Prentsa Aretoa

Berriak

2018/03/09

Ortuzar López Obrador Mexikoko Presidentziarako hautagai nagusiarekin eta PANeko presidente Damián Zepedarekin batzartu da

EBBko presidenteak oso ondo balioetsi ditu Mexikon egoitza duten euskal enpresetako ordezkariekin eta Europan inbertitzeko interesa erakutsi duten Mexikoko enpresariekin izandako bilerak

rss Ezagutzera eman
Ortuzar López Obrador Mexikoko Presidentziarako hautagai nagusiarekin eta PANeko presidente Damián Zepedarekin batzartu da

ARGAZKIA JAITSI

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea atzo arratsaldean batzartu zen Andrés Manuel López Obrador Morena (Movimiento Regeneración Nacional) alderdiko presidentea izateaz gain uztailaren 1eko hauteskundeetan Mexikoko Presidenterako hautagai nagusia denarekin. Goizean, Ortuzar eta Kanpo Ekintza gaietarako burukide arduradun Mikel Burzako PAN (Partido Acción Nacional) alderdiko Damián Zepedarekin elkartu ziren. Batzar hauekin itxi du ordezkaritza jeltzaleak Mexikora egin duen bisita ofizialean hauteskundeetan aurkeztuko diren lau alderdi nagusiekin batzartzeko eraman duen egitaraua. Iragan asteartean, Ortuzar eta Burzako batzartu ziren Mikel Arriolarekin, PRI (Partido Revolucionario Institucional) alderditik Mexiko hiriko Gobernuburua izateko aurkeztuko den hautagaiarekin, eta asteazkenean Margarita Zavala Presidenterako hautagai independentearekin batzartu ziren. Zavalari azken inkestek ematen diote %10 tik gorako boto aurreikuspena.

López Obradorrekin bi orduko tarte batez batzartu ziren ordezkari jeltzaleak hautagaiaren beraren etxebizitza partikularrean. Morenako presidenteak adeitasunez eskertu nahi izan du EAJ-PNVko presidentea Mexikora egin duen bisita. “López Obrador birritan aurkeztu da Presidentziara PDE (Partido de la Revolución Democrática) alderdiarekin eta kontatu digu hasiera batean oposizioa egiteko mugimendua sortu zuela eta talde horrekin irabazi nahi duela orain Mexiko eraldatzeko eta demokratizatzeko” esan du Ortuzarrek Facebookeko orrialdean idatzi duen kronikan (www.facebook.com/andoniortuzar).

Ordu batzuk lehenago, jeltzaleen burua eta Burzako PANeko presidente Damián Zepedarekin batzartu ziren alderdi kontserbadorearen egoitzan. PAN alderdia uztailaren 1eko hauteskundeetan aurkeztuko da PDR ezkerreko alderdiarekin koalizioan. “Zepedak azaldu zigun koalizio hau osatzea erabaki dutela, Mexikon, bigarren hautespen aldia egiten ez denez, aurretiaz koalizioak egin behar direlako irabazteko aukera gehiago izan nahi badituzu”, azaldu du Ortuzarrek. “Beren helburua da hauteskunde horien ondoren lehen tokian aukeratuak badira koalizioa horri eustea eta bi alderdik osatutako Gobernua eratzea, Mexikon gauza berria izango litzatekeen zerbait”, gaineratu du. Topaketa baten eta bestearen artean, Jeltzaleen burua eta Burzako Euskal Etxera hurbildu ziren hainbat euskaldunekin elkartzeko eta Athletic Club eta el Marsellako Olympique taldeak jokatu zuten Europa Leagueko partida elkarrekin ikusteko.

Asteazkenean, Ortuzar eta Burzako Margarita Zavalarekin batzartu ziren, Mexikoko presidente izandakoaren emaztearekin. Zavala Presidenterako hautagai independenteetako bat da milioi bat firma bat jaso ondoren. “Segurtasuna eta ustelkeriaren kontrako borroka izango dira bere kanpainaren ardatz nagusiak” azaldu du Burzakok. “Berak esan du jabetzen dela López Obradorrekin, Morenako presidentea eta inkesten arabera lehena denarekin eta PRI eta PANeko hautagaiekin alderatuta nahiko maila baxuagoan dagoela.Dena dela, hasierako desabantaila hori txikiagotzea espero du sareetan lan handia eginaz eta hiritarrekin harreman zuzena izanaz”.

