EAJ-PNV-ren EBB-ren presidenteak adierazi du bere alderdia prest egon daitekeela PSOE alderdiak planteatzen duen Konstituzioaren aldaketari ekiteko, baina zentzu horretan iragarri du sozialistek oraindik ez dutela azaldu “federalismo asimetrikoa” deritzoten proposamena zertan oinarritzen den.
Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek esan du bera prest egon daitekeela EAJ-PNV-k parte har dezan egunotan Espainiako Alderdi Sozialista Konstituzioa aldarazteko horren gogotsu aldarrikatzen ari den prozesuan. Dena dela, zentzu berean esan du jeltzaleek oso baldintza argiak ezarriko dituztela, eta horietako lehena izango da euskal nazioaren errealitatea eta euskal herria subjektu politiko gisa aitortzea. Ortuzar gaur arratsaldean izan da ‘Berrikuntza Politikoa’ izenburupean Donostiako Miramar Jauregian EHU-UPVk antolatu dituen Udako Ikastaroen markoan egin den ikastaroan. Topaketa horretan, jeltzaleen buruak “Autogobernuaz, Konstituzioaren Erreformaz, Erabakitzeko Eskubideaz eta Independentziaz” hitz egiteko parada izan du Hasier Arraizekin (Sortu), Idoia Mendiarekin (PSE-EE), Arantza Quirogarekin (Partido Popular) eta Roberto Uriarterekin (Podemos-Ahal Dugu).
Ortuzarrek gogoratu du EAJ-k ez zuela 1978ko Espainiar Konstituzioa idazteko eta onartzeko prozesuan parte hartu “prozesuan sartzen utzi ez zigutelako: Konstituzio Batzordetik bota gintuzten eta planteatu genituen zuzenketak ere atzera bota zizkiguten”. Horrela ere, 37 urte beranduago bada ere, iragarri du EAJ prest dagoela konstituzioaren erreforma prozesuan parte hartzera, aldarazpen hori “azalekoa izatera” mugatzen ez bada. “Espainiar Estatuak gaur egun bizi duen krisi instituzionalari aurre egiteko bada, guk prozesu horretan parte hartuko dugu. Erreforma horrek Espainiar Estatuaren sistema instituzional eta demokratikoa eraberritzeko balio baldin badu, EAJ hor egongo da. Euskal nazioa, Catalunya eta Galiza errealitateei Espainiar Konstituzioak gaur egun ematen ez dien tokia emateko baldin bada, hor egongo gara. Konstituzioaren barruko akatsak eta bere interpretazio mugatzailea zuzentzeko bada, gure erantzuna baiezkoa izango da. Baina aldarazpena azalekoa eta guztiz kosmetikoa bada, argi dago gure erantzuna ezezkoa izango dela”.
Ortuzarrek argitasun osoz aipatu nahi izan du Alderdi Sozialistak konstituzioa erreformatzeko prozesua irekitzeko planteatu duen proposamena. “Kontua ez da ur hotza botatzea edo espekulazioak hoztea, baina guretzat ‘federalismo’ eta ‘asimetriko’ kontzeptuek arazoak sor ditzakete beren esanahia oso argi ez dugulako. Eta gu, federalista baino, konfederal joko genuke geure burua. Edozein kasutan, gure borondaterik onenarekin egingo den edozein proposamen eztabaidatzera sartuko gara, baina argi eta garbi esan nahi dugu EAJ-PNV adostasun horretan sar dadin, ezinbestekoa dela euskal nazio errealitatea eta euskal herria subjektu politiko gisa aitortzea”.