Izaskun Bilbaok Bruselan erreklamatu du politika industriala eta energetikoa bateratzea, argindarraren prezioa merkatzera begira

Izaskun Bilbao Barandica Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatuak, gaur goizean, Bruselan, energiaren komisario andreari helarazi dizkio atzo bertan Euskaditik argindarraren ordainagiria merkatzera begira eginiko proposamenak
Izaskun Bilbaok Bruselan erreklamatu du politika industriala eta energetikoa bateratzea, argindarraren prezioa merkatzera begira
14 Urria | Europako Legebiltzarra

Jeltzaleek trantsizio energetikoa bizkortzea hobesten dute, bai eta Europako Batasunaren baitan energiaren baterakuntza burutzea ere, arlo hori berdeago eta sozialago egiteko eta politika industriala eta energetikoa bateratzeko, Bilbao Barandicak ezinbesteko jotzen duen zerbait “ekonomia suspertu nahi badugu Europa berrindustrializatuaz. Eragotzi egin behar duguna da, esan du euskal diputatuak, enpresa elektriko handiek testuinguru hau kontrolik gabe baliatzea, baina neurriek ere ez ditzaten “ondorio kaltegarriak” ekarri, enpresa elektrointentsiboak itotzea bezala”.

Izaskun Bilbao Baradicak parte hartu du gaur Industria, Energia eta Ikerkuntza Batzordearen baitan egin den eztabaidan, atzo Europako Batzordeak energiaren prezioaren gorakadaren inguruan aurkeztu zuen neurri multzoaz eztabaidatzeko. Atzo bertan Aitor Estebanek Madrilen eta Arantxa Tapia Sailburu andreak eztabaida honi eginiko ekarpenen ildo beretik, ordezkari jeltzaleak berretsi du krisi honi aurre egitera begira maila guztietan hartuko diren neurriak hartzeko prozesuan parte hartzeko ideia, bai eta inprobisazioa eta presak saihestekoa ere, akordioak eta konponbide partekatuak behar dituen arazoari aurre egiteko.

Txertaketa prozesuaren bidez pandemiari aurre egiteko eraman den prozesuaren antzekoak gogora ekarriz, EAJ-PNVko ordezkariak baieztatu duenez “energiaren prezioen krisi honentzako irtenbidea iritsiko da, pandemiarekin erakutsi den moduan, elkarrekin inbestitzeko eta berritzeko lanari esker, gobernantza maila guztiak aintzat hartuz eta helburu berbera partekatuz: energiaren merkatu bakarra, berdeagoa eta sozialagoa”.

PARTEKATU