Ortuzarrek gogoratu du EAJ-PNVk bere bidea duela: “Lehenbizi euskal herritarren arteko akordioa eta, gero, espainiar estatuarekin eta EBarekin akordioa”

Zarautzeko ohiko ekitaldian, EBBko presidenteak berriz esan du bere alderdiak soilik parte hartuko duela Konstituzioaren erreforman “euskal aberriaren izatea defenda dadin eta subjektu politiko moduan aitortuak izan gaitezen”
Ortuzarrek gogoratu du EAJ-PNVk bere bidea duela: “Lehenbizi euskal herritarren arteko akordioa eta, gero, espainiar estatuarekin eta EBarekin akordioa” IKUSI BIDEOA
28 Abuztua | EBB

Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidentea den Andoni Ortuzarrek gogoratu du gaur EAJ-PNV alderdiak bere bidea duela Euskadiren etorkizunari dagokionez. “Bide irekia da, lehenbizi euskal herritarren arteko akordioa bilatuko duena eta, gero, espainiar estatuarekin eta Europar Batasunarekin akordioa. Proiektuak lurrean finkatuta ditu oinak, eta Herri honen errealitatea jasotzen du. Izan ere, Herri honek oraindik kontu batzuk gainditu behar ditu: bakea eta bizikidetza, esaterako. Herri honek enplegua sortzen jarraitu behar du, Aberria askea izateko gizon eta emakume askeak eduki behar dituelako. Herri honek, gainera, baikortasunez begira dezake Ekialderantz; Nafarroarantz, alegia. Badakigu zer daukagun esku artean. Badakigu bidea zaila izango dela, zailtasunak egongo direla; baina indar guztiekin saiatuko gara. Astiro, baina etengabe lan eginez”, hitz horiek esan ditu buru jeltzaleak, urte politikoari hasiera emateko EAJ-PNV alderdiak Zarautzen egin duen ohiko ekitaldi politikoan. Mitinean honakoek ere parte hartu dute: Joseba Egibar, Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, eta Xabier Txurruka, Zarautzeko alkatea. Eta han izan dira baita ere, EBBko burkideak, Eusko Legebiltzarreko presidente andrea, Bakartxo Tejeria; Gipuzkoa eta Bizkaiko ahaldun nagusiak, Markel Olano eta Unai Rementeria, hurrenez hurren; Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente andrea, Eider Mendoza; Arabako diputatu nagusiordea, Pilar García de Salazar; Donostiako eta Gasteizko alkateak, Eneko Goia eta Gorka Urtaran; Eusko Jaurlaritzako Josu Erkoreka, Arantxa Tapia y Jon Darpón sailburuak, eta EAJ-PNV alderdiko kargu publiko eta barruko kargu asko. Eguerdian, Zarautzen bertan, Euzkadi Buru Batzarrak urte politikoko lehenengo bilera egin du. 

Ortuzarrek bertan zeuden guztiak zoriondu ditu, EAJ-PNV alderdiak maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan lortu dituen emaitza bikainengatik. “Pixka bat zorabiatzen du horrenbeste ardura izateak, baina herritarrek horrela nahi izan dute. Hauteskundeen gauean esan genuen arrakasta ez zitzaigula burura igoko. Aitzitik, etapa berriari apaltasunez, zerbitzu emateko bokazioarekin eta erantzukizun handiarekin ekin behar diogula esan genuen. Xabier, Markel, Eneko eta hautatu berri zareten beste kargu guztioi: zorionak, baina ekin lanari. Herritarrek aukeratu zaituztete, baina orain dator zailena. Gogoratu Alderdiaren 120. urteurrena Gernikan ospatu genuenean hartutako konpromiso handia: Euskal Aberriarekin daukagun konpromisoa, balio demokratikoekin daukagun konpromisoa, eta jendearekin, euskal gizartearekin, daukagun konpromisoa. Guk gainditu behar dugu ezker abertzaleak hemen, Gipuzkoan, gainditu ez duen proba: herritarren proba. Proba hori egunerokoa da. Lan eginez, zintzotasunez, hitz eginez, parte hartuz eta apaltasunez gainditu behar da”.

