Sukarrieta, Bermeo eta Busturiako batzokietan eginiko pintadak gaitzetsi ditu Bizkai Buru Batzarrak

EAJ-PNVren herrialde exekutibak esan du halako jarduerak guztiz onartezinak direla eta egileei berriro exijitu die halakoak egiteari berehala utz diezaiotela, azken asteotan nabarmen biderkatu direla gogoratuz
Sukarrieta, Bermeo eta Busturiako batzokietan eginiko pintadak gaitzetsi ditu Bizkai Buru Batzarrak
29 Urtarrila | BBB

Bizkai Buru Batzarrak erabat salatu eta gaitzetsi ditu hainbat pertsonek azken ordu hauetan Sukarrieta, Bermeo eta Busturiako batzokietako fatxadetan egin dituzten pintadak. Azken hauek gehitu zaizkie aurreko asteburuan zehar Iurretan, Portugaleten, Areatzan eta Zeanurin eginikoei, edo iragan astean Bilbo Zaharra, Errekalde, Basauri, Markina-Xemein eta Lekeitioko egoitzetan eginikoei. Oraingo honetan, presoen aldeko adierazpenak idatzi dituzte, besteak beste “Amnistia osoa” eta “Oier gudari goguen betiko”. Bereziki larria da bat, “PNV hiltzaile” adierazpena irakurtzen delarik. Halako mehatxuak beti eta une oro dira onartezinak, bereziki 2019an, euskal gizarteak atzean utzi dituelako, duela hainbat urte, halako adierazpen eta jarrerak. Horregatik, Bizkai Buru Batzarrak eraso horien egileei eskatzen die era horretako jarduerak egiteari berehala utz diezaiotela, konponbideak eskaini beharrean, euskal gizartearen gehiengo nagusi batek amesten duen normaltasuna eragotzi baino ez dutelako egiten.

Demokrazia, presoen eskubideak eta beste edozein kontu politiko aldarrikatzea zilegi den arren, ez dugu horren zilegi jotzen alderdi politikoen egoitzetan pintadak eginaz eta antzeko ekintza antidemokratikoen bidez egitea. Hauxe da krispazioa eta gatazka elikatzeaz arduratzen diren horiek eginiko jarduera; elkarbizitzaren bidea egin nahi ez dutenena; minutu bakar batez pentsatzeko denbora hartzen ez dutenena eta erreklamazio bat beste batekin nahasten dutenena, aurka egiteko eta beldurra eragiteko helburuak gidatuta. Halakoak baldin badira ahoz defendatzen duten kausaren alde egiten dituzten ekarpenak, mesede eskasa egiten diote. Konponbidea bilatzeko modu bakarra da bakoitzak dagokion lana egitea eta dagokion erakunde eta tokian lan egitea, eta ez inoren eraikinetako fatxada eta leihoetan pintadak egitea.

Halako erasoek erakusten duten gauza bakarra da koldarren antzera anonimotasunaz baliatzen diren pertsona hauei bide luzea geratzen zaiela aspaldiko partez elkar errespetatuta bizitzea erabaki zuen herriarekin bakean bizitzen ikasteko. Hau ez da iraganeko egintzak berreskuratzeko garaia; bereziki bide hori erabat zaharkituta geratu delako eta halako adierazpenek gizarte honek nahi dituen elkartasuna eta bakea eragozten dituelako.

PARTEKATU