Ortuzar: “Bitxia da Euskadiko Aurrekontuak onak edo txarrak izatea Udal batean gertatu denaren arabera”

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak oposizioari eskatu dio Euskal Kontuen negoziaketak kanpoko faktoreekin “ez kutsatzea” eta PSOEri ohartarazi dio “asko hitz egin beharko dela” EAJ-PNVk Pedro Sánchezen inbestidurari `baietza´ ematea nahi badu
17 Ekaina | EBB

Andoni Ortuzarrek “arraro eta bitxi” jotzen du Eusko Jaurlaritzak 2020 urterako prestatuko dituen Aurrekontuak, Euskadiko Partido Popularrarentzat onak edo txarrak izatea Euskadiko Udal batzuen eraketaren gora-behera. “Hemengo edo hango udal baten eraketak Aurrekontu bat ona ala txarra bihurtzen baldin badu, nahiko bitxi egiten zait niri. Aurrekontuak objektiboki onak edo txarrak izango dira eta Euskadik behar dituenak izango dira edo ez, baina Aurrekontuen kopuruengatik eta jasoko diren politikengatik, eta ez Bastidan, Biasterin edo Soraluzen gertatu zenagatik edo gertatu ez zenagatik. Gure gogoan ez dago Durangon edo Galdakaon gertatu zena”, baieztatu du Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan. Ortuzarrek PSOEri ohartarazi dio zuzentzen duen taldearekin “asko eta asko” hitz egin beharko duela Pedro Sánchezen inbestidurarako jeltzaleen `baietza´ jaso nahi badu.

Ortuzarrek baieztatu du Euskadiko hamar biztanletik zazpik alkate jeltzalea izateak “erantzukizun handia” dela “gauzak ondo egiteko eta eman diguten erantzukizun honen aurrean huts egin ez dezagun”. EAJ-PNVk gobernatuko dituen udalerri hauen artean daude Biasteri eta Bastida. Ortuzarri era berean galdetu diote Alfonso Alonso Euskadiko PPk egin zuen mehatxuaz. “PPk une honetan daukan arazoa da inork ez duela beraiekin hitz egin. Ikusi behar dute azken urtetik hona PPk Estatuan eta Euskadin zer nolako jarrerak izan dituen. Alfonso Alonsori eskatuko nioke kilometroen kontagailuan hutsetik abiaraztea, bestela, iraganaren mende egongo delako”, baieztatu du jeltzaleen buruak. “Une honetan Aurrekontuen negoziaketarekin hasiko gara eta PPrentzat esaten dudan honek Bildurentzat eta Podemosentzat balio du: hemengo edo hango udal baten eraketan gertatu zenak Aurrekontu bat on ala txar bihurtzen badu, nahiko arraro iruditzen zait, bitxikeria handia. Aurrekontuak onak eta Euskadik une honetan behar dituenak izango dira, ala ez, baina Aurrekontuen zenbakiengatik eta jasoko diren politikengatik, baina ez Bastidan, Biasterin edo Soraluzen gertatu zenagatik”, baieztatu du. “Oposiziokoei eskatuko nieke gaia ondo neurtzea eta Aurrekontuaz hitz egitea. Kanpoko faktoreek ez dezatela baldintzatu guztiz teknikoa eta objektiboa den negoziaketa bat”.

EAJ-PNVk Pedro Sánchezen inbestidura babestuko ote duen galdetuta, Ortuzarrek argi baino argiago hitz egin du. “Oso gutxitan eman dugu gure botoa Espainiako Gobernuaren inbestidura batean. Uste dut birritan egin dugula, ez dut uste gehiagotan egin dugunik. Beti nahiago izan dugu egunez egun Euskadirentzako gauza onak negoziatu eta gure autogobernuaren garapena bermatu, gobernagarritasunean edo Moncloako eserlekua hartzeko borrokan sartu gabe. Baina `baietza´ justifikatzeko proiektu bat behar da eta denon artean planteatu behar da legealdi hau zertarako nahi den eta ardatz nagusiak zeintzuk izango diren, bereziki beste alderdi batzuek ere `baietza´ eman beharko luketelako eta behar bada ez daude gure posizio politiko, ideologiko edo soziologikotik oso hurbil. EAJrengandik espero dutena `baietza´ bada, asko eta asko hitz egin beharko dugu. Mahai gainean birzentralizazio prozesu bat jarriko balute, eta Podemosek azken hilabeteotan proposatu dituen gauzetako batzuk Eusko Jaurlaritzaren kontrako erasoak ez ezik autonomien estatuaren kontrako erasoak ere badira, oso zaila litzateke EAJri `baietza´ ematea eskatzea. Horregatik esan dut asko hitz egin beharko dela” .

Nafarroako Gobernuaren eraketaz galdetuta, EBBko presidenteak baieztatu duenez “alderdien arteko harreman eroso eta emankorra eman dadin, hobe da leku guztietan harreman giro egokia sortzea, eta larunbatean Nafarroan gertatu zena ez da bide horretatik joan, EAJrekiko harremana , Geroa Bairekiko harremana orbandu du Nafarroan. Napar Buru Batzarreko presidente Unai Hualdek esan zuen bezala, gauza horiek kontuan hartzen dira. Ez zen gertatu Geroa Baik PSNrekin hitz egin zuena. Adostu genuen gure alkatetzak errespetatuko zirela Zizurren eta Eguesen, baina ez zen halakorik gertatu. Eta beste alkatetza batzuetan babesteko prest geunden. Asteazkenean, Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren eraketarekin oso egun garrantzitsua izango da. Pentsatuko dugu zapatuan gertatu zena herri bateko gauza logikoa dela, baina asteazkenean oso garrantzitsua da eta Nafarroako Alderdi Sozialistak bere kartak erakutsi beharko ditu. Baina susmo txarra hartzen diogu egoerari”.

PARTEKATU