Ortuzarrek esan du EAJ-PNV Madrilen “konplexurik gabe” negoziatzeko prest dagoela Euskadiko interesak “ororen gainetik” jarriz

EBBko presidenteak urtero, Sukarrietan, Sabino Aranaren hilobian egin den lore eskaintzan, bere poza adierazi du Ezker Abertzalekoek “orain” Agirre Lehendakaria aldarrikatu dutelako, haien aitzindariek “ benetako gudarien zilegitasun historikoarekin” apurtu ondoren.
27 Azaroa | Berria

“Ematen du negoziatzeko denbora aproposak datozela. Konplexurik gabe egingo dugu. Euskadi eta Euskadiko interesak ororen gainetik jarriko ditugu. Argi izan neurtzeko erabiliko dugun neurri bakarra gizarte honen ongizatea izango dela, gure nazio eraikuntzaren aurrerapena. Gu, Euskadi defendatzera, Euskadi hazi araztera, Euskadiren alde lan egitera, nahi dugun Euskadiren alde ekitera eta adostera; eta hori behar den tokian egingo dugu, hemen, Madrilen edo Bruselan” . Hitz horiekin  azaldu du Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak, Euskadin eta Espainian hauteskunde  aldia amaitutakoan hasiko den aldi politikoa ,Euskadiko eta Estatuko gobernuak  behin eratu ondoren. “Prudenteak edo pragmatikoak izateak, errealitateari begiratzeak, ez du esan nahi helburuak begi bistatik galduko ditugunik; edo, zer garen edo nor garen ahaztuko dugunik.  Alderdi hau kontzientziak eta borondateak mugiarazteko tresna izateko  sortu zen”, esan du Ortuzarrek. “Egunero gogoratzen dugu hori. Horregatik, urtero, azaroaren amaieran, Ander Deuna egunaren inguruan, Sabino Arana Maisua datzan lekura etorri ohi gara, berak ikusi ez zituen loreak ekartzera. Bere legatuaren fruituak dira. Aberria galtzeko bidean zegoen berak Herriaren kontzientziak iratzarri zituenean. Aberri horrek bere bizitasuna eta bere indarra erakusten du gaur egun. Ez da inolako ameskeria. Erakunde politiko gisa bizitasuna ematen digun lana da” esan du jeltzaleen buruak gaur, Sukarrietan, EAJ-PNVren fundatzailearen heriotzaren 113. urteurrena gogoratzeko egin den ekitaldian. Ortuzarrekin batera, bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Eusko Jaurlaritzako sailburuak Josu Erkoreka, Arantxa Tapia, Jon Darpón,Estefanía Beltrán de Heredia y Cristina Uriarte eta Euzkadi Buru Batzarra osatzen duten burukideak. 1.000 pertsona inguruk parte hartu dute 10:30ean Sabino Aranaren  hilobi aurrean egin den lore eskaintzarekin hasi den ekitaldian. Ondoren, 11:00etan, meza egin da eta ospakizunari amaiera eman zaio 12:00etan Ortuzar hizlari izan duen ekitaldi politikoarekin.

EBBko presidenteak gaur egun euskaldun gazte eta nagusiok bizi dugun Euskadiren balioa azpimarratu nahi izan du. Gero eta ongizate maila handiagoa duen herria. Eraikuntza prozesuan aurrera egiten ari den nazioa. “Gaur egungo Euskadi hau bizi duten euskal emakume eta gizon gazteok ez dakite edo, behar bada, ez dute baloratzen  etxe hau adreiluz adreilu eraiki zela. Gaur daukaguna ahalegin eta ekimenaren bidez lortu dugula. Euskara eta euskal kultura berreskuratu ditugu, kalitatezko gizarte zerbitzuak ditugu, gaur egun bizi dugun garapena eta ongizatea ahalegin eta borrokaren bidez eraiki dugu. Batzuetan, bertoko herritarrekin batera ekinez, guk nahi genuen Aberri berbera defendatzen zutela aldarrikatzen zutenekin. Batzuek `dena ala ezer ez´  aldarrikatuaz eta maximalismoan instalatuta  jardun politikoa eta errealitate printzipioa uztartzeko modua kritikatu ziguten. `Traidore´ esan ziguten, `aberria saldu genuela´ esan zuten. Erradikaltasunean instalatu ziren haiek eta, kasurik txarrenean, indarkeria beren helburua justifikatzeko bitarteko gisa  erabili zuten, eta XXI. lehen laurden honetara hamarkada batzuk beranduago heldu dira. Eta gaur egun konformismoa aurpegiratu arren edo `marmotaren egunean bizi garela´ esan arren, inora ez doazen jauziak proposatu arren, azkenean, orduz kanpo bada ere, herri honek  naziogintzan eta eraikuntza sozialean aurera egin duela aitortuko dute”.

