Prentsa Aretoa

Berriak

2018/03/11

Ortuzarrek Mexikora eginiko bisitaren balantzea egin du: “Harreman politiko eta ekonomikoak bermatuta daude etorkizunerako”

Mexikoko alderdikideekin eginiko bilerak amaiera jarri dio Euzkadi Buru Batzarreko buru eta EAD-PDEko presidenteordeak Ipar Amerikako nazio hartara egin duen bidaiari

rss Ezagutzera eman
Ortuzarrek Mexikora eginiko bisitaren balantzea egin du: “Harreman politiko eta ekonomikoak bermatuta daude etorkizunerako”

ARGAZKIA JAITSI

Oharra: Bileren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Mexikora egin dugun bidaiak herrialde honekin harreman politiko eta ekonomikoak etorkizunera begira finkatzen eta bermatzen lagundu digu”. Hori da Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek herrialde aztekara talde jeltzaleko buru gisa eta Europako Alderdi Demokratako presidenteorde gisa egin duen bidaiaren balantzea. “Mexikoko ordezkariek, politikoek zein ekonomikoek, Europarekin eta Euskadirekin harremanak finkatzeko eta sendotzeko borondatea erakutsi dute, Donald Trumpen politika mugatzaileek lankidetza esparru berriak bilatzera irtetera animatzen dituzten une honetan”, baieztatu du Ortuzarrek. EBBko presidenteak eta Kanpo Harremanetarako burukide arduradun Mikel Burzakok bart gauean hasi zuten Euskadira bueltatzeko bidaia, eta gaur arratsaldeko lehen orduan iritsiko dira. Bihar, biak izango dira EBBk astelehenero egin ohi duen bileran.

Ortuzarrek eta Burzakok Mexikora egin duten bisita hau herrialde hartako panorama politikoan oso egoera berezia bizi duten momentuan egin da, hiru hilabete iraungo dituen eta uztailaren 1eko hauteskundeetan amaituko den kanpaina luzea hastear dagoela. Egun hartan aukeratuko da Errepublikako presidentea eta ganbera legegile nagusiak, Gobernazio guztien heren bat eta herrialdeko alkatetza ia guztiak berriztatuko dira. Guztira 3.500 kargu instituzional aukeratuko dituzte 85 milioi hauteslek, orain arte sekula eman ez den egoera batean.

“Mexikoko panorama politikoa inoiz baino irekiago dago eta gure misioa oso une egokian heldu da, Presidentziarako hautagaiak kanpainan aurkeztuko dituzten proposamen politikoak prestatzen ari zirelako. Horrek ahalbidetu digu beren asmoak lehen eskutik ezagutzea eta beren agendetan Europako gaia eta AEBrekiko alde biko harremanak sartzea eta, bide batez, EAJren lankidetza eskaintzea hurrengo legealdiak hartuko dituen sei urteetarako”, baieztatu du Ortuzarrek. Jeltzaleen buruak era berean aitortu du Mexikon gaur egun ematen den egoera politikoaren konplexutasunak eta hauteskundeetako emaitzen inguruan ematen den ziurgabetasun giroak harritu dutela, hau da, hainbat alderdi krisi politikoan murgilduta daudela, koalizio berriekin, hautagai beteranoak berrien kontra aurkezten direlarik eta aldaketa politikoa datorrenaren sentsazio indartsuarekin. “Horregatik izan da hain garrantzitsua hauteskundeetan aurkeztuko diren alderdi nagusiekin aurretiaz egoteko aukera izatea eta beraiekin harremanetan jarri izana”, azpimarratu du jeltzaleen buruak. Ortuzar oso pozik dago alderdi guztiek egin dioten harrerarekin eta etorkizun hurbilean harremanak sendotzeko erakutsi duten jarrerarekin.

EBBko presidentea egunotan batzartu da Andrés Manuel López Obrador, Morena (Movimiento Regeneración Nacional) alderdiko presidente eta inkesta guztien arabera U-1eko hauteskunde presidentzialetarako hautagai nagusiarekin; Damian Zepeda, PAN (Partido de Acción Nacional) alderdiko presidentearekin; Mikel Arriola, PRI (Partido Revolucionario Institucional) alderdiko presidente eta Mexiko Hiriko Gobernu buru izatera heldu nahi duen euskal jatorriko mexikarrarekin; eta Margarita Zavala Mexikoko presidente izandakoaren emazte eta hautagaitza independentearekin Mexikoko Presidentziarako aurkezten den hautagaiarekin. “Denek balioetsi dute gure Alderdiak euskal politikan daukan zentralitatea eta Espainiako estatuan eta Europako Batasunean denekin hitz egiteko daukagun gaitasun handia”, azpimarratu du Ortuzarrek. EAJ-PNVren eta Europak eskaintzen dien aukeraren ikuskera berbera daukate Mexikoko enpresariek, zeinekin EBBko presidentea iragan ostegunean batzartu zen. “Mexikoko esportazio guztien %80a AEBra bideratzen delarik Trumpek Mexikoko produktuei atea itxiko dienaren beldurrez dauden egoera honetan, guk Europako Batasunari begiratzera animatu ditugu merkatu gisa eta inbertsioetarako toki gisa irudikatzeko. Eta, logikoa denez, Euskadiz hitz egin diegu eta Europara sartzeko aterik onena dela esan diegu”, azaldu du jeltzaleen buruak.

Euskaldunen kolonia, eraldaketa prozesuan

Ortuzarrek eta Burzakok Mexikon egin duten egonaldiak ere lagundu du herrialde horretan bizi den diaspora handiarekin harremanak eta kontaktuak indartzen eta finkatzen. Egoitza Mexikon duten euskal enpresa handiekin bilera; Las Vizcaínas 250 urteko historiarekin Mexikoko hezkuntza erakunde laikorik zaharrenera eginiko bisita; Euskal Etxean eman duen hitzaldia; eta Mexikon bizi diren EAJ-PNVko alderdikideekin eginiko bilera izan dira lurralde aztekan euskaltasunak daukan indarra neurtzeko egin diren aktibitateak. “Esan dezakegu jatorri euskalduneko erakundeak oso osasuntsu daudela Mexikon. Euskaditik eramandako enpresak bere geografia osoan hedatuta egoteak, euskal sukaldaritza eskaintzen dutenak hiriburuko jatetxe onenen artean izateak eta Euskadiko milaka gazte hemen lan egitera etorri izanak euskaldunok Mexikon daukagun presentzia berriztatu eta berrindartu dute. Euskadik Mexikon dituen sustraiak oso sakonak dira, Las Vizcaínas Ikastetxetik pasiatzean ikusi ahal izan dugunez. Konkista alditik hasita, ondorengo independentzia garaian eta Guda Zibilaren ondoren erbesteratuta iritzi zirenekin, herrialde honetan betidanik egon da euskal ordezkaritza handia. Oraingo honetan, azentua ekonomiak eta industriak jartzen dute baina euskaldunen aztarna indartsu dago Mexikon” amaitu du Ortuzarrek.

Alderdi Eguna 2018
Jarrai ezazu Gurekin
Next Euskadi

  Agenda

2018/09/25 11:00

Itxaso Atutxa

   Bilboko Herri Irratia 

YouTube

Twitter

Facebook

Flickr

Andoniren Bideobloga

Elkarrizketak - Gure Burukideak
PDE-EDP
ADIERAZPENA
Europa: Krisialditik Itxaropen Berri baterantz. 
Berrantolatzeko garaia.
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA