Eusko Jaurlaritzak hartu dituen neurri ekonomikoen xedea “enpresak, familiak eta autonomoak eror daitezela saihestea” dela baieztatu du Itxaso Atutxak

Bizkai Buru Batzarreko presidenteak nabarmendu du kolektibo hauen etorkizuna bermatu ezik, Covid-19 delakoak eragingo dituen ondorio ekonomikoak saihestea “are konplikatuagoa” izango litzatekeela
25 Martxoa | BBB

Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak aditzera eman du Covid-19 delakoari aurre egin ahal izateko Eusko Jaurlaritzak atzo onartutako 841 milioi euroko lehen neurri sortak “orain dagoan egoerari erantzun zuzena” ematen diola, eta era berean ahalbidetuko duela “enpresa, familia eta autonomoak jausi ez daitezela”. Horrela egin ezean, “euskal ekonomiak gerora begira izango dituen ondorioak ekiditea are zailagoa izango dalako”, aurreratu du gaur goizean Bizkaia Irratian emandako elkarrizketa batean.

Covid-19 delakoari aurre egitera begira abian jarri den programaren barruan, Eusko Jaurlaritzak 200 milioi bideratuko ditu osasun-sistema indartzera, 586 milioi enpresei eta autonomoei laguntzera, eta 55 milioi pertsona eta familien beharrei arreta emateko neurriak ezartzera. “Neurri ekonomiko hauek asko dira, dirua ere asko delako” eta familiei zuzendutako laguntzak nabarmendu ditu. “Ez dogu ahaztu behar gizarte larrialdiko diru-laguntzen igoera, Udalek kudeatuko dabezanak, edo langile autonomoei bideratutako diru-laguntzak”. “Laguntza horreek erantzun zuzena emoten deutsie gaur egungo egoerari”, baita etorkizuneko beharrei ere “gerora begira, enpresak, familiak eta autonomoak jausi ez daitezan”. Horrela egin ezean “euskal ekonomiak etorkizunean izango dituen ondorioak askoz ere zailagoak izango diralako ekiditen”, baieztatu du.

Bizkaiko jeltzaleen buruari galdetu diote Covid-19 delakoaren are hedapen handiagoa saihestu ahal izateko, jarduera ekonomikoa guztiz eten behar ote litzatekeen, eta berak erantzun du ezin direla lantegi guzti-guztiak itxi. “Zerrenda bat egin beharko geunke etxean geratzen garan guztiok oinarrizko beharrak beteta izan daiguzan, hau da, zeintzuk diran itxi behar diranak eta zeintzuk ez”. Eta “zerrenda hori ondo aztertuta, errez konturatuko gara kate hori zein handia dan”. “Katea oso, oso, oso luzea da. Elikagaiak, Osakidetzak behar dituen material guztiak, edozein tresna apurtzen bada, konpontzeko gai guztiak egon daitezela… etxetik lan egiten dogunok be oinarrizko zerbitzuak beteta izan daiguzan”. “Beraz, kate hori goitik behera aztertzen badogu, asko dira kate horretan parte hartzen dabenak”. Honen harira, argi utzi nahi izan du “lanera doazen langile guztien osasuna eta segurtasuna” bermatu behar dela.

Atutxak Covid-19 delakoak sortu duen egoeraren aurrean gizarteak eman duen erantzuna eskertu nahi izan du, eta oso bereziki osasun arloan lan egiten dutenen lana. “Jendearen erantzuna, oro har, oso ona izan da eta, jakina, Osakidetza inguruko langileen lana ikaragarria izaten ari da. Esango neuke eskertzekoa baino gehiago izaten ari dala egun hauetan egiten ari direna”, goraipatu du“.

PARTEKATU