Europan “berdintasun larrialdia” deklaratzea aldarrikatu du Izaskun Bilbaok

Estrasburgoko ganberak berdintasunari buruz egin duen eztabaidan Europako Parlamentuko EAJ-PNVko diputatuak lau ekarpen proposatu ditu berdintasunari buruzko Europako estrategia osatzera begira
Europan “berdintasun larrialdia” deklaratzea aldarrikatu du Izaskun Bilbaok
13 Otsaila | Europako Legebiltzarra

Maltako komisario andre Helena Dallik aurkeztu ditu gaur emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea xede Europako Batzordeak abian jarriko duen planaren ildo nagusiak, horixe delarik Von der Leyen Presidente andrearen lantaldearen lehentasunetako bat. Izaskun Bilbao Barandicak Europako erakundeen gaitasuna nabarmendu du hainbat jarduera esparrutan estandarrak ezartzeko eta estrategia honen inguruan egin dituen ekarpenak eraikitzeko orduan.

“Batasunak berdintasun politikei eman diezaieken balioak, nire aburuz, lau ekarpen ditu oinarri. Lehenengo eta behin gutxieneko estandar batzuk exijitzea estatu kide guztietan diskriminazioaren kontrako politiketan zein desberdinasunari aurrea hartzeko eta geldiarazteko lanetan,bereziki genero indarkeriari dagokion aldetik”. Horrek behar du, euskal diputatuaren esanetan “arazo honen lege tratamendua homogeneizatzea”, genero indarkeriari gaur egun aplikatzen zaizkion lege kontzeptuen aniztasunari dagokionez zein estatu kide batzuek eraso sexistak oinarrizko eskubideen kontrako delitutzat jotzea aurreikusten duen Estanbuleko hitzarmena izenpetu nahi ez dutela ikusita.

Izaskun Bilbao Barandicak era berean eskatu du “estatistikak eta adierazleak hobetzea, politiken ebaluaketa hobetzeko”. Aurreko aldietan bezala, oraingoan ere aldarrikatu du Europako Batzordeak bereganatzea “berdintasunaren aldeko borrokak irizpide globalak behar dituela,baina baita hiritargoarengandik hurbilen dagoen mailan jardutea ere, eta horrek eskatzen du toki eta erregio mailak ere lan esparru honetara sartzea”.

PARTEKATU