Ortuzarrek “aniztasunean batuta” dagoen europar proiektua aldarrikatu du Parisen, errealitate nazionalak aitortu eta horiei ahotsa emango diena

Europako Mugimenduaren Espainiako Kontseilu Federalaren (CFEME) sorreraren 75. urteurrenean, EBBren presidenteak Albares ministroari eskatu dio Europako erakundeetan "euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasunaren" alde lan egiten jarraitzea, eta gogorarazi du, Memoria Demokratikoaren Legea aplikatuz, EAJ-PNVk Avenue Marceauko eraikina itzultzea aldarrikatzen duela, bertan egin baita ekitaldia, gaur egun Cervantes Institutuaren egoitza hartzen duen tokian

Ortuzarrek “aniztasunean batuta” dagoen europar proiektua aldarrikatu du Parisen, errealitate nazionalak aitortu eta horiei ahotsa emango diena 09Otsaila 09 |
Berria

PARTEKATU

Barne mehatxuak ugari diren arren eta barneko arazoak urri ez direlarik “Europak jarraitzen du izaten merezi duen proiektu arrakastatsua, bizitzeko tokirik onena, askatasun mailarik handienarekin, demokraziarik zabalenarekin, Giza Eskubideekiko errespeturik handienarekin, ekitate eta justizia sozialik handienarekin. Europak goiburu bat dauka guretzat, herri txikientzat, oso ederra dena, eta hori da “Aniztasunean batuta”: ‘Batuta’ Europar Batasunaren aldekoak garelako baina baita `aniztasunetik´ ere, estatuko errealitateak ez ezik nazio errealitateak ere aintzatetsiz, hauen artean euskal nazioa, kataluniarra, flandiarra edo eskoziarra, guk ere Europan asko eraiki dezakegulako eta ekarpen handiak egin ditzakegulako”. Hitz horiek laburbiltzen dute Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek gaur eguerdian, Parisen, Europako Mugimenduaren Espainiako Kontseilu Federalaren (CFEME) sorreraren 75. urteurrena ospatzeko egin den ekitaldian, sorrera horretan talde jeltzaleak ere parte hartu baitzuen. Topaketa egin da Parisen, Avenue Marceauko eraikinean. Eraikin hori urteak daramatza talde jeltzaleak erreklamatzen. Gaur Cervantes Institutuaren egoitza hartzen du eta duela 75 urte CFEMEren sorrera hartu zuen. Kanpo Gaietarako espainiar ministro José Manuel Albares eta Europako Mugimenduaren presidente Francisco Aldecoa. Jeltzaleen ordezkari gisa ere izan dira Euzkadi Buru Batzarraren idazkaria, Mireia Zarate; EuroBasqueko presidente eta eusko legebiltzarkidea den Irune Zuluaga; eta Getxoko alkatea, Amaia Agirre.

Ortuzarrek , hasteko, euskaraz eman die ongi etorria bertaratu guztiei. “Egun on eta ongi etorriak gure etxera. Ongi etorriak gure etxea den egoitza honetara”, esan du, EAJren alderdikideak izan baitziren Avenue Marceauko eraikina erosi zutenak, erbestaldiko Euzko Jaurlaritzak bertan izan baitzuen egoitza Guda Zibil garaian eta guda bukatutakoan. Jarraian eta giro adeitsuan, Ortuzarrek Albares ministroari ziurtatu dio bere asmoa ez dela “aldarrikatzaile” izatea, baina bai adierazi du konfiantza duela eta espero duela “Memoria Demokratikoaren Legea aplikatuz gai honetarako konponbide egoki eta zuzena bilatzen jakin dezagun”. Halaber, buru abertzaleak Albares bertan izan dela aprobetxatu du “Espainiako gobernuak dagoeneko bereganatu duen zeregin horretan jarraitzera animatzeko katalanera, galegoa eta euskara Europako hizkuntzatzat hartuak izan daitezen, bai eta lan egiteko hizkuntza ere“ Europako erakundeetan.

Ortuzarrek ziurtatu du zailtasunen gainetik ere Europakoa “istorio arrakastatsua” dela “Agirre Lehendakariak, Indalecio Prietok, Javier Landaburuk, Pi i Sunyerrek edo Salvador de Madariagak gaur behatxulo batetik ikusi ahal izango bagintuzte, azken 75 urte hauetako ikuspegiarekin esango lukete: Gure ametsik onenetan ere ez genuen pentsatuko orain gauden tokian egongo ginela”. EBBren buruak, hori bai, aitortu du Batasunaren proiektuak gaur egun momentu “arriskutsua” bizi duela. “Bi gerra bidegabe ditugu, bata oso hurbil eta bestea oso presente; potentzia batzuk ditugu zeinei Europak enbarazu egiten baitie, eta Europa eraman nahi dute bigarren maila batetara; munduko gaurko ‘realpolitik’ ez da duela 50 edo 60 urtekoa; eta barruko arazoak ditugu, suminaldi populistak eskuinean eta ezkerrean, immigrazioaren erronka eta Europa gotorlekutzat jotzearen edo ate irekien Europatzat hartzearen artekoa, eta, bestetik, gure lidergoen anbizio falta”, esan du. Baina mezu positiboa luzatu nahi izan du “Europak jarraitzen du izaten proiektu arrakastatsua, esfortzua merezi duena. Eta hori da gaur hona ekarri nahi izan dudan izpiritua: jarrai dezagun Europa hobe eta sendoagoa bultzatzen, Europak jarraitzen duelako izaten bizitzeko tokirik onena, non askatasunik handiena eta demokrazia zabalena baitago, non Giza Eskubideak errespetatzen baitira, non ekitate eta justizia sozialik handiena ematen baita. Eta hau hala izaten jarraitzea lortu behar dugu, mundu osora zabaltzen jarraituz, behar bada iraganean izan genuen harrokeria kolonialista gutxiagorekin eta era kooperatiboago batean, etorkizunerako giltza baita hori”.

Ortuzarrek ondorengoarekin eman dio amaiera bere hitzaldiari: “Niretzat bereziki hunkigarria eta sinbolikoa da hemen Agirretar bat eta Landaburutar bat ikustea, duela 75 urte gertatu bezala, eta metafora ederra ere baita, eta honekin amaituko dut. Hemen izan ziren Agirre Lehendakaria eta Francisco Javier Landaburu. Biak hil ziren beraiek landu zuten guztiaren emaitzak ikusi gabe, baina gaur hemen ditugu Amaia Agirre, Agirre Lehendakariaren iloba, aitaitaren bidea eginez Getxoko alkate delarik; eta hemen da ere Eneko Landaburu, Europaren eraikuntzan dena izan dena eta izaten jarraitzen duena eta, gainera, Euskadik izan zuen lehen ameslari europazalearen semea ere. Zorionez, Euskadin, asko eta askoren goiburua da oraindik ‘Zenbat eta Europa gehiago, orduan eta hobeto guztiontzat’”.

Interesatu Zaitez