Euskadiren etorkizunari aurre egiteko "zorroztasunez, elkartasunez eta taldean" lan egingo duten 25 emakume eta gizonak aurkeztu ditu Itxaso Atutxak

Leixuri Arrizabalagak, Eusko Legebiltzarrerako EAJ-PNVren Bizkaiko zerrendaburuak datozen urteetan aurre egin beharko zaien oinarrizko erronkak azaldu ditu: "Aukera berdintasuna, demografia, ingurumena, ekonomia eta Autogobernua"
29 Otsaila | BBB

EAJ-PNVk gaur goizean aurkeztu du Sabin Etxean (Bilbon) apirilaren 5eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Bizkaian aurkeztuko duen zerrenda. Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarreko burua, eta Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko zerrendaburu jeltzalea, hizlari izan dituen ekitaldian biek nabarmendu dute Bizkaiko zerrenda osatzen duten emakumeek eta gizonek garai berriari ekingo diotela “zorroztasunez, solidariotasunez eta lantaldean lan eginez” Euskadin hurrengo urteetan planteatuko diren erronkei aurre egin ahal izateko.

Bizkaiko jeltzaleen buruak nabarmendu duenez, “Esperientzia eta berrikuntza oinarri izango dituen eta euskal gizartearen zerbitzura atsedenik gabe lan egingo duen taldea aurkeztuko dugu”. Era berean, “Euskadik aurrera egiten jarraitu behar du, presarik gabe baina etenik gabe, eta datozen urteetan planteatuko zaizkigun erronka ugariei aurre egin beharko diegu”, gaineratu du. “Autokonplazentzian erori gabe, egindakoa hausnartuz eta etengabe hobetuz. Izan ere, mundua aldatzen den modu berean, gizarte honek ere hala egiten du; zorroztasuna eta lana eskatuko digun gizarte heldua da gurea. Eta guk eman egingo diogu”, ziurtatu du.

Atutxak aditzera eman duenez, EAJ-PNV 2016an euskal herritarrei emandako hitza bete izanaren bermearekin aurkeztuko da apirilaren 5eko hauteskundeetara, eta orain arte egindako kudeaketak ematen duen segurtasuna eta konfiantza eskaintzen ditu berme gisa. Ildo horretan, “funtzionatzen duen eredu bat dugu, ondo prestatuta dauden pertsonak eta lantalde gaituak, erronka horiek guztiak aukera bihurtzeko, Euskadik bere bidea egin dezan; eredu bihur dadin aukera-berdintasunaz, bizikidetzaz, tolerantziaz eta elkartasunaz hitz egiteko orduan; autogobernu gehiago eta hobea izaten jarrai dezan; enplegu- eta hazkunde-politiketan erreferente izan dadin; digitalizazioaren eta teknologia aurreratuaren alde egiten jarrai dezan; osasunaren, hezkuntzaren, gazteriaren edo etxebizitzaren arloan jarraitu beharreko eredu izan dadin; ingurumen-iraunkortasunean aurrera egiten jarrai dezan . Hori guztia helburu bakar batekin, egunez egun lan egiten jarraitzea”. “Eta egin egingo dugu. Esperientzia eta gaztetasuna primeran uztartzen dituen talde handi honek, 25 emakume eta gizon prestatuk, tolerantek eta langilek osatutakoak, egin egingo du”, ezarri du Bizkaiko burukideak.

Leixuri Arrizabalagak, Bizkaiko zerrendaburu jeltzaleak, BBBko presidentearen ildo berari eutsi dio, eta “mundu globalean erronkaz betetako oraina eta etorkizuna” direla adierazi du. “Gure estiloari leialtasunez eutsiko diogu, pertsonak atzean uzten ez dituen estiloa, aukera-berdintasuna, garapen ekonomikoa eta enplegua defendatzen dituen hori. Estilo errealista eta posibilista. “Lana, esfortzua eta apaltasuna uztartzen dituen estilo magikoa, sinplea eta, aldi berean, konplikatua”, esan du.

Gatikako alkate eta BBBko burukideak etorkizun hurbilera begira antzematen diren erronkak ekarri ditu gogora. “Euskadik aurre egingo die aukera berdintasuneko erronkei, ekonomia, ingurumen eta demografia arloko erronkei. Autogobernuan aurrera egingo dugu! Jakina! Anbizioz lan egingo dugu!”, aurreratu du. Hala, Arrizabalagaren esanetan, aukera-berdintasuna bizikidetzarako inbertsio bat da, eta emakumeen eta gizonen erabateko berdintasuna ere bai arlo sozialean, politikoan, ekonomikoan eta judizialean. Erronka ekonomikoei dagokienez, “Plangintzarekin eta egonkortasunarekin” hartu beharreko erabakiak “erakunde serio, arduratsu eta egonkorrek” ematen duten lasaitasunetik hartu beharko direla adierazi du. Halaber, ezinbestekotzat jo du “familia-politiken, erantzukidetasunaren eta kontziliazioaren aldeko apustua egiten jarraitzea, eta gazteei lan-merkatura soldata duinekin iristea bermatu ahal izatea, bizi-proiektu bermedun bati ekin ahal izateko”, demografiaren erronkari dagokionez. Eta, ingurumen erronkari eta klima aldaketari dagokionez, “aspalditik mehatxu direnei” helduz; “lasaitasunetik egin behar zaie aurre, horrek dakarren egungo sistema ekonomikoaren eraldaketa sakonagatik”, azaldu du.

PARTEKATU