Elkarrizketa aldia Kataluniarentzat eta pentsio guztiak igotzea, EAJ-PNVk 2018ko Aurrekontuei ezarri dizkien baldintza nagusiak

Talde jeltzaleak ez ditu osoko zuzenketak babestuko eta Kataluniako politika normalizatzeko behar den hilabetea irabaziko du Espainiako Gobernuak pentsioen igoera nabarmena onartu ondoren
Elkarrizketa aldia Kataluniarentzat eta pentsio guztiak igotzea, EAJ-PNVk 2018ko Aurrekontuei ezarri dizkien baldintza nagusiak
25 Apirila | EBB

Pentsio guztiak nabarmen igotzea eta Katalunian aldi politiko berria irekitzeko konpromiso irmoa. Horiek eskari biak, EAJ-PNVk planteatukoak, Espainiako Gobernuak onartu ditu eta, ondorioz, talde jeltzaleak ez ditu babestu oposizioko beste talde batzuek aurkeztutako eta bozkatu diren osoko zuzenketak. Horrek ez dakar, ordea, EAJ-PNVk Kontu publikoak beste barik onartuko dituenik. EAJk hainbat zuzenketa partzial aurkeztuko ditu, eta horien artean egongo dira, logikoa denez, pentsioak nabarmen hobetzeko planteamenduak, bestelako hobekuntzak lortzeko hainbat zuzenketekin batera. Hortik aurrera, talde jeltzaleak oso adi begiratuko dio Kataluniako politikan gertatuko denari. Denbora irabaztea, Govern-a eratu dadin eta 155a indargabe gera dadin eta Kataluniako erakundeak bere ordezkari legitimoen ardurapean egon daitezen. Hori da, hain zuzen, EAJ-PNVk hartutako eta Aitor Esteban Diputatuen Kongresuko bozeramaileak ezagutzera eman duen erabakiaren helburu nagusienetako bat.

Estebanek jakinarazi du Espainiako gobernuaren konpromiso bikoitza (elkarrizketa Katalunian eta pentsioak hobetzea) dela Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak atzo Mariano Rajoy Espainiako Gobernu buruarekin izan zuen bileraren emaitza. Topaketaren xede nagusia zen Euskadiko egoera politikoa, Kataluniakoa eta Estatu politikoa aztertzea, aurrekontuen izapiderako eta Kataluniako gatazkarako horren garrantzitsuak diren egunen bezperan. Bileran, Ortuzarrek Rajoyri adierazi zion EAJ-PNV 155 a Katalunian aplikatzearen kontra dagoela, baina era berean adierazi zion jeltzaleek osoko zuzenketa ez babestea eta aurrekontuen izapidea ahalbidetzea erabaki lezaketela baldin eta Espainiako Gobernuak elkarrizketaren alde eta Katalunian 155 a indargabe uzteko adierazpen argi eta irmoa egiten bazuen eta EAJ-PNVk pentsioen inguruan prestatzen ari zen zuzenketa partzialak onartzen bazituen. Bileran ez zen negoziaketarik egin. Ortuzarrek horiek bi planteamendu biak egin zituen eta gaur bertan Exekutibo zentralak onartuak izan dira.

Rajoyk Diputatuen Kongresura iritsi bezain laster egin dituen adierazpenetan hitzeman du 155 a indargabe utziko duela eta Katalunian elkarrizketa aldia zabalduko duela Govern-a eratu bezain laster. “Kataluniako gizartean eta Espainiako gizartean gehiengo handi bat dago premiazkoena eta garrantzitsuena,une honetan, Gobernua eratzea dela pentsatzen duena. Gobernua eratzea da 155 a indargabe uztea, Senatuak bere garaian adostu bezala; Gobernua eratzeak dakar eta ekarri behar du elkarrizketa aldia irekitzea, lehenengo eta behin Kataluniarren artean eta gero erakundeen artean; eta Gobernu bat eratzeak ere dakar legea betetzea eta harreman instituzional,ekonomiko eta sozialerako aldia irekitzea, Kataluniako herritar guztiek, pentsamolde batekoek zein bestekoek, une honetan biziki desiratzen dutena”, adierazi du Espainiako presidenteak.

Handik lasterrera, Gobernu zentralak EAJri adierazi dio pentsioen inguruan talde jeltzaleak egin dituen planteamenduak onartzen dituela. Ondorengoak dira:

-Pentsio guztiak 2018an eta 2019an %1,6 igotzea, Gobernuak gehiago igotzea aurreikusten dituenak salbu. Neurri honek atzeraeragina izango du 2018ko urtarrilaren 1etik.

-Alargun pentsioak nabarmen hobetzea. Oraingo oinarri arautzailea %52ekoa da. EAJ-PNVk aurten %56 igotzea proposatzen du eta datorren urtean %60 igotzea.

-Iraunkortasun faktorea atzeratzea. Gutxienez 2023ko urtarrilaren 1era arte atzeratuko da hasiera batean 2019rako aurreikusita zegoelarik. Neurri honen onuradunak izango dira 2019ko urtarrilaren 1etik eta 2022ko abenduaren 31era bitartean pentsiodun izango diren pertsonak. Ez zaie murriztuko horren ahalegin handiz lortutakoa.

Bere eskariei baietza eman ondoren, EAJ-PNVk bihar Kongresuan aurkeztuko diren osoko zuzenketa guztien kontra bozkatuko du. Neurri honek, alabaina, ez dakar beste barik Estatuko Aurrekontu Orokorrak babestuko direnik. Erabaki honekin, EAJ-PNVk Kataluniarentzako denbora irabazi du, Estatuko Aurrekontu Orokorren bozketa (maiatzaren 23 eta 24a) eta Govern-a eratzeko epea (maiatzarren 22a) elkarrengandik hain hurbil daudelarik. Katalunian gertatuko direnen arabera, talde jeltzaleak erabaki bat edo beste hartuko du aurrekontuen izapide honetan. Gaur irabazi dugun denborak Kataluniako alderdiei ematen die presidentea eta Govern-a izendatzeko aukera eta denbora. Bihar Aurrekontuei ezetza emateak aurreikusi ezin diren ondorioak ekarriko zituen baina argi dago ez zirela bat ere onuragarriak izango.

 

PARTEKATU