Prentsa Aretoa

Berriak

2017/03/17

Ortuzar: "Ezker Abertzaleari esan genion zergen berrikusketa egiteko prest geundela, baina ez du negoziatu nahi izan edo, agian, ez diote negoziatzen utzi"

EBBko presidenteak deitoratu du EH Bilduk Euskadiko Aurrekontuen negoziaketa prozesuan erakutsi duen adore politiko eza, eta izapide honetan ELAk txarrerako eragin duela salatu du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek gaur deitoratu du Ezker Abertzaleak Euskadiko Aurrekontuak negoziatzeko orduan erakutsi duen adore politiko eza eta, aldi berean, Adolfo `Txiki´ Muñoz ELAko idazkari nagusiak prozesu honetan txarrerako eragin duela salatu du.Gaur Goizean Bilboko Herri Irratiari eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek baieztatu du EAJ-PNVk nahiago zukeela aurrekontuei buruzko akordio bat EH Bildurekin adostea, PPrekin baino, besteak beste, Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziaketan talde jeltzaleak bere kabuz jarduteko aukera handiagoa izango lukeelako. Baina,negoziaketa prozesuaren erdian, Ezker Abertzaleak bere jarrera aldatu zuen eta Ortuzarren ustetan mugimendu horrek sorburu argia du, hau da, ELAk zentzu honetan egin duen presioa.

Ortuzarrek hiritargoari azaldu nahi izan dizkio Euskadiko aurrekontuen negoziaketaren inguruan gertatutakoaren xehetasunak. "Euskadiko Partido Popularra argi ibili da eta bere kartak ondo jokatu ditu, besteek bete nahi izan ez duten edo bete ezin izan duten tokia hartuz. Eusko Jaurlaritzak une honetan egin ahal diren Aurrekontuak egin ditu. Herri bateko aurrekontuak etxean egiten diren kontuen atzekoak dira: pertsona batek irabazten duena eta sartzen duena ezagutzen du, argiarekin, ikasketekin, urarekin, hipotekarekin eta abarrekin konprometituta daukana ezagutzen du; irabazi-gastu horietatik diru bat geratzen zaio eta une horretan erabakitzen du urte horretan oporretara joaterik dagoen eta auto berria erosterik ote dagoen. Hori da Urkulluren Gobernuak egin duena: egin daitekeen Aurrekontua. Aurrekontu erreala, unean unekoa. Alderdi guztiak errealitate horretaz jabetu dira,horixe aitortzen joan direlako. Etorkizunera begira sarrerak igo daitezkeela esan dezakegu,baina aurtengo diruak argi eta garbi daude" azaldu du EBBko presidenteak. "Eta PPk, hori ikusita, oso eskakizun txikiak egin ditu- Aurrekontua Gobernuak egin duenaren %99an geratu da- baina politikoki ondo jokatzen jakin du eta negoziaketaren eragile nagusi bihurtu da. Guk egiteko hori Ezker Abertzaleak egitea, edo behintzat, egiteko hori bere gain hartzeko borrokatzea nahiko genukeen, baina ez du halakorik egin. Ez du egin eta esaten ari diren gauza guztiak esaten ari dira, baina haiek jakin dakite, eta beren buru nagusiek jakin dakite eskaintza nik neuk egin nielako, hau da, beraiekin adostu nahi genuela. Ezker Abertzalearekin gai honen inguruan elkar ulertzera iritsi nahi genuela. Guretzat hobe da elkar ulertze hori Ezker Abertzalearekin arakatzea, Madrilen negoziatzen baldin bagara, hobe baita Partido Popularrarekin zorretan ez egotea, eta hori Politikako lehen mailako ikasgaia da. Guk Ezker Abertzaleari esan genion: `Negoziaketara errealismoz etor zaitez´. Arabako aurrekontuetan egin izan duten moduan. Guk Ezker Abertzaleari eskaini genizkion EAJrentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat Arabako Aurrekontuak onartzeko planteatu direnak baino konprometigarriagoak diren baldintzak. Baina ezinezkoa izan da. Zergatik? Haiek azaldu beharko dute hori, baina ez diezaiotela Aurrekontuari eraso egin eta ez ditzatela Madrilen ez dakit zer itunen inguruko loturak bilatu... Ez. Madrilgo negoziaketak EAJk eramango ditu, ez Eusko Jaurlaritzak. Ez ditzatela hiritarrak engainatu. Ez dira sartu nahi izan ez dutelako edo utzi ez dietelako, eta hori da gure teoria: ez dietela sartzen utzi".

