta Kanadaren arteko harreman politikoa osorik edo zati batean aldatzea ekarriko balu, Kanada behartuta legokeela -Konstituzioak behartuta- kontsultaren nondik norakoak eta ondorioak negoziatzera, Quebeceko herritarrek libre eta demokratikoki erabakitakoa aintzat hartuz eta legeetan islatuz. “Hori da, eta ez beste ezer, 2004ko Estatutu Politiko ezagunak dakarrena. Hori da Eusko Legebiltzarrak onartu eta Gorte Orokorrek baztertutakoa”, nabarmendu du.

Puntu horretan, ukaziorako arrazoia azaldu du: “Espainiak ez ditu errealitate nazionalak onartu nahi espainiar Estatua deritzon egitura politikoa. Baina nazio horiek existitu egiten dira; ez da egia Konstituzioan jasota ez dagoena existitzen ez denik” -Idoia Mendiak dion bezala-, ohartarazi du. “Existitzen da”, azpimarratu du, “eta printzipio demokratikoak eskatzen du legeak egokitzea herritarrek -gure kasuan, euskaldunek- libre eta demokratikoki erabakitakoaren arabera. Hori da estatus berriaren ardatzetako bat”, gaineratu du.

“Erabakitzeko eskubidea behar dugu herri gisa aitortu gaitzaten eta euskal herritarrengan -jeikitzen direnetik oheratzen diranerarte, jaiotzen direnetik hiltzen diren arte- eragina duten politika publiko guztiak garatu ditzagun”, azaldu du. “Politika eta eskumen horiek guztiak estatus berrian jaso behar dira”, erantsi du.

“Jakin badakigu partekatutako subiranotasunen munduan bizi garela, baina partekatu ahal izateko zeurea izan beharra daukazu”, esan du, “bestela ez dago inongo jokorik”. “Subiranotasuna -erabatekoa zein baldintzatua- ona baldin bada Alemaniarentzat, Espainiarentzat edo Luxenburgorentzat, zein da euskaldun eta katalanentzat txarra dela ondorioztatzeko hiruko erregela?”, galdetu du. “Gure etorkizunaz erabaki  eta erabaki horien ardura hartu nahi dugu”, gogoratu du.

Horrez gainera, zerrendaburu jeltzaleak Gipuzkoako EHBilduko hautagaiaz ere jardun da. “Bere autodefinizioan dio ez dela ezker abertzalekoa, Ibarretxeri botoa eman ziola eta Lehendakariari lagunduko diola euskaldunon interesen defentsan Madrilera doan bakoitzean. Ba argi dago: ez baldin bazara ezker abertzalekoa, Ibarretxeri botoa eman bazenion eta Urkullu Lehendakariari lagunduko badiozu, eman botoa zuzenean EAJri”, amaitu du. 

Arantxa Tapiak, bere aldetik, aldebiko harremana aldarrikatu du, eta ez Euskadi-Madrilen artean soilik, baizik eta Euskadi eta Europaren artean ere. Adibide gisa jarri du altzairuaren krisia “Bruselan, altzairuaren sektorearen defentsan bakarrik utzi gaituzte, Ministerioak utzikeriaz jokatu eta desagertuta ibili da, gaur egun ez da ezta existitu ere egiten”. “Soria Ministroari jakinarazi nion: altzairuaren goi mailako gailurrera ez bazoaz, ni joango naiz”, eta horrela egin genuen. “Bruselara joan, bileran sartu eta gure ahotsa entzun zuten”.

Hautagai jeltzaleak baieztatu duenez “Bitartekorik gabe, munduan ibiltzeko nahikoak gara. Euskaraz, frantsesez, ingelesez, alemanez eta beharrezkoa izanez gero, txineraz ere moldatzen den taldea osatzen dugu”. Zentzu berean, euskararen aldeko mezua utzi du Tapiak, “hirueledun izateko, lehengo elebidun izan behar dugula” azpimarratuz. Tapiak EH Bildu ekarri du gogora Ikerketa eta Garapenari EAJak bultzatutako gobernu baten eskutik ekin zitzaiola esatean, “Bilduren inguruan dabiltzanak Euskadirentzat batere eraikitzaileak ez ziren bestelako entretenimendu mota batzuk zituzten bitartean”. Halaber, sailburuak Urkulluren kudeaketari orain arte eman izan zaion emaitza hobetu du: duela egun batzuk 9,5a merezi bazuen, atzoko debatearen ondoren, argi dago Ohorezko Matrikula merezi duela.

PARTEKATU