Next Euskadi
Posta Bidezko Botoa

Prentsa Aretoa

Berriak

2019/01/08

Ortuzar: “Sánchezek eta bere Gobernuak politika egin beharko dute beren Aurrekontuek EAJ, Podemos eta Kataluniako alderdien oniritzia jasotzea nahi badute”

EBBko presidenteak berretsi du bere alderdia Kontuak negoziatzen esertzeko prest dagoela,baina Exekutibo sozialistari eskatu dio zentsura mozioan babesa erakutsi zioten alderdiekin “are harreman sendoagoa” izatea

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

Oharra: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

EAJ-PNV 2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak negoziatzeko prest dago,baina jeltzaleen baiezkoa irabazi nahi badu Pedro Sánchezen Gobernuak lan handia egin beharko du hurrengo asteotan eta “ez du soilik EAJren oniritzia bilatu beharko,baizik eta baita Podemos eta Kataluniako alderdiena ere”. Hala mintzatu da Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar, gaur goizean Onda Vasca irratiari eskaini dion elkarrizketan, Espainiako Ministroen Kontseiluak iragan ostiralean Aurrekontu Proiektua onartu duela jakin ondoren. “Pedro Sánchezi eskatuko nioke zentsura mozioan babesa eman zioten legebiltzar taldeekin are harreman sendoagoa izatea. Nik oraintxe bertan ezagutu dut erabaki hori eta,jakina, negoziaketan funtsezko izango bagara, jakinaren gainean egon beharko genukeen eta ona izango zatekeen Aurrekontu honen egitura aldez aurretik ezagutu ahal izatea eta iradokizunak egin ahal izatea, dena zuzenketa bidez joan ez dadin”, deitoratu du jeltzaleen buruak.

Ortuzarrek uste du Pedro Sánchezek “politika egin beharko duela” Estatuko Aurrekontu Orokorrak aurrera ateratzeko, “inork ezin digulako eskatu txeke zuriak ematea. Gobernuak gauzak ondo egin beharko ditu gainerako taldeen babesa nahi badu. Eta egon badago horretarako aukera, aukerak egon badaude Euskadin eta Katalunian Aurrekontu horiek eragin positiboa izan dezaten eta babestea merezi dezaten”. Jeltzaleen burua jabetzen da Sánchezentzat nahiko zaila izan daitekeela oraingo egoeran ERC eta PDeCAT alderdien babesa jasotzea , baina uste du egingarri izan daitekeela eta, horretarako, batzuen eta besteen erantzukizuna eskatu du. “Epaiketa gogor baten atarian gaude, kontzientzia asko eta indar politiko asko eragin eta mugiaraziko ditu Katalunian eta Euskadin. Gure ustez epaiketa hori ez litzateke gertatu behar eta preso horiek ez lirateke espetxean eta dauden moduan egon behar. Egoera honetan zail gertatzen da egoera horretatik ateratzea eta Aurrekontuak negoziatzea,baina Kataluniako alderdiek jakin dakite Kataluniarentzat aldaketa politikoa eta irtenbidea lortu nahi bada, bere bidea eta etorkizun politikoa askatasunez erabakitzeko aukera izan dezan, ezinbestekoa dela une honetan Moncloan dagoenak jarraitzea. Une honetan beste aukera batzuk etorriko balira, bide hori itxita geratuko litzateke eta egoera orain baino okerrago egongo litzateke. Kataluniako alderdiek irakurketa hori egin behar dute eta guk animatu egin ditugu egitera eta Kataluniarentzat onena dela uste dugun urratsa ematera”. Dena dela, desiragarri jotzen duen arren, EBBko presidenteak ez du uste aurrekontuak onartzea ‘sine qua non’ baldintza denik Sánchezek Moncloan jarrai dezan. “Aurrekontuak luzatuta ere jarrai dezake. 2018ko Aurrekontu Orokorrak uztailean onartu ziren, ez da ezer gertatzen aurrekontu horiek luzatu behar badira . Ez dira aurrekontu erabilezinak, guztiz alderantziz: luzapen hori ona izan liteke”.

Ortuzarrek beste behin esan du oraingo legealdia bere sasoian amaitzeko ahalegina egin behar dela , balizko hauteskunde orokor batzuek Espainiako parlamentuan eskuindarren gehiengoa ekar lezakeelako eta horrek ondorio ezin okerragoak ekar litzakeelako Euskadi eta Kataluniako autogobernuentzat. “ Zentsura mozioa babestu genuenok orduan hartu genuen erabakiaren arabera jardun behar dugu eta denbora eman behar dugu alternatiba horrek bere fruituak eman ditzan, bestela, datorrena izango delako guztiek saihestu nahi duten hori. Benetan saihestu nahi badugu,egin behar duguna da baikor jarraitu eta urratsak eman oraingo alternatiba sendotu dadin.Politikan, batzuetan, txarra eta okerraren artean aukeratu behar da. Oraingo honetan, eta ez dut uste horrenbesterako denik, aukera egon badago denon artean Kataluniako politikan bizi den egoera lasaitzeko modua aurkitzeko, tentsioa jaisteko eta bide demokratiko berria aurkitzeko Kataluniako eta Euskadiko auzi politikoari eta Espainiako lurralde ereduari irtenbidea bilatzeko, oraindik patata beroa eta konpondu gabeko auzia izaten jarraitzen duelako”.

Amaitzeko, jeltzaleen buruak konbentzituta adierazi du Espainiako eskuindarrak boterera iristea ez dela saihestu ezin den zerbait, Espainiako gizartearen gehiengoa aurrerakoia dela uste duelako. “Andaluzian gertatu dena eskuindarren meritua izan da baina baita ezkerraren hutsegitea ere, hautesleen zati handi bat etxean geratu zelako. PSOE eta Podemos alderdiek hausnarketa egin behar dute eta aztertu behar dute oraingoa moduko egoera kritiko batean beren hautesleak zergatik geratu diren botoa ematera joan gabe. Hori Hauteskunde Orokor batzuetan berriro gertatuko ez balitz, gure hautesleak iratzartzeko gai izango bagina, “benzinaren hirukoaren” alternatibak, agi denez Andaluzian eratuko den hiruko horrek ez lukeelako estatuan emango. Gure hautesleengan ilusioa pizteko gai bagara, nik ez dut uste Espainia eskuindarrekoa edo ultraeskuindarrekoa denik, ez zait buruan sartzen. Nik uste dut gehiengo aurrerakoia dagoela eta gauzak bestela egin nahi dituela”.

Andoniren Bideobloga

Next Euskadi

  Agenda

2019/03/21 09:30

Itxaso Atutxa

   ETB-1. Egun on Euskadi 

2019/03/21 12:30

María Eugenia Arrizabalaga

   Cadena SER Gipuzkoa 

2019/03/21 22:00

Aitor Esteban

   TVE-La noche en 24 h. 

YouTube

Twitter

Facebook

Flickr

Alderdi Eguna 2018
Elkarrizketak - Gure Burukideak
PDE-EDP
ADIERAZPENA
Europa: Krisialditik Itxaropen Berri baterantz. 
Berrantolatzeko garaia.
Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA