Itxaso Atutxa: “Orain, inoiz baino gehiago, PSOEri tokatzen zaio zerbait egitea, afinitate ideologikoaren zurigarria desmuntatu diote eta”

Bizkai Buru Batzarreko presidenteak ziurtatu du PP eta Ciudadanos hurbildu izanak ez duela inolaz ere EAJ-PNVren erabaki irmoa aldatuko: “Rajoyri ezetza lehenengo bozketan eta ezetza bigarrenean ere”
Itxaso Atutxa: “Orain, inoiz baino gehiago, PSOEri tokatzen zaio zerbait egitea, afinitate ideologikoaren zurigarria desmuntatu diote eta” IKUSI BIDEOA
10 Abuztua | Berria

Gaur goizean Madrilen egindako bileran PP eta Ciudadanosek “popularren” balizko inbestidurari begira  zenbait adostasun lortu dituztela dirudi; bileraren ondoren Mariano Rajoy eta Albert Riverak  prentsaurrekoak eskaini dituzte, eta horien ostean oso argi zuzendu da Itxaso Atutxa komunikabideetara. “Akordioaren hasiera honek garbi uzten duena da Espainiako gobernagarritasunaren ardura PSOEk duela orain, inoiz baino gehiago. Pedro Sánchezek erabaki behar du Espainian gobernu bat edo hirugarren bozketak egongo diren” adierazi du Bizkai Buru Batzarreko presidenteak. Horrez gain, Atutxak berriz ere oso argi esan du Rajoyren balizko inbestidura saioan EAJ-PNVk egingo duena aldaezina dela. “Rajoyri ezetza lehenengo bozketan eta ezetza bigarrenean ere”. Gauza asko aldatu behar dira, eta denbora asko igaro behar da EAJk PPrekin egin ahalko lukeen balizko akordioren bat soilik planteatzera iristeko”.

Atutxaren iritziz, Sánchezek “ezin du minutu bat gehiago ere alboratuta jarraitu. Are gutxiago PP eta Ciudadanosen arteko kidetasunak orain arte sozialistek erabili izan duten afinitate ideologikoaren zurigarria desmuntatu duenean; zurigarri hori erabilita, azken egun hauetan sozialistek euskal nazionalisten eta nazionalista katalanen esku utzi nahi izan dute soilik PSOErena den ardura. PSOEk Espainiako politikaren esparruan norbaitekin kidetasuna erakutsi badu, Ciudadanosekin izan da; orain dela sei hilabete baino gutxiago, Pedro Sánchezen inbestidura lortzera bideratuta zegoen dokumentua sinatu zuten, 66 orrialde zituena eta 200 neurri jasotzen zituena”. “Orain Alderdi Popularrarekin erabakiak hartzen ari den Ciudadanos berarekin, alegia” azpimarratu du. Atutxak, halaber, gogorarazi du beharrezkoa ez zen arren, Riverak berak albo batera utzi duela gaur PPrekin izan duen akordioan alderdi nazionalisten parte hartzea.

Azken hilabete hauetan Espainiako klase politikoa erakusten ari den ikuskizun tristearen aurrean, Atutxak Espainiako lau alderdi nagusiei eskatu die “beraien artean negoziatu eta adostasunetara iristeko. Espainia lehentasuntzat jotzen dutenek konpon dezatela Espainia. Gure lehentasuna Euskadi da”. Berriz ere esan du “guk ‘ez’ esan genuen lehen saioan eta bigarrenean ere ‘ez’ esan dugu”. Horrez gain, adierazi du “aurretiazko sei neurri baino askoz gehiago beharko litzatekeela eta denbora oso luzea igaro beharko litzatekeela EAJ-PNVk arrabolaren Alderdi Popularrarekin, lehendakaria gutxiesten duenarekin, eta Euskadiko autogobernuari erasotzen dionarekin izan ditzakeen balizko akordioak soilik planteatzera iritsi aurretik”.

Ondoren, Radio Nacional de España irrati katean egin duen elkarrizketan datorren euskal hauteskundeei buruz galdetuta, Atutxak gauzak hemen desberdin egiten direla adierazi du. “EAJ desberdina da, historikoki erakutsi dugu. Negoziatzeko kapazak gara. Urkullu lehendakariaren legealdia honetan ere erakutsi dugu nola alderdi desberdinekin akordioetara heltzeko kapazak garen. Legebiltzarrean, 27 jesarlekuekin, gai desberdinei buruz desberdinekin akordioetara heltzeko gai izan gara. Alderdi Sozialistarekin nazio mailan akordioetara heldu gara, baita Batzar Nagusietan eta Aldundietan, hiri eta zenbait herrietan ere. Bildurekin ere Legebiltzarrean akordioetara heldu gara. Gu akordioetara zabalik gaude”. “Betiko Euzko Alderdi Jeltzalea izaten jarraituko dugu. Urkullu lehendakariak denekin hitz egiteko prest dagoen gobernuaren buru izango da . Gure izaeraren isla jarraituz”.

Amaitzeko, Atutxak gaineratu du baita euskal hautesleriak badakiela hauteskunde desberdinak bereizten. “Euskal hauteskundeak etorkizunera eta kudeaketa on bati begira zuzendurik egon daitezke. Errespetu guztiz, Urkullu lehendakariaren eta bestelako hautagai buruen artean, jendeak bai emango dio botoa konfiantzari eta Lehendakariak azken urte hauetan erakutsi duen egiteko erari”.

 

PARTEKATU