Euskal Taldeak abstentzioa emango du Elektrikoen dekretuaren bozketan

Idoia Sagastizabal bozeramaile jeltzaleak berretsi du neurri hori zuzendu beharra dagoela “industria arriskutan jartzea” saihesteko, eta argindarraren merkatua eta prezioak ezartzeko sistema marjinalista “berrikustearen eta berriro diseinatzearen” alde agertu da
14 Urria | Kongresua

Kongresuko Euskal Taldeak iragarri du abstentzioa emango duela Gas naturalaren gorakadak gas eta argindar merkatu txikizkakoetan eragin duen inpaktua arintzeko premiazko neurriei buruzko irailaren 14ko 17/2021 Lege Dekretuaren bozketan.

Gaur bertan neurri hori eztabaidatzeko eta berresteko egin den osoko bilkuran, energia gaietarako bozeramaile jeltzale Idoia Sagastizabalek balorazio positiboa eman die Dekretuak kontsumitzaileentzat ekarriko dituen ondorioei, baina ildo beretik azaldu nahi izan du neurri horrek industriaren sektorearentzat ekar ditzakeen ondorioek EAJ-PNVri eragiten dioten kezka, ekonomia suspertu beharreko testuingurua bizi dugula. “Kontsumitzaileez gain, industria ere babestu beharra dago, ezinbestekoa delako ekonomia berroneratzea, enplegua eta inbertsioa bermatzea bilatzen badugu”, esan du diputatu andreak.

Ildo beretik, Sagastizabal kritiko agertu da eztabaidaren polarizazioaren eta sinplifikazioaren aurrean. “Harri eta lur ikusi dugu eztabaidaren gai bakarra dela elektrikoen alde edo kontra jartzea, gainerako guztia garrantzitsua izango ez balitz bezala. Industriarako ondorioak ahaztuta eta ekitatea alde batera utzita”, deitoratu du. Horren aurrean eta “ohi duen bezala”, EAJ-PNVk “elkarrizketa bidezko irtenbidea aldarrikatzen du, Gobernuaren eta enpresen artean adostua”, enpresa elektrikoetarako planteatutako mozkinen beherakadak industriarako ondorioak ekar ez ditzan, Sidenorrekin gertatu den bezala. “Ulertzen dugu zentzuzkoa izan daitekeela mozkin batzuk kentzea interes orokorreko gai batzuengatik eta salbuespen egoera batean, baina ez dira kontuan hartu alde biko kontratu ezberdinak daudela, industriak erabiltzen dituenak prezio egonkor eta lehiakorrak izateko”, azaldu du Sagastizabalek.

Diputatu jeltzaleak gaineratu duenez “funtsean, arazoak bere horretan jarraitzen du, eta arazoa da argindar merkatua bera”. Zentzu honetan Sagastizabal prest agertu da argindarraren merkatua eta prezioak ezartzeko sistema marjinalista berrikusteko eta berriro diseinatzeko. “Arazo konplexuek ezin dute irtenbide errazik izan. Arazoa bada enpresa handiek merkatuan duten boterea baliatzen dutela, har ditzagun neurriak zentzu horretan”, gaineratu du.

Esandako argudioekin eta Espainiako gobernua Lege Dekretua argitzeko, modulatzeko edo zuzentzeko atea ireki dutela egiaztatu ondoren, Euskal Taldeak abstentzioa bozkatzea erabaki du, eta Ribera Presidenteorde andreari adierazi dio EAJ-PNV bide horretan laguntzeko prest dagoela.

Amaitzeko, Euskal Taldeak jakinarazi du ezezkoa emango duela argindarraren merkatuan igorri gabeko CO2-aren ordainketan eragiteko Lege Proiektuari aurkeztutako zuzenketen bozketan, ekimenak bere bidea jarrai dezan.

PARTEKATU