Urdulizko batzokian eginiko erasoa eta EAJ-PNVren kontrako irainak gaitzetsi ditu BBBk

Bizkaiko jeltzaleen egoitzetan izandako 33 erasoek agerian uzten dute ekintza onartezin eta justifikaezinen gorakada kezkagarria eman dela
Urdulizko batzokian eginiko erasoa eta EAJ-PNVren kontrako irainak gaitzetsi ditu BBBk
07 Ekaina | BBB

Bizkai Buru Batzarrak gaitzetsi nahi du Urdulizko batzokiak atzo sufritu zuen erasoa. Ezezagun batzuek egoitza jeltzalean sartzeko horman EAJ-PNVri ‘hiltzaile’ deitzen dioten mezua eta Patxi Ruiz ETAko presoa egarri eta gose greban dagoela gogoratzeko idatziak egin zituzten, talde jeltzaleak egoera horrekin zerikusirik izango balu bezala. Pintada horietan PSOE eta Podemosen kontra ere egiten da, ‘hiltzaileak’ direla deitoratuz. BBBk exijitu egiten du berehala halako jarduera onartezinak egiteari uztea, irtenbideak eskaini beharrean, Bizkaiko eta Euskadiko biztanleria gehienak amesten duen elkarbizitza oztopatu baino egiten ez dutelako. Halako mehatxuak beti eta une oro dira onartezinak, bereziki 2020an, euskal gizarteak atzean utzi dituelako, duela hainbat urte, halako adierazpen eta jarrerak.

Orobat, BBBk askatasunaren eta demokraziaren kontrako eraso hauen egileei eskatzen die, berriz ere, jarduera horiek egiteari utz diezaiotela eta Euskadiko alderdi politiko guztiei , eta oso bereziki EH Bilduri, eskatzen die gaitzespen honekin bat egitea. EH Bilduri exijitzen diogu publikoki eta argi eta garbi eraso hauetatik aldentzea, gerta litekeelako egunotan Euskadiko kaleetan entzun diren oihu eta kontsignen egileek (marra gorri guztiak gainditzen dituztenak, guk honezkero gainditutzat jotzen genituenak) uztailaren 12an, hautestokietan, beren koalizio abertzalearen identifikazioak erakustea. Horregatik, EH Bildu da praktika horietatik, kontsigna eta sabotaje mafioso horietatik aldentzeko interesik handiena izan beharko lukeena.

Atzo Urdulizen gauzatutako erasoarekin, 33 dira azken hilabetean Bizkaian zenbatu diren sabotajeak. Erasoak jasan dituzten beste egoitzak ondorengoak izan dira: Usansolo, Lezama, Kastrexana, Lemoiz, Arrigorriaga, Larrabetzu, Artea, Areatza, Bilbo Zaharra, Deusto (hirutan), Arrankudiaga, Sabindarrak (birritan), Begoña, Erandio Goikoa, Ariz (Basauri), Durango, Abadiño, San Miguel (Basauri), Gurutzeta (Barakaldo), Gernika, Errepelega (Portugalete), Mungia, Algorta, Getxo Zaharra, Berango, Igorre eta Portugalete. Beraz, esan liteke garaiz eta tokiz kanpo egoteaz gain guztiz ulertezinak diren era horretako jardueren gorakada eman dela.

PARTEKATU