Egun berean, Ortuzarrek eta Burzakok Mexikon egoitza duten euskal enpresetako ordezkariekin gosaldu zuten. “Oro har, denak nahiko pozik daude herrialde honetan daukaten egoerarekin eta irekitzen zaizkien aurreikuspen ekonomikoekin. Iparraldetik datozkien eta `Trump tornadoarekin´ mehatxatzen duten hodei beltz horiekin ere (Merkataritza Libreko Hitzarmena apurtzeko arriskua eta zerga-muga berriak Mexikoko produktuentzat), ekonomia azteka hazten ari da eta bereziki Euskadiko enpresak espezializatuta dauden sektoreetan: automozioa, energia, aeronautika, industriarentzako zerbitzuak eta informazio teknologien zerbitzuak”, azaldu du Ortuzarrek. “ Euskadiko enpresariek eta enpresa buruek era berean azaldu zizkiguten biziki kezkatzen dituzten hainbat gai: alde batetik,segurtasunik eza eta,bestetik, ustelkeria”. Arratsaldeko bilera Europan inbertitzeko interesa erakutsi duten Mexikoko enpresariekin egin zuten. “Pedro Luis Ugarteren eta Pepe Madariaga 1991 urtetik bere herrialdearen eta Euskadiren arteko zubiak eraikitzen lagundu duen Mexikoko enpresari eta finantzarioaren eskutik oso bazkari interesgarria izan genuen eta Euskadiko eta Mexikoko ekonomiei buruz eta elkarrekin hainbat gauza egiteko aukerei buruz hitz egin genuen. “Atzerrira irteten zarenean eta gure erregimen fiskala azaltzen hasten zarenean, inoiz baino argiago ikusten duzu Ekonomia Itunak zer nolako garrantzia daukan. Harrituta geratu ziren gure ahalmenarekin eta jarduera ekonomikoaren eta administrazioen artean dagoen hurbiltasunarekin. Hemen daukagun egonkortasun politikoa ere balioetsi zuten. Mexikoraino ere iritsi ziren EAJ eta Euskadi Espainiako estatuan une honetan bizi den panorama politiko nahasian egiten ari diren lanari buruzko albisteak. Ea horietako asko Euskadira etortzen diren eta gure herrian lanpostu ugari sortzera animatzen diren!”, adierazi du EBBko buruak.

Gaur, ostirala, Ortuzarrek eta Burzakok goizean Colegio de las Vizcaínas izeneko Ikastetxea bisitatzeko asmoa dute, 1767an Mexikon bizi ziren euskaldunek sortutako ikastetxea, berrikitan bere sorreraren 250. urteurrena ospatu duena. Arratsaldez, Ortuzar eta Burzako Mexiko DFko Euskal Etxean izango dira, azken hilabeteotan ere bere sorreraren 110. urteurrena ospatu duelarik. Euskal diasporarekin egingo den topaketa hunkigarri honetan, Ortuzarrek hitzaldi bat eskainiko du `Euskadi Nazio Europan´ izenburupean.

 

Jarrai ezazu Gurekin
Next Euskadi
Aberri Eguna 2018

  Agenda

2018/06/25 22:10

Jokin Bildarratz

   TVE-La noche en 24 h. 

2018/06/27 09:20

Itxaso Atutxa

   Info 7 

2018/06/29 08:30

Itxaso Atutxa

   Onda Vasca 

YouTube

Twitter

Facebook

Flickr

Andoniren Bideobloga

Elkarrizketak - Gure Burukideak
PDE-EDP
ADIERAZPENA
Europa: Krisialditik Itxaropen Berri baterantz. 
Berrantolatzeko garaia.
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA