Itxaso Atutxak baieztatu du Justiziak Eusko Jaurlaritzaren eskumenak urratzen dituela estadioen edukieraren inguruko erabakiarekin

BBBko presidenteak adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak atzo hartutako erabakiarekin “bere erantzukizun-esparrua” gainditu duela, eta oso larritzat jo du gauzak hala izatea
15 Iraila | BBB

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEAN) euskal estadioen edukieraren inguruan Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien aurkako erabakiaren kontra agertu da gaur goizean Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarreko presidentea. Justiziak “gainditu egin dau bere erantzukizunaren barruan lanerako duen bidea, eta oso arriskutsua da hori”, esan du. Garrido epaileak hartutako erabakiarekin, “noren eskutan dagoz Eusko Jaurlaritzaren eskumenak? Bere eskuetan? Gai honetan eta beste batzutan, ez dago pandemia bat holan gestionatzerik; baina, ez dago beste ezer kudeatzerik gitxieneko segurtasun juridikorik ez dagoalako”, tamaldu da. “Serio jarri beharko genduke danok, alderdi politiko guztiok; erabaki honekin printzipio batzuk urratzen dira eta hori oso grabea da”, baieztatu du.

Bizkaia Irratiari eskainitako elkarrizketan, Atutxak argudiatu du EAEANek gainditu baino gehiago egin duela baina, “ez da sorpresa izan; ez genduan beste gauzarik espero”. “Kuriosoa da ikustea Justiziak zein arin ibili dan honetan. Esaten dogunean justizia geldo dabilela, ikaragarria da ikustea zein erraz erakutsi daben ia 900 folio eukazan Jaurlaritzaren txostena 3 ordu baino gitxiagotan irakurtzeko eta horren gaineko ebazpen bat emoteko gaitasuna”, esan du ironiaz. Bizkaiko jeltzaleen buruak azaldu duenez, estadioen edukiera murriztearen erabakia Eusko Jaurlaritzaren eskumenen barruan dago. Beraz, “Nor da tribunal bat, nor da Garrido, erabakitzeko gure eskumenak zelan murriztu?”. “Eskumen batzuk urratu egiten jakuz justizia administraziotik eta hori oso grabea da herri batean botereen banaketa benetan ziurtatzeko”, bukatu du.

Ikasturte politiko berri baten hasieran gauden honetan, BBBko presidenteak azpimarratu nahi izan du EAJ-PNVk pandemia garaian zerbitzu publiko izateko erakutsi duen eta erakusten jarraitzen duen borondatea. “Urtebete honetan Eusko Jaurlaritzan, eta EAJ-PNV dagoan beste erakunde batzuetan ere, aurrera eroan gura izan dogu garapen ekonomikoa” batez ere “lan gehiago eta hobea izan daiten”, aurreratu du. “Ezin izango dogu herri lez aurrera egin ez badogu lortzen benetan, ekonomikoki ausartak izanda, nahiko autonomia izatea. Eta horretan jarraituko dabe, ez horrenbeste hasi, EAJ-PNVk kudeatzen dituen erakunde guztiak”, ziurtatu du. “Pandemiak dana estaldu egin dau eta emoten dau ez gareala beste lan batzuetan egon, baina erakutsi geinke euskal erakundeak, eta EAJ dagoan erakundeetan, lanean aritu dirala”, gogoratu du.

Ostiralean, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako gobernuaren artean eskumenen transferentziaz hitz egiteko bilera egongo da. Olatz Garamendi, Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa bertan izango dela gogoratu eta gero, Itxaso Atutxak irmoki esan du Madrilgo ordezkaritzari eskatuko zaiona dela “sinatutakoa eta hitzemandakoa betetzea”. “Eurentzat momentu hau garrantzitsua da aurrekontuak mahai gainean daukiezalako.

Alderdiengana laguntza eske datozanean, guk gogoratuko deutsegu barikuan eta beste egun batzuetan egiten jakiezan eskariak bete dagiezala. Batez be, eurek sinatutako gauzak diralako eta batzuk ere Espainiako Gobernuak berak legean jarritakoak diralako, Gutxieneko Diru-Sarreraren kasuan, esaterako. Beraz, legean jasota dagoana bete dagiela”, eskatu die.

PARTEKATU