Itxaso Atutxaren esanetan “Espainiako alderdiek ez dute lan nahikorik egin” akordio batera heltzeko “borondate faltaz aparte, pertsonalismo larregi” egon baita

Bizkai Buru Batzarraren presidente andreak gogoratu du negoziaketak egiteko orduan “gogo falta” antzeman dela eta akordioak “ehunka ordu lan egin eta gero” ematen direla, baina “tamalez, hori ez da Estatuan egin”, kritikatu du

Itxaso Atutxaren esanetan “Espainiako alderdiek ez dute lan nahikorik egin” akordio batera heltzeko “borondate faltaz aparte, pertsonalismo larregi” egon baita 29Apirilak
2016
2016 ApirilaK 29 |
BBB

PARTEKATU

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidente andreak, gaur goizean gaitzetsi duenez “Espainiako alderdiek ez dute lan nahikorik egin” Estatuan gobernua eratzeko akordio batera heltzeko. Behar bada, Estatu mailako alderdien “ohitura faltagatik” izan da, baina “negoziazioak hain publiko” egin izanak ez du lagundu. “Zuzenean egin dira negoziaketak”, sare sozialetan eta kazetarien aurrean, bai “batzarrak izan baino lehen” bai “batzarretatik ateratzerakoan, euren alderdikoekin hitz egin baino lehen”. Honi gehituta, “akordioetara heltzeko gogoak ere falta izan dira”, leporatu die Espainiako alderdiei eta gogoratu dienez, hitzarmenak “ehunka ordutan lan egin eta gero” ematen dira, baina “tamalez, hori ez da Estatuan egin”. Gainera, “borondate faltaz aparte, pertsonalismo larregi egon da”.

Gaur goizean Bizkaia Irratian emandako elkarrizketa batean, Atutxa hurrengo ekainaren 26rako aurreikusten diren hauteskundeen inguruan mintzatu da. Burukide bizkaitarrak esan du “aurreikuspenak egitea gatxa” dela, baina inkestek ematen dituzten datuak oso desberdinak ez direla esan du. “Ikaragarria ematen badu ere, oso indartuta agertzen da Alderdi Popularra, gehien bat Mariano Rajoy, nahiz eta etxe barruan daukaten guztia publikoa izan”. PSOEren kasuan, “abenduan ‘fitxaje’ moduan agertu zirenak jausten hasi zaizkio” eta Ciudadanos-ekin lortutako akordioa “etxe barrua baretzeko hitzarmena” izan dela pentsatzen du, eta kontu hauek “ahultasuna” adieraz dezakete.

“Gure kasuan, beti esaten dugu EAJ-PNVrentzat hauteskunde Orokorrak gatxak direla”, gogoratu du. “Ez dakigu orain hauteskunde hauetan mobilizatzen den ‘boto espainolista’ horrenbesterako mugituko den; baina adi egon beharko dugu”, adierazi du. Honen harira, Atutxak azaldu duenez, “joan den abenduan, Estatuko komunikabideen aldeko isiltasuna sufritu genuen. Eurentzat ez gara garrantzitsuak; probintzietakoak eta txikiak gara”. Nolanahi ere, “azken hilabeteotan ikusi dugunaren ostean, euskal hautesleriak argi ikusten du desberdintasun ikaragarria dagoela Espainia eta Euskadiren artean, gehien bat egiteko moduetan. Eta hori ere garrantzitsua da”, esan du.

Kanpaina berriak suposatuko duen gastuaz ere mintzatu da BBBren presidente andrea. Proportzioan ere “ez da berdina PP, PSOE edo C´s egiten duten gastua eta alderdi txikiok egiten duguna”, ebatzi du. “Ez daukagu dirua soberan, baina gutxienezko kanpaina bat egiteko eta hautesleriarengana heltzeko zerbait egin beharko dugu”, azaldu du. Baina, “badago gastua murrizteko aukera”, aurreratu du: “Kanpaina astebetera pasatzea; baina Estatuko alderdiak dira honen kontra agertzen direnak”, kritikatu du. Honen inguruan aurrera pausu bat eman du Atutxak: “Galdera izan beharko litzateke kanpaina berri bat nork behar duen jakitea. Horretan bai aurreztu genezakeela. Zer aldatu da? Zer berri esango du inork?”, galdetu dio bere buruari. Egia esan, “kanpaina osoa” legoke soberan, baina “aste beteko kanpainarekin ederto goaz denok”.

Interesatu Zaitez