Izaskun Bilbaok eskuragarri dituen tresna guztiak baliatuko ditu Bruselan Europako funtsen kogobernantza bermatzera begira

Izaskun Bilbao Barandicak Euskadi Irratian baieztatu du gaur bere alderdiak Europatik eskuragarri dauden tresna guztiak baliatuko dituela Europako funtsen banaketan kogobernantza aplikatua izan dadin
11 Ekaina | Berria

EAJ-PNVko diputatu andreak gogora ekarri du Batasunaren ekonomia eraldatzeko eta modernizatzeko programa honen funtzionamendua arautzen duen legeriak “kogobernantzarako sistema hau derrigorrezko “jotzen duela eta elementuak badituela eskakizun hau betetzen dela kontrolatzeko. Era berean azpimarratu du Euskaditik aurkeztu diren proiektuen egokitasuna, eta konbentzituta agertu da euskal gizarteak “aukera hau baliatuko duela eta hurrengo urte bietan egingo dela, epe hori erreferentziazkoa baita eraldatzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko prozesu honetan”

Euroganberako ordezkari jeltzalea gaur goizean elkarrizketatu dute Euskadi Irratiaren “Faktoria” saioan. Lehenik eta behin, Europako erakundeek pandemia honetan, osasun esparruan zein alderdi ekonomikotik, egin duten lan guztia goraipatu du, eta esan du “ lan handia, arina eta ona” egin dela. Ildo beretik, gogora ekarri ditu babes-materiala eta txertoak lortzeko prozesuak eta ekonomia suspertzeko plana. “Gertatutakoa aztertuz eta duela urte bete non geunden gogoratuz, gauden egoerara iristea mirari bat lortzea bezalakoa izan da”.

Izaskun Bilbao txertoen patenteak askatzearen alde agertu da eta gogora ekarri nahi izan du neurri honek mundu osoan aurrera eraman behar den txertatze kanpaina arrakastatsua izan dadin. Berretsi du jarrera hau dela “munduan nagusitzen ari dena, aparteko neurri bat egoera larri eta berezi bati aurre egiteko”, eta konfiantza agertu du, herrialde batzuk hasiera batean Next Generation planaren aurka jartzearekin gertatu zen bezala, jarrera global hau izango delako azkenean nagusituko dena.

Funts hauen banaketari dagokionez, kogobernantza legearen arabera eta berreskuratze mekanismo hau sortu zuen araudiaren arabera derrigorrezkoa dela gogoratu ondoren, berriro nabarmendu du aukera aprobetxatu behar dela. “Europak orain arte sekula egin ez duen zerbait egin du. 800.000 milioiko plana eta elkarrekin zorpetu gara elkarrekin ordaintzeko. Zorra mutualizatu egin da eta baldintzak jarri dira funtsek Batasuna eraldatzen eta modernizatzen lagun dezaten. Dirua badago, bai eta neurri malguak ere, eta aukera baliatu behar da. Seguru nago Euskadik aukera baliatu behar duela eta urte biren buruan eraldatze eta kalitatezko enplegua sortzeko prozesu honen lehen lerroan egongo garela.”

Immigrazioarena Europa osoaren arazoa dela eta jatorrizko herrialdeetan aukerak sortu ahal izateko lankidetza, erabaki-prozesuetan erregioen parte hartze handiagoa eta harrera emateko erantzukizuna adosteko mekanismoa behar dituela nabarmendu ondoren, Bilbao Barandicak berretsi du Europako gobernantza ereduaren erreforman aurrera egin behar dela. “Duela hamabi urte utopia ziruditen hainbat gauza, errealitate dira gaur egun. Aukera bat daukagu erreformak proposatzeko Europako etorkizunari buruzko konferentzian, eta espero dut gauza bera gertatzea han defendatuko ditugun ideiekin, Euskadik Europan presentzia izan dezan bere errealitatearen arabera”.

Euskal eurodiputatuak esan du datoren astean Europako agintari gorenak Bruselan Joe Bidenekin elkartuko dituen gailurrak lankidetza eta adiskidetasun giroa berrezartzen lagun dezakeela “gure baloreak mundu osoan zabaltzeko”. Era berean hitz egin du Europan indultuen eta Kataluniako auziaren inguruan zabaldu den irizpideaz. “Europak Kataluniako auzia konpontzea nahi du, Europako auzia delako. Parlamentuaren %40k ez zuen babestu eurodiputatu diren gobernuko kide ohiei immunitatea kentzea . Europan ez da ulertzen politikari batzuk preso egotea ekintza politikoak egiteagatik, edo parlamentuko presidente andre bat espetxean egotea eztabaida bat baimentzeagatik. Han argi baino argiago dute hori ez dela bidea”.

PARTEKATU