Santander-Bilbao trenbide linea hobetzeko neurriak hartzea eskatu dio Euskal Taldeak Espainiako gobernuari

Kontrol bilkuran Garraio, Mugikortasun eta Hiriko Agenda ministro andreari gai honetaz galdetu ondoren, jeltzaleek Legez Besteko Proposamena aurkeztu dute osokoan eztabaidatzeko
Santander-Bilbao trenbide linea hobetzeko neurriak hartzea eskatu dio Euskal Taldeak Espainiako gobernuari
22 Urria | Kongresua

Kongresuko Euskal Taldeak Legez Besteko proposamen bat aurkeztu du gaur Kongresuko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Legez besteko proposamenaren bidez Espainiako gobernuari erreklamatzen zaio neurri multzo bat abian jartzea, Santander-Bilbao trenbide linearen zerbitzua hobetzeko.

Erregistratu den ekimenean jasotzen diren zioen azalpenaren arabera, Santander eta Bilbao hiriak lotzen dituen tren-zerbitzua 1896an inauguratu zen eta gaur egun Karrantza eta Bilbo arteko bidea egiteko behar ditu 71tik 81ra minutu inguru, hau da, 1910ean bide hori egiteko behar zuen denbora berbera. Azpiegitura honek, Bizkaian, Enkarterrietako landa inguruak zeharkatzen dituenak, Euskal Taldearen ekimenaren arabera “hobekuntza batzuk behar ditu garraio publiko honen erabiltzaileei gutxieneko baldintza batzuk eman ahal izateko”. Jeltzaleek era berean erreklamatu dute zerbitzu honen erabilgarritasuna hobetzea, tren zerbitzu hau “garraio nagusia” baita Alonsotegi, Güeñes, Karrantza eta Zallan.

Legez besteko Proposamenean jasotzen denaren arabera, EAJ-PNVk Espainiako gobernuari eskatzen dio maiztasunen kopurua handitzeko eta bidaia-aldiak hobetzeko ahalegina egin dezala; horri lotuta, Sánchez Ministro andreak hemendik eta 2025era bitartean linea honetan inbertituko diren 85 milioi euroak zertan erabiliko ziren zehaztea; bideetako azpiegiturak egokitzeko lanak abian jar ditzala; hobekuntza horietan bukatu gabe dauden zatien elektrifikazioa amai dezala; edo zerbitzuko eta mantentze lanetako langile-taldea, eta begiratzaileen edo geltokietako langileen kopurua handi dezala.

Iragan uztailaren 28an Aitor Esteban Sabin Etxean batzartu zen Santander-Bilbao Trenaren Defentsarako Plataformako ordezkariekin. Topaketa honen ondorioz, Iñigo Barandiaran diputatuak galdera bat aurkeztu zuen Kongresuko Osokoan, irailaren 29ko kontrol bilkuran, eta galdera haren bidez Raquel Sánchez Garraio, Mugikortasun eta Hiriko Agenda ministro andreari azaldu zion azpiegitura honen gaur egungo egoera “tamalgarria”. Oraingo honetan, Euskal Taldeak Legez Besteko Proposamena erregistratu du osoko bilkuran eztabaidatzeko. Proposamenaren testua ondorengo estekan kontsulta daiteke: https://kongresua.eaj-pnv.eus/eu/agiriak/20260/proposicion-no-de-ley-linea-ferroviaria-santander-

PARTEKATU