Lehendakariak deia egin dio gizarte osoari Euskadi Basque Country-ren proiekzioa munduan sendotzeko

EBC Estrategia izango da nazioartekotzearen arloko politikaren ardatza, eta 5 plan sektorialetan gauzatuko da: Kanpo Harremanak, Enpresen Nazioartekotzea, Turismoa, Kultura eta Garapenerako Lankidetza
Lehendakariak deia egin dio gizarte osoari Euskadi Basque Country-ren proiekzioa munduan sendotzeko IKUSI BIDEOA
25 Urtarrila | Berria

Iñigo Urkullu lehendakariak 2020. urterako Euskadi Basque Country Nazioartekotzeko Estrategia (EBC) egoera global berrira egokitzeko egindako eguneratzea aurkeztu du gaur arratsaldean. Lehendakariak adierazi duenez, nazioartekotzea “herrialde-erronka” da, eta “elkarrekin” lan eginez egin behar zaio aurre. Ildo horretan, dei egin dio gizarteari “borondateak batzeko, eta mundu globalean aktiboagoa eta erakargarriagoa izango den Euskadi Basque Country baten proiekzioa sendotzen lagundu nahi duen belaunaldiaren itxaropenei erantzuteko”. Estrategiaren barruan, Euskadi nazioartekotzeko 1.900 ekintza daude aurreikusita, eta 270 milioi euroko aurrekontua izango dute 2020. urtera arte.

Jaurlaritzaren XI. Legegintzaldirako Programan jasotako 15 plan estrategikoetako bat da, eta Jaurlaritzaren nazioartekotze-politika bideratuko du datozen urteotan. Aurkezpena gaur arratsaldean egin da, Euskalduna Jauregian, eta erakundeen, gizartearen, enpresen, turismoaren, kulturaren eta kirolaren eremuko 300 pertsona baino gehiago bildu dira ekitaldian. Ekitaldia 18:00etan hasi da, eta “Aukeran” dantza-konpainiak emanaldi bat eskaini du bertan. Gainera, nazioartekotzeari lotutako hainbat pertsonak gaiaren inguruan duten esperientzia eta ikuspegia azaldu dute.

Lehendakariak gogorarazi duenez, Euskadi herri txikia da, eta “mundura irekitzeko bokazioa eta asmoa" dauka. Nazioartean herrialde-irudi bat sortu duten erakundeek, euskal diasporak, entitateek eta enpresek hartutako konpromiso guztiak batuta sortutako herrialdea da.

EBC Estrategiaren 5 gakoak

Lehendakariak Estrategiaren oinarri diren 5 ideia azpimarratu ditu:

  1. Gero eta globalagoa den mundu honetan Euskadiren nortasuna, kultura eta balioak proiektatzea, eta gizarte-kohesioan eta giza garapenaren maila handian oinarritutako bizikidetza-eredu bat helaraztea.
  2. Marka: Euskadiren berezitasunean oinarritutako irudi erakargarri bat proposatu da. “Nation branding” kontzeptua, ezaugarri bereizgarri eta lehia-abantaila gisa.
  3. Jasangarria: Nazio Batuek Giza Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak lortzeko erronkarekin konprometitutako estrategia da. Euskadik bat egingo du Garapen Jasangarrirako Helburuekin, Euskadi Basque Country 2030 Agendaren bitartez.
  4. Auzolana: ”herrialde bat indarrak batuta hazten da”, eta agente publiko eta pribatuekiko lankidetzaren alde egingo da, Euskadin eta mundu osoan zehar.
  5. Europa: Euskadik Europako erakundeetan betetzen duen zeregin aktiboa sendotzeko ahaleginak egingo dira. Euskadik EBren etorkizunari buruzko gogoetaren eta eztabaidaren esparruan parte hartuko du, eta bere ikuspegiaren ekarpena egingo du.

Iturria: Irekia

PARTEKATU