Ondoren, Ortuzarrek indartu egin du duela bi hilabete Gernikan ezarritako jarrera: EAJ-PNV alderdiak Konstituzioa aldatzeko prozesu batean parte hartzeari buruzkoa. “Adimena irekita eduki beharrean, aurreiritzirik gabeko prozesua hasi beharrean, batzuk eta besteak hasi dira dagoeneko esaten zertarako ez den Konstituzioa aldatu behar. Aldaketak egiteko modu bitxia da hori, hitz egiten hasi baino lehen mugak jartzea. Ez dute inola ere hitz egin nahi, Konstituzioa, gero eta argiagoa den aukera batera zabaltzeaz: espainiar estatuan nazio desberdinak daudelaz; horiek aitortu eta errespetatzeaz gainera eskubide politikodun subjektuak direla onartu behar delaz. Ez dute hitz egin nahi bitarikotasunari buruz, berdinen arteko harremanari buruz; nahiz eta harreman hori egon beharko zen, adibidez, estatuko Administrazioaren eta Euskadiren artean. Ez dute hitz egin nahi Herri gisa gure etorkizuna erabakitzeko daukagun eskubidea aitortzeari buruz. PPk ez du nahi, baina itxuraz PSOEk ere ez, azken alderdi honek Gipuzkoan duen idazkariari jaramon egiten badiogu behintzat. Eta baldintza horiekin, benetan pentsatzen dute EAJ Konstituzioaren mahaian eseriko dela? Jai dute ba. Guk dagoeneko aurreratu dugu nola egin beharko liratekeen gauzak. Prozesu hau osasungarria izan dadin, hau da, arazoak konpontzeko bidea izan dadin eta ez arazoak larriagotzekoa; ezin da gai taburik egon. Ezin dute pentsatu haiek nahi dituzten gaiez bakarrik hitz egingo denik; ezin digute bestoi galarazi gure legezko jarrerak defendatzen. Gauza bat argi izan behar dute: EAJ prest dago Konstituzioaren erreforma batean parte hartzeko. Ez diogu beldurrik. Baina han egongo bagara, euskal aberriaren izatea defendatzeko eta subjektu politiko moduan aitortzeko izango da. Bitarikotasuna, erabakitzeko eskubidea eta euskal autogobernuaren berezitasuna defendatuko ditugu. Ez gara izango harrizko gonbidatuak, horrela gauzak berdin edo txarrago geldituko lirateke eta”.

Amaitzeko, EBBko presidenteak mezu argia helarazi nahi izan die kide jeltzale guztiei eta euskal herritarrei: Asko dago jokoan Euskadirentzat itxuraz abenduan egingo diren hauteskunde orokorretan. “Urte politiko oso interesgarria eta garrantzitsua hasi dugu gaur. Gauza asko gertatuko dira. Gauza asko gertatu beharko liratekeela esango nuke nik. Eta hor egon behar gara, gertatzen dena ona izan dadin Euskadirentzat; ona izan dadin Euskal Aberriarentzat, eta ona izan dadin euskal herritar guztientzat. Euskadik EAJ sendoa behar du; Madrilen, Bruselan eta Washingtonen egon eta eragina izango duena. Hori izan behar da gure lana. Euskal Talde sendoa lortu behar dugu, gure autogobernua defendatzeko".

Egibarrek bi helburu finkatu ditu garai berrirako

“Garai berriaren helburuak honako hauek dira: bakea sendotzea eta herri honen erabakitzeko eskubidea gauzatzea”, azaldu du GBBko presidenteak, Joseba Egibarrek, bere hitzaldian. Bakearen sendotzeari buruz,  Egibarrek azpimarratu du “ezin dela orria pasatu, esanez indarkeria bukatu dela eta etorkizunean ez dela giza eskubideen urreketarik izango”. Zentzu horretan, azaldu du “guztion artean utzi behar diegula datozen belaunaldiei gizarte berri bat, giza guztien errespetuan oinarritua”. “Eta ez da lan erraza, denbora eta konstantzia behar da”, gaineratu du.

Erabakitzeko eskubideari dagokionez, GBBko presidenteak defendatu du “gure nazioa eraikitzeko eskubidea dugula euskal orubean”. Eta zehaztu du autodeterminazio eskubidea “gugan eragina duten  kontu guztiei buruz herri gisa erabakitzea dela; eta hau ez da lortzen egun batetik bestera”.

Gogoratu duen bezala, iraganean jendea kalera ateratzen zen espainiako gobernu ezberdinek eskal eskumenak eta Kontzertu Ekonomikoa eztabaidatzen zutenean. Baina, orain, -ohartarazi du-“zerbait gertatzen ari da, autodeterminaziorako eskubidea eskatzen dugun honetan, gure autogobernua erasotzen dutelako, eta, horren aurrean, Auzitegi Konstituzionalean errekurtsoa aurkezteaz gain, ez al dago erantzunik? ez eta herri ekimenik ere?”. Jarraian, nabarmendu du hor dagoela, hain zuzen ere, gure hurrengo erronka: “Herri hau, bere osotasunean, altxa behar da inork ez digulako ezer ere ez oparituko”. 

“Estatus berri bat nahi badugu, erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi badugu, herri hau abiarazi behar dugu”, azpimarratu du. Izan ere, “inor ez du geurea guk geuk baino hobeto defendatuko”. “Eskubidea daukagu gure Herria euskal orubean eraikitzeko. Eta hori ez zaigu politikari espainiarren eskutik etorriko, ez eta PSOE, PP eta Podemosen eskutik”, ohartarazi du. “Geure autogobernua defendatu behar dugu eta hurrengo pausua prestatu. Hori baita geure etorkizuna bermatzeko bidea”, ondorioztatu du.

PARTEKATU