Euskadik azken hamarkada hauetan bizi duen aurrerapena, Ortuzarren esanetan, azken hamarkada hauetan Agirren Lehendakariaren  bidetik joan diren emakume eta gizonen ahaleginari esker izan da. “Lehengo egunean, Eusko Legebiltzarrean, esker abertzaleak Agirre Lehendakariaren figura aldarrikatu zuen. Albiste ona da. Gu erasotzen saiatzeko egin arren, albiste ona da. Lehendakariak egin zuen lan eskergarekin bidejabeki jokatu zuten oraingo Ezker Abertzalearen aintzindariek; benetako gudarien zilegitasun historikoa apurtu zuten Herri honi mina, odola, eta hondamendia ekarri duen erakundea sortzeko. Ongi etorria izan dadila esker abertzalea Agirre Lehendakariaren legatua aldarrikatzera, nahiz eta berrogeita hamar urte geroago izan. Baina, kontuz, ez dezatela zalantzarik izan. Agirre lehendakaria gure artean egon izan balitz, asteazkenean EAJren eserlekuetan eseriko zen,  gure ondoan, Urkullu Lehendakaria txalokatuko zuen eta gaur Maisua omentzen egongo zen. EAJ ereduaren defendatzaile sutsua izango litzateke Euskadiren askatasuna lortzeko ahalegin honetan” baieztatu du jeltzaleen buruak.

Euskadik aurrera egiten du ongizate ekonomikoan eta sozialean, baina baita nazio eraikuntzan ere. Alderdi hori argi eta garbi uztera dedikatu du Ortuzarrek bere diskurtsoaren zati handia. “Nafarroan, historia demokratiko modernoan lehen aldiz, aldaketa gobernua eratu da, eta orain arte euskaldunen sentimendua isolatzeko zegoen joera apurtu du. Nafarroako Foru Erkidegoak aldaketa historikoa bizi du eta  egoera hori indartu eta finkatu beharko da, errealitate horrek atzera bueltarik izan ez dezan. Iparraldeko lurraldeetan ere momentu historikoa bizi dute, laster erakunde administratibo berria izango dutelako Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroako euskaldunak hartuko dituena . Eta hemen, Euskal Autonomi Erkidegoan, gure ordezkariak aukeratu ditugu eta Urkullu Lehendakariak legealdi berria hasi du gure nazio egitasmoa hazi arazteko eta indartzeko helburuarekin. Gure autogobernua eguneratzeko helburua jarri dugu, tresna berriak eraikiko ditugu  gure herria gero eta askeagoa izan dadin, errespetuarekin, nortasun guztiak aitortuta, bizikidetza berezi horretarako behar diren bermeekin. Estatus berriarekin, euskal hiritargoak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea izan dezan. Aurrera egin nahi dugu eta norabide zuzenean egingo dugu”

EBBko presidenteak Urkullu Lehendakariaren hitzak erabili ditu  (“ Alderdi hau ez da egin ezin diren  pentsamendutan edo ezinezko gauzetan eroriko”) eta Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentearen aldarrikapena ekarri du gogora (“Alderdi honek ez du,sekula ere, Herri hau irtenbiderik gabeko inongo bidera eramango”). EAJ- PNV gaur egungo jardun politikoaren zati handi batean nagusi diren populismo eta demagogiaren antipodetan kokatzeko. “Alderdi honek ez du aginduko zeruak konkistatuko dituela edo igo ezin diren gailurretara iritsiko dela.  Ez.  Guk etorkizuna egunez egun irabazteko lana egingo dugu, pausoz pauso. Gure lan politikoa errealitatean eta erantzukizun pintzipioan oinarrituta dago” bermatu du.

PARTEKATU