EBBK A-20ko hauteskundeei buruz egiten duen balorazioa

Euzkadi Buru Batzarrak uste du zoriontzeko modukoak direla atzo ospatu ziren Hauteskunde Orokorretan EAJ-PNVk lortutako emaitzak. Azken hauteskunde hauetan eman den parte hartze handiak, ia %71,45ekoak,duela lau urtekoa baino ia lau puntu altuagoa izan delarik, agerian uzten du euskal gizarteak interes handia duela eta oso arduratuta dagoela Madrilen hartzen diren eta euskal hiritarroi eragiten diguten erabakiekiko.
EBBK A-20ko hauteskundeei buruz egiten duen balorazioa IKUSI BIDEOA
21 Abendua 2015 | EBB

EAJ izango da hurrengo legealdian, Kongresuan eta Senatuan ordezkaritzarik handiena izango duen euskal talde politikoa, beste behin ere, euskal hiritargoaren gehiengo zabalaren konfiantza jaso dugularik. Madrilen Euskadiren ahotsa izaten segituko dugu. Euskadik argi eta garbi bozkatu du Madrilen gauzak alda daitezen. Eta, aldaketa hau eman beharko litzateke, bereziki, Madril eta Euskadiren arteko harremanetan. Espainiar indar politikek euskal agenda kudeatzeko duten moldea aldatzea eskatzeko botoa eman dute. Zentzu honetan, euskal hiritarrek argi eta garbi adierazi dute muzin egiten diotela Alderdi Popularraren Gobernuak Euskadirekiko erakutsi duen jarrera eta "politikarik eza". Atzoko hauteskundeek erakutsi dute gehiengo zabal batek eskatzen duela Madriletik bestelako politika egitea Euskadirentzat.

Euskadik, euskal gizarteak, beste behin ere erakutsi du Espainiaren desberdina dela, Eta euskal hiritarrok desberdin bozkatu dute espainiar hiritarrek bozkatutakoarekin alderatuta. Hautesle guztien % 88k, zalantzarik gabe, Espainiaren aldetik Euskadi gobernatzeko modua aldatzeko bozkatu dute. PSEk eta PPk Hauteskunde Orokor batzuetan lortu dituzten emaitzarik txarrenak lortu dituzte. 2008 urtean boto guztien %57 lortu zuten; 2011 urtean % 39; eta orain %25era jaitsi dira. EH Bilduk ere bere emaitzarik txarrenak jaso ditu 2011ko Hauteskunde Orokorretatik hona, botoen % 15,2ra jaitsi da eta EAEn 6 diputatu izatetik 2 izatera igaro da. Hauteskunde Orokor batzuetan lehen aldiz aurkeztu diren bi talde politikok eskuratu dute euskal hautesleriaren botoen % 30. Olatu horri aurre egin dion alderdi bakarra EAJ-PNV izan da, hiritargoaren %25eko babesari eusten dio eta 300.000tik gora boto jaso ditu. Halaber, EBB honek azpimarratu nahi du, udal eta foru hauteskundeak ospatu eta zazpi hilabete geroago, EAJ-PNVk atzo EAEko 122 udalerritan irabazi zuela, EH Bilduk 82 udalerritan, Podemosek 34tan, PPK 11 udalerritan eta PSE alderdiak batean.

Atzoko emaitzek zerumuga berria zabaldu dute. Eta, etorkizun honen oinarri eta zutabe izan beharko dute elkarrizketak, akordioak, itunak eta adostasunak. EAJ-PNV, bere sei diputatuak eta sei senatariak, beste talde politikoekin hitz egiteko prest daude. Elkarrizketarako prest gaude, aurreitzirik gabe, aldez aurretik eginiko betorik gabe, arduraz eta erantzukizunez, gure aldetik, euskal gizarteak gugan jarri duen konfiantzari zor diogun errespetuari baino ez diogu men egin behar. Hori da gure muga. Euskadirentzako estatus juridiko-politiko berria lortzeko dugun asmoa zilegia dela esan digun hiritargoa. Zentzu honetan, mahai gainean jarriko dugu euskal erakundeek hartuko dituzten erabakiak errespetatzeko beharra. Hautestontziek argi eta garbi hitz egin dute eta euskal hautesleriaren bi heren baino gehiago izan dira Euskadiren nazio aitortza eta euskal herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen ditugun talde politikoak babestu dituztenak.

PARTEKATU