Erakundeetako ordezkarien eta barne kargudunen artean hezkuntzako 200 eragile batu ditu EAJ-PNVk Sabin Etxean, Hezkuntzaren erronkari heltzeko egin den lan saioan

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek azpimarratu du udal-ekintzak garrantzi handia duela ikasleen hezkuntza-garapenean

Erakundeetako ordezkarien eta barne kargudunen artean hezkuntzako 200 eragile batu ditu EAJ-PNVk Sabin Etxean, Hezkuntzaren erronkari heltzeko egin den lan saioan 28Urtarrila 28 |
EBB

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Hezkuntzari buruzko lan saioa hartu du gaur goizean Sabin Etxeak, non erakundeetan eta barne esparruan EAJ-PNVk arlo horretan lanean edo ardurekin dituen 200 ordezkari inguruk Hezkuntzak Euskadin dituen erronkei aurre egiteko lan saioa egin duten, Hezkuntza lehentasun nagusia baita alderdi jeltzalearentzat. Hala adierazi du Ana Esther Furundarena Euzkadi Buru Batzarrean Hezkuntza, Euskara, Kultura eta Kirol Arloko burukideak. Furundarena eta Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, hedabideen aurrean agertu dira, jardunaldiaren etenaldian, batzarraren xehetasunak azaltzeko. Andoni Ortuzar EBBren presidenteak eman dio hasiera jardunaldiari, eta Hezkuntza erronka nazionala dela esan du.

“Hau ez da hezkuntzaz hitz egiteko elkartzen garen lehen aldia. Sarritan egiten dugu, baina gaur euskal gizarteari adierazi nahi izan diogu gure seme-alaben hezkuntza, gure gazteriarena, herri erronka dela eta lehentasun osoa EAJ-PNVrentzat”, ziurtatu du Furundarenak. Burukideak era berean gogoratu nahi izan duenez, “EAEn hezkuntza-sistema ona dugula: irakasle onak ditugu, eskola-porrotaren portzentajea txikia da eta tituludunen kopurua, aldiz, handia”. Era berean, “Europa mailan oso ondo baloratzen den Lanbide Heziketa dugu, bai eta maila handiko unibertsitate sistema ere”. Dena den, Furundarenak beste aldetik egiaztatu du “euskal gizartea etengabe aldatzen ari dela, eta aldi bakoitzak bere berezitasun eta zailtasunak dituela, horrek dakartzan aukera eta erronka berriekin”. Eta ondorioztatu du, horregatik, “hezkuntza ezinbesteko tresna dela gure Herrian unean uneko testuinguru-aldaketetara egokitzen eta egungo eta etorkizuneko erronkei prestakuntza egokiarekin erantzuten dakiten euskaldunak izan ditzagun”.

Bildarratzek bere lantaldearekin parte hartu du topaketan Eusko Jaurlaritzak hezkuntzaren arloan dituen lan-ildo nagusiak azaltzea xede. Sailburuak hainbat esparru jorratu ditu, baina arreta berezia jarri du “udal-ekintzan, ikasleen hezkuntza-garapenerako funtsezko elementu gisa”. Eusko Legebiltzarraren apirilaren 7ko erabakiak jasotzen duen bezala –Ganberaren % 90ek baino gehiagok babesa eman zion Hezkuntzari buruzko Lege berrirako oinarrizko dokumentu bati–, “udal-ekintzak lagundu egin behar du herritarren hezkuntza-prestakuntza modu koordinatuan garatzen eta indartzen”. Eta, beraz, Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza-eskumenaren helburua da “udalen lankidetza jasotzea, zuzenean gizartean eta haien prestakuntza-beharretan eragina izan dezan”. Bildarratzek eta bere taldeak “kohesio handiagoa bultzatzearen eta eskoletan ekitate eta bikaintasun handiagoa lortzearen garrantzia” azpimarratu dute, eta, aldi berean, “hezkuntzako zerbitzu publikoaren kontzeptuari, euskararen normalizazioaren aldeko erakundeen arteko koordinazioaren garrantziari edo berrikuntzaren aldeko apustua azpimarratu dute, kalitate handiagoko hezkuntza lortzeko tresna gisa”.

Hezkuntza Legeari buruz, “Hezkuntza Sailak lanean jarraitzen du, beste alderdi politiko, gizarte eta hezkuntza eragile batzuekin batera, euskal hezkuntza eguneratu, indartu eta hobetuko duen hezkuntza eredu bat diseinatzeko. Lanean jarraitzen dugu Euskadik datozen 30 urteetarako kalitatezko hezkuntza-sistema izan dezan”, ziurtatu du Bildarratzek.

Interesatu Zaitez