Ortuzarri galdetu diote ELAren presioa izan ote den EH Bilduri aurrekontuen negoziaketari adorez ekitea eragotzi diona. “Datuak hor daude: Ezker Abertzaleak EAJ-PSOE alderdiek osatutako koalizio gobernuari ahalbidetu diote Araban aurrekontuak onartzea. Orain antzeko baldintzak edo, behar bada, baldintza hobeak eskaini dizkiogu EAEko aurrekontuak onartzeko eta ezetz esan digute. Begiratu diezaiogun hemerotekari. Araban ituna onartu eta egun batzuetara, ELAko idazkaria irten zen Ezker Abertzaleari isilpeko ituna azaltzea eskatzen, halakorik ezean, ituna ulertezina eta izenpetu ezina zelako. Eusko Jaurlaritzak Aurrekontua aurkeztu zuenean, ELAko idazkari nagusia esparru politikora irten zen eta esan zuen Aurrekontuak neoliberalak direla eta ezkerreko alderdiek ezin ditzaketela halako kontuak onetsi, beraz `kontu handiz ibili, adi egongo naizelako´. Eta iragan astean, Ezker Abertzalea Azpiazu sailburuarekin batzartu baino apur bat lehenago, berriro irten zen Muñoz eta esan zuen ez zegoela Aurrekontu horiek onartzeko modurik. Matematikan bi gehi bi lau dira,eta politikan ere bai, eta Ezker Abertzalea bere diskurtsoa nola gogortu duen aztertzen badugu... Diskurtso normalarekin hasi zen, Ezker Abertzalea bere erosotasunetik irteteko prest zegoela, `negoziatuko dugu´, `hitz egin nahi dugu´ esan zuten. Mahai gainean zergen gaia jarri ziguten... eta guk erronka onartu genien. Guri negoziatzeko orduan aurrekontuz kanpoko gai bat jarri zaigu baldintza nagusi bezala, hau da, zergen berrikusketa. Eta gu zergen berrikusketaz hitz egiteko prest geunden. Prest geunden, baina ezinezkoa izan zen baldintza nagusi hartan amore emateko prest geundela ikusi zutenean Aurrekontuen 250 milioi euro mugitzea eskatu zigutelako. Hori negoziaketa eragoztea da. Ezker Abertzaleari eta Bilduri ezin zaie barkatu, honetaz jakin dakitelako. Gipuzkoan gobernatu dute eta jakin badakite gai hau nola doan, jakin dakite Aurrekontu batean zer egin daitekeen eta zer ez. Begiratu Gipuzkoan zer nolako iskanbilak izan ditugun eta, hala ere, Aurrekontuak onartzea ahalbidetu diegu, inoiz ez zaigu bururatu direnak eta ez direnak aldatzea eskatzea. Aurrekontuko 250 milioi aldatzen saiatzea da negoziatu nahi ez duzula esatea bezala, zure egoera erosotik irten nahi ez duzula, Legebiltzarreko izkina horretan oso eroso zaudela. Eta hori da Ezker Abertzaleak argitu behar duena: Legebiltzarreko izkina batean jarraitu nahi duen edo herri honen etorkizunerako politika egin nahi duen. Erabakitzen duenean, esan diezagula, zain egongo gara".

EBBko presidenteari galdegin diote EAJren eta PPren artean dagoen balizko "sintonia onaz". “Nik ez nuke esango EAJ eta PPren artean sintonia ona dagoenik. Baina, zapalketa eta inkomunikazioa nagusi izan diren urteen ondoren, orain hitz egiten hasi gara eta, jakina, lehen hitz egiten ez genuenez... Une honetan gertatzen dena da normala den gauza bat, beti gertatu beharko litzatekeen zerbait. Politikan, normalena hitz egitea da, akordioetara iristea, elkarri mokoka ez aritzea. Horregatik, nik esango nuke EAJ eta PPren artean sintonia ona baino, komunikazioa dagoela. Aurrekontuez ez gara hitz egiten hasi ere. Antza denez, Rajoyk aurrekontuen proiektua martxoko azken kontseiluan edo apirileko lehenean onartu nahi du. Guk kontu horiek zehatz-mehatz aztertuko ditugu, baina badakigu zer eskatuko dugun eta zer azpimarratuko dugun, gure betiko helburua betetzeko: Euskadirentzako onena".

Ortuzar pozik agertu da Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea egiteko adostu duten akordioagatik: "Meatzaldeko eta Ezkerraldeko herritarrok luzaro espero izan dugun albistea da, portuan merkantzia trenen triki-traka hori gure eguneroko gauza delako. Albiste ona da, oraingo honetan bai egingo delako eta lanak Eusko Jaurlaritzak egingo dituelako, eta hori berme bat da. Kontzertu Ekonomikoak ahalbidetzen digu Madrilen menpe ez egotea halako gauzak egin behar direnean. Lan horiek lehiakortasuna ekarriko dute portuarentzat eta onura asko ekarriko dizkio Ezkerraldean eta Meatzaldean bizi garen pertsona guztien bizitza kalitateari".

Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA

Andoniren Bideobloga

Elkarrizketak - Gure Burukideak
Aberri Eguna 2017
Alderdi Eguna
Jarrai iezaguzu Telegramen

  Agenda

2017/07/23 10:00

Unai Hualde

   www.eaj-pnv.eus 

Twitter

Facebook

YouTube

Flickr