Kultur sektorearen profesionalizazio eta euskararen ezagutza eta erabilera areagotzea dira 2020-2024 legealdirako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren helburu nagusiak

Kultura, Euskara eta Kirol arloetako politikak gaur egungo egoera gainditzera eta 2030eko Euskadi eraikitzera bideratu behar direla azaldu du Zupiriak
Kultur sektorearen profesionalizazio eta euskararen ezagutza eta erabilera areagotzea dira 2020-2024 legealdirako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren helburu nagusiak
28 Urria | Eusko Jaurlaritza

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak agerraldia izan du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean datozen lau urteotarako bere Sailak finkatu dituen erronka eta helburu nagusiak azaltzeko.

Hasteko Zupiriak azpimarratu du Kultura eta Hizkuntza Politika sailak ahalegina egin duela martxotik hona “beste herri erakundeekin batera lan egiten, eta kultura, hizkuntza politika eta kirola posible egiten duten era guztietako eragileekin harremanetan egoten, egoeraren azterketa egin eta posible izan den kasuetan neurri aringarriak edo lagungarriak eskaintzeko helburuz”. Hala ere, gaineratu duenez, akatsa litzateke kultura, euskara eta kirol arloetako politikak egungo errealitatera mugatzea, “ezin diogu uko egin kultura, euskara eta kirol arloetan 2030eko Euskadi eraikitzeko bide orriari”. 

Bingen Zupiriarekin batera Eusko Legebiltzarrean izan dira Andoni Iturbe Kultura sailburuordea, Miren Dobaran Hizkuntza Politika Sailburuordea, Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusia.

Elkarlana eta lankidetza dira, Zupiriak azaldu duenez, sailaren konpromiso nagusienak. Lankidetza gobernu barruan, herri-erakundeekin, Foru Aldundiekin eta udalekin. Baina baita sektorearekin eta eragileekin ere. Horrela, elkarrizketarako eta akordiorako eskua luzatu die Legebiltzarreko alderdiei.

Kultura

Eusko Legebiltzarreko agerraldian, kultura politikei dagokienean, Kultura 2019-2022 planarekin lerratuak dauden bost konpromiso nagusi azpimarratu ditu Bingen Zupiriak:

  1. Kultur sortzaile eta ekoizleekiko konpromisoa: sortzaile, artista eta profesionalei laguntza eskaintzen jarraitzeko, eta laguntza horiek beharrizan berrietara egokitzeko. Batez ere, lan baldintzen hobekuntza eta sektorearen profesionalizazioa izango dira helburu, besteak beste, Euskadiko kultur arloko profesioen estatutu propio bat sortuz.
  2. Euskadin kultur eskaintzaren iraunkortasuna bermatzeko eta berriro ere egoerak ahalbidetzen duenean, indartzeko konpromisoa: Euskadi kalitatezko kultura eskaintzen den eremu geografiko erreferente gisa kontsolidatu eta indartzea, nazioartera begira eta bertako herritarrei begira . Horretarako Artearen Euskal Sistema eratzea da helburuetako bat, arte garaikidea Euskadin lantzen duten eragile guztien lankidetza antolatzeko asmoz.
  3. Kultur ondarea babestea, eta balioan jartzeko konpromisoa: Memoria Bizia eraikitzea, herri gisa, gure iraganaren memoria zaintzeko eta etorkizunean duen eragina aintzat hartzeko. Besteak beste, industria-ondarea berreskuratzea eta haren balioa nabarmentzea eta Euskadiko Industria Ondarearen Zentro berriaren proiektuari behin betiko bultzada ematea.
  4. Kultura eta Sormen Industriei (KSI) bultzada berezia emateko konpromisoa: Basque District of Culture and Creativity izeneko herraminta bultzatzea. Kultur eta Sormen Industrien Euskal Barruti horrek baliabideak eskainiko dizkie enpresei, programak eta zerbitzuak, enpresa bezala indartu daitezen, antolakuntza hobetu dezaten, merkatuan hobeto koka daitezen, nazioartekotu daitezen.
  5. Euskal Kulturaren Atari Digitala, Euskariana, abian jartzeko konpromisoa: Liburutegi Nazional Digital baten eredu berritzailea jendartearen eskura jartzea, erabilgarri egotea eta garatzen jarraitzea. Plataforma honetan batuko dira euskal kulturaren alor guztietako erreferentziak eta informazio anitzak. Gure kultur sorkuntza eta ondarearen bilgune, informazio iturri eta erakusleiho digital nagusia izango da, eta oinarrizko lanabes bat ere bai, euskal kulturaren digitalizazioan eta ikusgarritasun digitalean.

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea handitzen jarraitzea, Irakurketa Sustatzeko Euskal Plana zehaztu eta onartzea edo eta e-liburutegia garatzen jarraitzea ere badira, Zupiriak azaldu duenez, bere sailaren erronkak legealdi berriari begira. Horrez gain, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bere agerraldian nabarmendu duenez, “lortu behar dugu gure gizarteak ikustea eta baloratzea kulturak herri honen garapenari eta herritasunari egiten dion ekarpen izugarriaz gain, enpleguari eta barne produktu gordinari ere egiten dien ekarpena. Hori ere izango da lantalde honen konpromiso irmoetako bat”. 

Etxepare Institutoa

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren barnean dagoen Etxepare Institutua ere izan du hizketa gai Bingen Zupiriak Legebiltzarrean. 10 urte beteko dira aurten Etxepare Institutua sortu zenetik eta euskara eta euskal kultura munduratzen egin dituen aurrerapenak azpimarratu ditu Zupiriak eta sailaren konpromisoa euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko presentzia indartzea dela adierazi du. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarentzat “euskarari, kulturari eta sortzaileei ateak zabaltzetik haratago, Institutua bera kultur diplomaziarako tresna bat da, giltzarri da munduko beste hizkuntza eta kultura institutuekiko eta erakundeekiko harremanetan, nazioarteko foro eta elkarrizketa guneetara Euskadiren ahotsa eramanez, eta gure kultura eta hizkuntza ikusaraziz”.

