Irailaren 25ean EAJ bozkatzea izango da Herri gisa eta gizarte gisa aurrera egitea

Lehendakariak baieztatu du Euskadiren etorkizuna “urratsez urrats” eraikitzen dela, hau da, “konpromiso eta egintza zehatzen bidez”; eta euskal gizarteari ohartarazi nahi izan dio beren egitasmo politikoa egitasmo politikoa maximalismotik eta “dena ala ezer ere ez” abiapuntutzat hartuta eraikitzen dutenen aurrean
Mitina
20 Iraila | Berria

“Batzuek Herri gisa aurrera egiteaz baino ez dute hitz egiten, eta gizarte honen aniztasunaz eta pertsonez ahazten dira. Beste batzuek aniztasuna baino ez dute azpimarratzen eta ez zaie interesatzen Euskadiren Autogobernuak aurrera egitea ala ez, beren proiektuaren helburua ez da Euskadi. EAJ bozkatzeak esan nahi du maximalismoa, entelekiak eta ameskeria politikoak albo batera uztea. EAJ bozkatzea da Euskadiz besteko interesen mende egongo den etorkizun zurrunegia albo batera uztea. EAJren botoaren helburu nagusiena pertsonak eta Euskadi dira. EAJ bozkatzea da Herri gisa aurrera egitea eta gizarte gisa aurrera egitea. Urratsez urrats aurrea egitea, arazoei era errealista eta bideragarrian aurre eginez. EAJ bozkatzea da bihotza eta emozioa pertsonetan oinarritzen den eta etorkizunera begira dagoen Euskadiren zerbitzura jartzea”. Euskal gizarte osoari zuzendu nahi izan dion mezuarekin amaitu du Iñigo Urkullu Lehendakari eta berraukeratua izateko hautagai jeltzaleak, EAJk, gaur arratsaldean, Eibarren egin duen ekitaldi politikoa. Gaurko topaketan izan dira EAJren hainbat alderdikide, alderdizale eta hautesle, eta Lehendakariaren ondoan ekitaldiko beste hizlaria izan da Josebar Egibar Gipuzko Buru Batzarraren presidente eta Gipuzkoako zerrendaburua. Unzaga Plaza bezalako eszenatoki sinbolikoan, Urkulluk Agirre Lehendakariari eskaini izan dio oroimen hunkigarria, Euskadiko lehen Lehendakaria izan zena gaur iluntzean Donostiako Zinemaldian omendua izan delarik.

Gai politikoa jorratzen hasita, Lehendakariak euskal herritarrei eskatu die `dena ala ezer ere ez´ botoaz hausnartzea. Diskurtso politiko batzuk losintxak eta lausenguak baino ez dira eta `dena´ eskaintzen dute. Beren helburua erakartzea da ahal duten gehiena exijituaz. Honetan re Podemos eta Ezker Abertzalea oso antzekoak dira. Ezker Abertzaleak trantsiziotik darama maximalismoan eta mugitu gabe. “`Dena ala ezer ere ez´ jokoa jokatu dute, behin eta berriro. Apustu guztietan emaitza `ezer ere ez´ izan da. Oraindik ere, maximalismoan jarraitzen dute. EAJ eredua izan da urratsez urrats aurrera egitea. Herri honen eta gizarte honen eraldaketa lideratu dugu. Pausuz pausu, presaka ibili barik. Gelditu gabe, urrats sendo, egingarri eta bideragarriekin. Mila dorre eta gaztelu airean eraikitzen aritzea, aurreikuspen faltsuak sortaraztea edo maximalismoa elikatzea ez da inola ere konpromiso jeltzalea. Pentsamendu sinplea baino ez da. Gure konpromiso abertzalea da Herria eta gizartea urratsez urrats egitea. Konpromiso abertzalea eraikitzea da, egunez egun eraikitzen segitzea, egunez egun aurrera egitea” baieztatu du hautagai jeltzaleak. Iñigo Urkulluk ildo beretik esan du Euskadik hurrengo urteotan erronka hirukoitzari egin beharko diola aurre: “enplegu gehiago eta hobea; langabezia % 10etik jaistea ; 20 mila gazteri lan aukerak ematea”.

Urkulluk gaur arratsaldeko mitina aprobetxatu du EAJ-PNVk Hezkuntza eta Osasunaren hobekuntzarekin hartu duen konpromisoa azpimarratzeko. Baieztapen hori abalatu du abian jarri diren egintza eta konpromisoekin, horiek ere urratsez urrats. “ Eibarreko erietxe berria; Osasun Zentro berriak Aretxabaletan eta Donostian, Alde Zaharrean eta Aieten; Osasun Zentroak Amurrio, Kanpezu eta Murgian; beste osasun zentroak Zallan eta Gueñesen; Biocruces-en ikerketarako eraikin berria; artatze zerbitzuak Urdulizeko erietxean; Zainketa intentsiboko unitatea Basurton; Larrialdietarako eta Zaintza Intentsiboko Unitaterako eraikin berria Txagorritxun; Ikastetxe berriak Bergara, Hernani, Zestoan eta Zumaian; ikastetxe berriak Gasteiz, Zabalgana eta Errekabarrin; ikastetxeak Ugaon, Bilbon eta Basaurin… Euskadi urratsez urrats eraikiko dugu, adreiluz adreilu… Zerbitzu hobeak eta kalitate handiagoa pertsonei emandako arretan …”.

