Josune Gorospe Trafikoko zuzendari nagusiari: "Aztertzaileak bidali ezean, autoeskola askok itxi egin beharko dute"

Kongresuko Bide Segurtasuneko Batzordean, Euskal Taldeko diputatuak arazo hori konpontzeko eskatu dio Pere Navarrori, eta Eusko Jaurlaritza "arazoa bere gain hartzeko prest" dagoela gogorarazi du.
02 Ekaina | Kongresua

Josune Gorospe Kongresuko Euskal Taldeko diputatuak Trafikoko zuzendari nagusia premiatu du auto-eskolak "oso egoera kritikoan" uzten ari diren trafikoko aztertzaileen hutsuneen arazoa konpontzera. Pere Navarrok Bide Segurtasunerako Batzordean egindako agerraldian, Gorospe argi eta irmo mintzatu da: "Aztertzaileak bidali ezean, autoeskola askok itxi egin beharko dute", esan du.

EAJ-PNVko diputatuak, gainera, esan du arazo horrek Gipuzkoan eragin berezia duela, autoeskola asko, "Familia enpresak, mikroenpresak", egoera horretan daudelako, eta, gainera, "Hau ez da arazo berria", eta Euskal Taldeak urteak daramatzala konponbidea eskatzen. Are gehiago, Gorospek gogorarazi du 2017an legez besteko proposamen bat onartu zela, Euskal Taldeak sinatua, arazo hori konpontzeko eta euskal erakundeek eskumena beren gain hartzea proposatzeko. "Eskumen hori gara genezake, gaia gure gain hartzeko eta herritarren aurrean erantzukizuna hartzeko prest baikaude", esan du Gorospek.

Gai horren inguruan, diputatu jeltzaleak Pere Navarrori Nafarroako Autoeskolen Elkarte Probintzialaren jarrera helarazi dio; izan ere, adierazi du ez duela inolako erantzunik jaso DGTren aldetik Nafarroako Foru Erkidegoari ere eragiten dion aztertzaile-faltaren arazoari aurre egiteko egindako informazio-eskaerei eta bilerei dagokienez.

Azkenik, Gorospek Trafikoko zuzendari nagusiari jakinarazi dio Gipuzkoako mugan sortzen ari diren arazoak, alarma-egoeragatik ezarritako garraio astunaren zirkulazio-murrizketak aldi baterako eteteagatik. "Errealitatea da deseskaladan aurrera egin ahala, errepide sareko mugikortasuna nabarmen handitzen ari dela, Frantziako Estatuak bertan behera utzi ditu murrizketa horiek, eta horrek arazoak sortzen dizkie herritarrei Gipuzkoako trafikoagatik, baita garraiolariei ere, beren lana planifikatzeko zailtasunak baitituzte", adierazi du.

PARTEKATU