Hizkuntza Politika

Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian Bingen Zupiriak adierazi du euskararen ezagutzan eta erabileran aurrera egitea Herri-helburua dela Eusko Jaurlaritzarentzat legealdi honetan ere. “Euskararen erronkei ezin die Jaurlaritzak soilik erantzun; gizarte osoaren bultzada behar du: Euskal Herriko gainontzeko herri-erakundeen eta herritarren ordezkariena, euskalgintzarena, norbanakoena” adierazi du. Horretarako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak hiru konpromiso nagusi dituela azaldu du. Batetik, euskararen ezagutza eta erabilera areagotzea. Bigarrenik hizkuntza eskubideak bermatzea. Eta hirugarrenik, euskararen lurralde guztietan erakunde arteko lankidetza indartzea euskararen geografia osoan euskarak aurrera egin dezan. Konpromiso guztiak erronka zabal batek zeharkatzen dituela azpimarratu du Zupiriak: “euskararen prestigio soziala hobetzeko diskurtsoen eraikuntzak eta garapenak”. 

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, “Euskararen eta gaztelaniaren arteko arrakala eta desorekarik gabeko gizartea irudikatzen dugu guk, non haur, gazte zein helduek normaltasunez ulertu, jakin, eta erabiliko dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak, edozein eremutan edo unetan”. Gaineratu duenez, “horrek gobernantza zabala eta partekatua eskatzen du. Partekatua, erakundeon lankidetzaren zentzuan; partekatua, alderdi politikoen adostasunei dagokienez; partekatua, euskalgintzarekiko; eta partekatua gizarte osoarekin, elkarri eskua emanda egin beharreko bidea delako euskararena”. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarentzat “gizarteak euskara lagun eta bidelagun sentitu behar du”.

Hori dela eta, Zupiriak iragarri duenez, pixkanaka, legealdi honetan, matrikulazioaren doakotasuna ezarriko da C1 maila egiaztatzen duten 16 eta 30 urte bitarteko ikasleentzat. Horrez gain, “gazte zein heldu, eremu berriak irabazi behar ditugu euskararentzat, bai esparru formalean, zein ez-formalean: lan munduan, aisialdian, gizarte-hedabideetan, ingurune digitalean eta hizkuntza teknologietan, kirol jardueran, familian, hezkuntza-sisteman edota kultur sorkuntzan eta eskaintzan”. Horiek indartzen jarraitzea dago sailaren legealdiko helburu nagusien artean arreta berezia jarriz eremu sozioekonomikoan eta ingurune digitalean. Hori dela eta, batetik Euskara Eremu Sozioekonomikoan Normalizatzeko 2020-2023 Plan Estrategikoa lantzen jarraituko du Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak, beti ere, erakunde eta eragileekin lankidetzan.  Eta bestetik dagoeneko lantzen ari diren Hizkuntza Teknologia Planari bultzada emango dio sailak.

EITB

Bere agerraldian EiTBren zerbitzu publikoaren izaera mantentzearen eta bermatzearen eta komunikazio pluralerako eta hizkuntzaren normalizaziorako bitartekoa izatearen alde ere egin du Bingen Zupiriak. EITBk gizarte osoarentzat erreferentzia izaten jarraitu behar duela gaineratu du. Legebiltzarreko agerraldia ia zortzi urtean EITBko zuzendari nagusi izan den Maite Iturberen lana eskertzeko baliatu du Bingen Zupiriak eta gogoratu du Eusko Legebiltzarrak bere izendapena onesten duenean Andoni Aldekoak hartuko duela Iturberen lekukoa.

Jarduera fisikoa eta kirola

Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaritzari dagozkion lau konpromiso nagusiak aipatuz bukatu du bere agerraldia Bingen Zupiriak:

  1. Euskadi Europako gizarte aktiboenen artean kokatzea: Jarduera fisikoa eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzen jarraitzeko kirol-txartel bakarraren eredua hedatzea eta “Mugiment” proiektua bultzatzea.
  2. Euskal kirol-sistema etorkizuneko erronketara egokitzea eta bere antolaketa hobetzea: Covid-19aren ondorioek gogor astindutako jarduera fisikoaren eta kirolaren sektorea berpiztea, euskal federazio-sistema berrantolatzea eta Kirol arloko Lanbideetan Sartzeari eta Jarduteari buruzko Legea sustatzea, Jarduera fisikoaren eta kirolaren legea berritzea eta Dopinaren aurkako Legea eguneratzea.
  3. Kirolak gizarteari egin diezazkiokeen bestelako ekarpenak: Jarduera fisikoak eta kirolak genero berdintasunean, gizarte kohesioan eta integrazioan eta euskararen sustapenean eragin dezake eta ikuspegi horrekin egingo du lan sailak. Besteak beste kirol arloan emakumeen parte-hartzea sustatzeko eta ikusarazteko programak indartu dira, kirol inklusiboa eta egokitua laguntzen jarraituko da eta kirola eta jarduera fisikoa euskararekin zein uztargarriak diren erakusten jarraituko da.
  4. Kirolaren potentziala Euskadi nazioartekotzeko tresna gisa: besteak beste Basque Team Fundazioaren jarduera indartzea erreferentziazko tresna gisa gure eliteko kirolarientzat nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko eta proiektatzeko.

Iturria:Irekia

PARTEKATU