Ortuzar: “Ez gaituzte desbideratuko, ez Alonsok ezta Otegik ere: EAJk lanean jarraituko du euskal herritarrek beren etorkizuna erabaki dezaten askatasunez eta demokrazian”

Añanako VII. Alderdikide Egunean, EBBko presidenteak Pedro Sánchez animatu du lurralde eztabaidan ausarta izatera eta Madrilgo atzerakoiengandik aldentzera. “Gurekin lotura estuak eta bermeekin ezartzen badituzte, gauzak ondo joango dira”, baieztatu du
30 Azaroa | ABB

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian

“Egon zaitezte lasai Alderdiak Estatus Berriaren eztabaidan defendatuko duen jarrerarekin: ez gaituzte desbideratuko, ez PPk ezta Bilduk, Alonsok edo Otegik ere. Gure bidetik jarraituko dugu, ahalegina egiten jarraituko dugu akordio bat egon dadin lehenengo eta behin Euskadin eta gero Madrilekin eta Bruselarekin; jauzi handia ematea ahalbidetuko digun akordioa, akordio kualitatiboa autogobernuan; Estatus Berria, euskal herritarrok gure etorkizuna demokrazia barruan eta askatasun osoz erabakitzen jarrai dezagun”. Iragan igandean Sukarrietan esan zuenaren ildo beretik, Andoni Ortuzarrek argi baino argiago hitz egin du gaur Gaubean, EAJ-PNVK Añanako Kuadrillan egin duen Alderdikide Egunean. Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, halaber, jeltzaleen jarrera berretsi du Pedro Sánchezen inbestidura ahalbidetzera begira, baldin eta hautagai sozialistak lurralde eztabaidari ausardia politikoarekin heltzen badio, bereziki Euskadiri eta Kataluniari dagokion aldetik: “Hamabost egun ditugu inbestidura gauzatzeko. Pedro Sánchez eta bere alderdia ausartak badira eta Madrilgo politikari eta hedabide atzerakoiengandik aldentzen badira, gurekin lotura sendoak eta bermeekin ezartzen badituzte, gauzak ondo joango dira”, baieztatu du jeltzaleen buruak. Ortuzarrek Gaubeako Udaletxean egin den ekitaldi politikoa amaitzeko hitzak esan ditu gaur goizean, Araba Buru Batzarreko presidente Jose Antonio Suso, Gaubeako alkate Juan Carlos Ramírez eta Lurralde Jareetako batzarkide Rakel Vicariori entzun ondoren.

Ortuzarrek baieztatu du egoera politikoa “pil-pilean” dagoela gaur egun Euskadin eta Estatuan. Lehenengo eta behin etxera begira hitz egin du “poltsikoaz eta arimaz”. Aurrekontuen negoziaketari dagokionez, EBBko presidenteak baieztatu du “Eusko Jaurlaritzak gure ‘EAJ eredua’ aldarrikatu duen neurri berean , PPk eta Bilduk beren eredua erakutsi dute, arduragabekeria, eta negoziaketa baztertzeko arduragabekerian erori dira”. Ildo beretik kritikatu du popularrak eta Ezker Abertzaleak Ahal Dugu taldearen kontra “mobbing politikoa” egiten hasi direla Kontuak negoziatzera eseri delako. “Guk orain arte egin dugun bide beretik jarraituko dugu, zintzotasun osoz gauzak egiteko dugun moduarekin, Herriaren interesa gure interesaren gainetik jarrita, eta Aurrekontuak aurrera ateratzeko ahalegina eginez. Ona da euskal erakundeentzat eta, batez ere, ona da euskal hiritargoarentzat”, baieztatu du.

Estatus Berriari dagokion aldetik, Ortuzarrek aste honetan “betikoa” ikusi du: “PP eta Bildu plantak egiten, manipulatzen, itxurak egiten, gauzak desitxuratzen. Gauza kontraesankorrak esaten, baina helburu bakarrarekin: Herri honek aurrera egin dezan galaraztea. PPri entzuten badiozue, prestatzen ari garen testuak kaosera eta independentziara garamatza; Bilduri entzuten badiozue, ordea, prakak bajatu ditugu eta irtengo dena traizioa baino ez da. Gauza biak ezin dira egia izan, ez? Bakar bat ere ez da egia. Astelehenean ezagutuko dugu adituen lana, eta bakoitzak proposatzen duena baloratu ahal izango dugu, hau da, aurrerapausoak, akordioak eta desakordioak no dauden”.

Eta Madrili begira, jeltzaleen buruak uste du “egiaren ordua” heldu dela Pedro Sánchezentzat eta PSOErentzat. Ortuzarrentzat, bi aukera baino ez daude: “Estatuaren nazio aniztasunarekin errespetua izango duen Gobernua, Euskadi eta Katalunia errespetatuko dituena eta biontzako soluzioak bilatuko dituena, hau da, gobernu aurrerakoia, behar besteko erreformak egingo dituena; edo txotxongiloen Gobernua, Sánchez Casadok edo Arrimadasek gidatua”. Logikoa denez, EAJ-PNVk horietako bat baino ez du ontzat ematen: “lehenengoa”, esan du buruzagi abertzaleak: “Estatutuaren garapen osoa, Estatus Berria eta lehenago hitzeman ziren konpromisoen betepen osoa dira EAJk gogoan dituen elementu zentralak, hasi berri den legealdi berrirako lehentasun gisa”, amaitu du Ortuzarrek.

Añanako Kuadrillako alderdikideen zazpigarren edizio honetan, Araba Buru Batzarreko presidente Jose Antonio Susok bere esker ona adierazi du alderdikideek urte osoan hauteskundeetarako egin duten lan eskergaren aurrean, EAJ-PNVk Araban lortu duen ordezkaritza gorena ekarri duelarik: “Zuek zarete Alderdiaren aurpegia eta ahotsa gizartearen aurrean. Euzko Alderdi Jeltzalearen ezaugarri diren molde berezien erakusleak. Espainiako politikagintzarekin alderatuta oso bestelakoa den eredua”, nabarmendu du Susok: “Euzko Alderdi Jeltzalean ‘ganorazko’ politika aldarrikatzen dugu. Gure ‘perrexila’ da eman dugun hitza betetzea, eta elkarrizketa baliatzea akordioa eta adostasuna lortzea xede”, baieztatu du Arabako jeltzaleen buruak.

PARTEKATU