Itxaso Atutxa: “Une honetan EAJ-PNVren lehentasuna da egunerokoa kudeatzea, eta ez hauteskundeetarako lasterketa hastea”

BBBren presidentea Lezamako batzokiaren 110. urteurrenaren ospakizunetan izan da gaur, eta talde jeltzalearen jarrera nabarmendu nahi izan du beste alderdien jarrera elektoralisten aurrean: “Orain dagokiguna da herritarren beharrei eta kezkei erantzutea”.
22
Maiatza
BBB
PARTEKATU
22 Maiatza | BBB

"Euzko Alderdi Jeltzalearen helburua ez da oraindik hauteskundeetarako lasterketa hastea, denak izango du bere momentua. Une honetan, gure lehentasuna da egunerokotasuna kudeatzea, herritarren beharrei erantzuna ematea. Oraingoa da herritarrei arduratzen dieten behar eta ardurak kudeatzea eta konpontzea”. Hori izan da Bizkai Buru Batzarraren presidente Itxaso Atutxak EAJ-PNVk Lezamako alderdikide taldearen eta batzokiaren irekieraren 110. urteurrena ospatzeko egin duen ekitaldi politikora etorri diren 150 alderdikideri helarazi nahi izan dien mezua. Atutxarekin batera ospakizuneko beste hizlariak izan dira Idoia Zarate, Lezamako Uri Buru Batzarraren Lehendakaria, eta Ziortza Álvarez EGIkidea. Bertan ere izan dira EBBren idazkari, Mireia Zarate; BBBren burukide Aitor Landa, Maitane Ipiñazar eta Ana San Nicolás; Txorierriko alkate eta zinegotziak, eta EAJ-PNVko bestelako barne eta herri kargudun.

“Azken asteotan entzun dugu batzuk hauteskundeetan pentsatzen ari direla”, deitoratu du Bizkaiko jeltzaleen buruak. “Behin eta berriz egiten ari dira euren ohiko adierazpen politiko hutsalak, eta baten bat hasi da kongresuak, herri-konferentziak eta asmo elektoralista argiz eginiko ekitaldiak antolatzen”, esan du. Baina ez, “ez da sasoia”. BBBren presidenteak gogora ekarri duenez, mundu mailan eman diren aldaketa sozialek, pandemiak eta azken hilabeteotan Ukrainako inbasioaren ondorioek “egunerokotasuna baldintzatu dute; dagoeneko, ezer ez da izan zena. Eta horrek derrigortzen gaitu kudeatzera, erabakiak hartzera, prest egotera… EAJ-PNVk konpromisoa dauka herri honen herritargoarekin, eta bete egin behar dugu. Dena iritsiko da, bai eta hauteskundeak ere”, nabarmendu du.

“Euskal gizarteak egunerokotasuna kudeatzen jarraitzea merezi du, arduratzea eta lanean jartzea”, baieztatu du, “eta horretan ari da EAJ”. Ildo horretan, azken asteetan EAJ-PNVk abian jarri dituen zenbait ekintza aipatu dira, alderdi jeltzaleak planteamendu horrekin duen konpromisoa agerian uzten dutenak. Hala, gogora ekarri du ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko hileko 200 €-ko laguntza emango duela Eusko Jaurlaritzak 2023tik aurrera eta hiru urtera arte, bai eta Euskal Taldeak Kongresuan lortutako akordioa ere, Ikus-entzunezkoen Legearen esparruan, euskararen presentzia handitzen duena. Baina eguneroko kudeaketa hori herrialdeetara ere eramaten da. Ildo horretan, “Arabako Foru Aldundiak herrialdeko natura-ondarea, geologikoa eta industriala berreskuratzeko egiten duen etengabeko ahalegina” nabarmendu du, herritarren zerbitzura jartzeko; “Gipuzkoan, ikerketa kuantikoko polo bat sortzeko inbertituko dira 12 milioi euro, ondoren hainbat sektoretan aplikatu ahal izango den zerbait, industriatik zientziara, finantzetatik pasatuz, edo Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao bulebarra, Getxo eta Bilboko itsasadarraren arteko lotunea lotuz. Hau kudeaketa da. Hauek erantzunak dira. Hau egunerokotasuna da”, amaitu du.

Lezamako Uri Erakundearen lehendakari Idoia Zaratek gogorarazi duenez, “110 urte igaro dira gure herriko abertzaleek Alderdiaren lehen egoitza ireki zutenetik herriaren erdigunean dagoen eraikin batean. Alejandro Dañobeitiak laga zion Alderdiari `Alejandron´ izenez ezagutua, eta bertatik ekin zitzaion herri honetan irmotasun, lan eta motibaziozko bideari, gure kultura, identitatea eta memoria sortuz .Gure herriko emakume eta gizon haiek eginiko lanak ahalbidetu du gaur hemen inoiz baino indartsuago jarraitzea”, eskertu du.

Ospakizunaren beste protagonistetako bat Ziortza Alvarez EGIkide lezamarra izan da. “EAJ-PNVren historia gure aurretik egon direnek sortu duten historia da. Horregatik ospatzen dugu gaur gure batzokiaren eta EAJren 110. urteurrena Lezaman! Izan ere, emakume eta gizon haiek gogotik lan egin zuten herri honetan aberrigintzan eta herrigintzan”, gogorarazi du. EAJ Euskadi aurrera ateratzeko alderdirik egokiena, konprometituena, prestatuena eta ausartena dela ziurtatu du EGIkideak. Era berean, bi mezu bidali ditu. Lehenengoa gazteentzat izan da, eta “gure aurrekoen lanarekin eta ondarearekin jarraitzeko eta Lezamarekin eta Euskadirekin politikoki konprometitzeko” gonbita egin die. Eta bigarrena helduei zuzendu die: “lasai egon zaitezkete; herri honen etorkizunarekin dugun konpromisoa irmoa da. Erakutsi diguzuen bidetik jarraituko dugu”.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