Lehendakariak bere estimua eta solidariotasuna adierazi die Frantziako autobus istripuko biktima eta senideei

Irekia web atarian jakinarazi denez Iñigo Urkullu lehendakariak bere "estimua eta solidariotasuna" adierazi die gaur, igande goizaldean, Lillen, Frantziako iparraldean gertatu zen autobus istripuko biktima eta senideei. Jakin ahal izan denez 35 zauritu izan ziren, horietako bi larriak.
Iñigo Urkulluri Onda Vascan egindako elkarrizketa.
27 Uztaila | Eusko Jaurlaritza

Lehendakariak berak adierazi duenez, zorionez, bidaiari bi hauen egoera egonkortu egin da eta une honetan ez daude bizitza galtzeko arriskutan. Urkullu pozik agertu da Hezkuntza, Osasuna eta Segurtasun Sailen eta Kanpo Ekintzako idazkaritza nagusiaren artean burutu diren koordinazio lanen aurrean .

Hala adierazi du lehendakariak Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan, zeinetan beste gai batzuk jorratu diren. Urkulluk elkarrizketan aipatu du Rajoy-ren Gobernuak Etxebizitza eta Fracking-aren kontrako euskal legeak aurkarazteko egin duen ekimena,Eusko Jaurlaritzak lehenagotik iragarria zuena. Egoera ekonomikoaz eta enpleguaz ere jardun du, eta azken datuen arabera krisiaren faserik txarrena gainditzen ari garela esan dezakegun arren, lehendakariak zuhurtziaz jokatzeko deia egin du, eta azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren kezkarik nagusienetakoa, eta beraz, une honetan duten erronkarik handiena dela hemendik aurrera sortuko den enplegua "kalitatezkoa" izatea lortzea .

Ekonomiaren arloan, halaber, hauteskundeen bezperetan «neurri populistak» abiaraztea aurpegiratu dio lehendakariak Espainiako Gobernuari: adibidez, argiaren tarifak jaistea erabakitzea. Era berean, gogoratu dio Espainian zorpetzea BPGaren % 97,8 dela oraindik; EAEn, aldiz, % 14 da, eta haren esanetan, Euskadi «zorroztasunez» jokatzen ari dela erakusten du datu horrek. Felipe VI.ak Euskadira egin berri duen bisitari buruz ere galdegin diote Urkulluri, eta lehendakariak estatuko aniztasunari eta Euskadiren apartekotasunari «begirune» handiagoa eskaintzeko eskatu dio monarkari

Nafarroako Gobernu eratu berriari buruz, Urkulluk gogoratu du ezen, foru-gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean lankidetza-esparru bat bazegoen arren, «itxaropenerako eremu bat» ireki dela orain, harremanotan sakontzeko eta hainbat auzien inguruko «gogoeta elkarrekin» egiteko; horien artean, autogobernua, azpiegituren garapena eta Nafarroa Euroeskualdean sartzea.

PARTEKATU