Izaskun Bilbaok bi urteko epea eskatu du Estatuak ordu aldaketaren amaierara hobeto moldatu daitezen

ALDE taldeko presidenteorde eta ordu aldaketen amaiera ezarriko duen zuzentaraua negoziatzeko batzordean talde honen ordezkari denak, bederatzi zuzenketa aurkeztu ditu Estatuei bi urteko epea eskatzeko, egoera berrira hobeto egokitzerik izan dezaten
Izaskun Bilbaok bi urteko epea eskatu du Estatuak ordu aldaketaren amaierara hobeto moldatu daitezen
30 Urtarrila | Europako Legebiltzarra

Izaskun Bilbao Barandicak uste du aldaketen amaiera 2021an ezartzeak ahalbidetuko duela Estatu bakoitzak behin betiko ordutegiaz hartu beharko duen azken erabakia informazio maila gorenenarekin egitea, eraginik handiena jasaten duten sektoreen parte hartzearekin eta Batasuneko beste kideekin koordinatuta.

Eurodiputatu jeltzaleak ekarpen hauek egin ditu garraio,logistika,ingurumen,energia eta osasun alorreko adituen informazioa jaso ondoren. Hain zuzen ere, gero eta ageriago dago aldaketa horiek gizakien osasunean eragiten duten inpaktua “eta ez dugu beste arrazoirik behar praktika honen amaiera babesteko”, esan du euskal Eurodiputatuak. Gogoratuko denez, udako eta neguko ordutegiak Europan ezartzen hasi ziren iragan mendean hirurogeita hamargarren hamarkadan eman zen petrolioaren lehen krisiaren ondorioz. Europa osoan neurri hori ezarri zela ikusirik, Europako Batasunak 2001ean zuzentarau bat egin zuen aldaketa horiek guztiak koordinatzera begira. Arau horren berrikusketak ondorioztatu du aldaketa horiei amaiera eman behar zaiela. Irizpide horrek lau milioi europarrek parte hartu zuten herri galdeketaren abala dauka, parte hartzaileen %84k praktika honekin amaitzearen alde agertu zirelako.

PARTEKATU