Iñigo Urkullu Lehendakariak euskal hezkuntza komuniutateak 2020-2021 ikasturtean egin duen lana eskertu eta aitortu du

Batez beste, gelen %99,28 irekita izan dira eta aurrez aurreko eskola jarduerari eutsi diote, 2020-2021 ikasturte honetan
Iñigo Urkullu Lehendakariak euskal hezkuntza komuniutateak 2020-2021 ikasturtean egin duen lana eskertu eta aitortu du
16 Ekaina | Eusko Jaurlaritza

Lehendakariak eskertu eta aitortu egin du amaitzear den 2020-2021 ikasturte honetan euskal hezkuntza-komunitate osoak izan duen konpromisoa, dedikazioa eta inplikazioa. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, Iñigo Urkullu izan da gaur goizean Eusko Jaurlaritzak antolatutako aitorpen-ekitaldiaren buru. Gasteizko Odon Apraiz Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxean egin da ekitaldia, hau izan baitzen, duela urtebete pasa, 2020ko martxoaren 9an, aurrez aurreko hezkuntza jarduera bertan behera utzi zuen lehen eskoletako bat, pandemia hedatzen ari zela eta. 

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere parte-hartzaile izan duen ekitaldiak, Euskadiko hezkuntza-komunitatea osatzen duten eragile guztien ordezkaritza zabala izan da. 

Orain amaitzen ari den ikasturte honetan, batez beste, ikasgelen % 99,28 mantendu dira zabalik, eta, horrela, aurrez aurreko eskola-jarduera bermatu ahal izan da. Hori guztia euskal hezkuntza-komunitatea osatzen duten langile guztien ahalegin eta ardurari esker lortu da. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak hezkuntza-komunitate osoa zorionduz hasi du bere hitzaldia, ikasturte honetan aurrez aurreko hezkuntzari bizirik eutsi diolako, eta irekita mantendu diren ikasgelen ehuneko handi horri balioa eman dio. "Gaur zuen ahalegina eta konpromisoa aitortu eta eskertu nahi dugu. Ikasgelen %99 baino gehiago zabalik mantentzea lortu duzue, egunero, ikasturte osoan zehar. Azken emaitza hori ez genuen espero izango duela hamar hilabete, iazko abuztuan, osasun-larrialdia ezarri behar izan genuenean". 

Ziurtatu duenez, euskal gizarteak aitortzen du lorpen hori, "pandemia honetan ikasitako lezioetako bat hezkuntza presentzialaren garrantzia izan delako. Garrantzitsua ikasleentzat, eta, zalantzarik gabe, funtsezkoa familia, lan eta gizarte-bizitzaren orekari eusteko. Guztion ondasunaren zerbitzura dagoen auzolanaren adibide zarete: hezkuntza eta bizikidetza soziala ", adierazi du. 

“Harro egon zaitezkete egindako lanarekin. Ez da batere erraza izan, eta zeuek dakizue inork baino hobeto. Ikasleak beren ikastetxeetara egunero joan ahal izatea lortzeak, balio handia du. Aurrez aurreko hezkuntzak, prestakuntza emateaz gain, esanahi oso zabala du: berdintasuna, lankidetza eta babesa esan nahi du; kontziliazioa, lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzea; eta gizartean komunitate baten parte sentitzea esan nahi du. Zuen konpromisoak oinarrizko zerbitzu integral hau bermatu du". 

Eskerrak emateko kanpaina

Ekitaldian, gaurtik aurrera irratian eta telebistan emititzen hasiko den aitortza-iragarkia proiektatu eta aurkeztu da. Iragarki horretan, hain zuzen ere, hezkuntzako talde profesional guztiak dira protagonista, beren inplikazio eta ahaleginarekin, ikasturtea ia %100ean presentziala izatea ahalbidetu baitute: hainbat etapatako ikasle eta irakasleak, familiak, garbitzaileak, jantokiko eta sukaldeko langileak, eskola-garraiokoak edo administrazio eta atezaintzako langileak.

Iturria: Irekia

PARTEKATU