Urkulluk aitortu du “harro” sentitu dela “azken lau urteotan euskal gizartea ordezkatzea” tokatu zaionean. “Harro nago euskal gizarteak, familiek, enpresek eta emakume eta gizon langileek aurrera egiten hastea lortu dutelako. Lana, lana eta lan gehiago. Orain arteko bidetik jarraitu behar dugu, bide onetik goaz. Euskadik une esanguratsua bizi du orain. Jokoan dauka orain arteko bidetik jarraitzea. Horregatik eskatzen dut Gobernu sendo eta irekia osatzeko aukera. Etorkizunean konfiantza izatea eskatzen dut” baieztatu du.

Bere aldetik, Legebiltzarreko EAJ-PNVren bozeramaileak ezker abertzaleak bere buruari ematen dion rol “ikuskatzailea” salatu du. Ildo horretan, ohartarazi du “Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea askoz ere serioagoa dela Arnaldo Otegi eta EHBilduko jendea egiten ari diren proposamenak baino; ezin da joko motzerako erabili”.

Joseba Egibarrek kritikatu du ezker abertzaleak erabakitzeko eskubidearen inguruan proposamenak egiteko duen helburu bakarra dela EAJren erantzuna eta ekintza ebaluatzea. Jarrera “onartezin” horren aurrean, balioan jarri du estatus berrirako EAJk duen proposamena. "Erabakitzeko eskubideaz dihardugu: ez, soilik, bere etorkizunaren jabe izan nahi duen komunitate politiko bati eragiten dion erabakitzeko eskubidea, baizik eta erabakitzeko eskubide edukiduna; alegia, euskal erakundeek politika publiko guztien eskumena izan dezatela, herritarrengan eragina duten arlo guztietan: jaiotza-politiketatik pentsioetara, azpiegituretatik justiziara, beste euskal lurraldeekiko harremanetatik nazioarteko harremanetara”, azaldu du.

“Proiektuaren definizio hori interesatzen zaigu”, nabarmendu du, “eta proiektu horren definizioa herritarren eskutik egin nahi dugu, ez bakarrik politikarien arteko ariketa gisa”. “Hasieratik, parte-hartzea herriari eman nahi diogu”, ziurtatu du, “eta Legebiltzarrean oinarri batzuk onartzen badira, guk proposatzen dugu –eta ezker abertzaleak kopiatu egin digu- kontsulta agintzaile bat egitea, herriak erabaki dezan zer proposatu Estatuari”.

Puntu horretan, “printzipio demokratikoaz” jardun da, “hori baita aldebakartasuna ekiditeko bermea”. Bi aldeak –Euskadi eta Estatua- konprometitzen dituela azaldu ondoren, azaldu du “printzipio demokratikoak aldebikotasunara eramaten zaituela”, izan ere “hori baita berdinen arteko akordioa eta, izatekotan, baldintza batekin: euskal herritarrek libre eta demokratikoki erabakitzen dutena aintzat hartu eta ordenamendu juridikoan jaso behar da, aurretiaz negoziatuta”. “Hori da EAJk orain defendatzen duena, eta 2004an Ibarretxe Lehendakari zela defendatu zuena”, esan du.

Ezker abertzalearen jarrera “ikuskatzailea” erakusteko, Gipuzkoako zerrendaburuak gogora ekarri ditu Eusko Legebiltzarreko Estatutu Politiko Berriaren bozketak (2004). “Aukera bakarra izan dugu Eusko Legebiltzarrean erabakitzeko eskubidea testu artikulatu batean bozkatzeko. Nola kalifikatu dezakegu orduan ezker abertzaleak aldeko hiru eta kontrako beste hiru boto eman izana?”, galdetu du. “Hiru alde eta hiru kontra, berdin zero”, erantzun du, “ba al dago jarrera makurragorik?”.

“Argi ibili guztiongan eragina daukaten eskubide kolektiboekin –erabakitzeko eskubidea bezala- jokoan aritzearekin!”, gogoratu du. Badakite bide serioak baldin badaude, ebaluatu eta finkatu daitezkeen benetako ibilbide politikoak baldin badaude,  EAJ hor egongo dela, baina ez dugu onartuko herri honen eskubideekin jolasean aritzea”, amaitu du.

 

PARTEKATU