EAJ-PNVk hiritargoari eskaintzen dio lantalde “sendo eta elkartua, helburu bat duena”, Bizkaia hobetzen jarraitzeko proiekturik onena garatzera begira

Markina-Xemeinen Lea Artibai eskualdeko udal hautagaitzak aurkezteko egin den ekitaldian, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak talde jeltzaleak “eskualde honetan, Bizkaian eta Euskadi osoan” erakutsi dituen seriotasuna eta konpromisoa aldarrikatu ditu, alderdi hau delako “gure herrian eta gure pertsonengan soilik pentsatzen jarraitzen duen” bakarra
26 Urtarrila | BBB

“Lantalde bat gara, elkartuta gaude, helburu bat daukagu Lea Artibai, Bizkaia eta Euskadirentzat”. Argi bezain sendo mintzatu da Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidentea, maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan EAJ-PNVk eskualde honetan aurkeztuko dituen hautagaitzak aurkezteko egin den ekitaldian. Bizkaiko burukidea Markina-Xemeinen izan da gaur goizean Unai Rementeriarekin, gaur egungo ahaldun nagusi eta hautagaiarekin, eta Lea Artibai eskualdeko udalerrietan jeltzaleen zerrendaburu izango diren pertsonekin. Bizkaiko jeltzaleen buruak argi utzi nahi izan du denok norabide berean egitearen eta elkarrekin aritzearen garrantzia. “Politikari geratzen zaion alderdi serio bakarra gara, gure herrian eta bere herritarrengan soilik pentsatzen jarraitzen duen bakarra”, “horra hor gizarte honekin daukagun konpromisoa”, baieztatu du.

Atutxak gaur egungo panorama politikoari buruz hausnartu du. Bere hitzetan “EAJ-PNVko lantaldeaz aparte, harri koskorrak eta bertso solteak baino ez ditut ikusten”. “Guk etorkizunerako proiektu bat eta hori zuzentzeko gaitasuna duten pertsonak eskaintzen ditugu, bermeak eskaintzen ditugu”, bien bitartean “beste batzuek arazoak baino ez dituzte eskaintzen eta ez dakite nora joan ere”, azpimarratu du. “Seriotasuna eta aldaketa eskaintzen ditugu; herri honen zerbitzura ehun urtetan egin dugun lanaren seriotasuna” eta mendeurrena bete duen proiektu baten seriotasunetik “beharrezko dugun aldaketa eta gaurko denbora berrietara moldatzeko urratsa”. “Harrotasun osoz esan dezakegu ordezkoak ditugula. Beste behin ere, aurpegi berri asko eskaintzeko gai gara, aire freskoa”, azaldu du. Atutxak esan ditu aurrera egiteko urratsa eman duten eta beren herrien etorkizunarekin konprometitu diren emakume eta gizonen izen-abizenak. Lea Artibai eskualdea osatzen duten 12 udalerrietatik, EAJ-PNVk 10etan aurkeztuko du hautagaitza (Amorotok eta Gizaburuagak erregimen ezberdina daukate) eta 5tan aurkeztuko dira zerrendaburu berriak. Hortik dator “katea ez da eten” esaera.

Berrauketarako aurkeztuko dira Koldo Goitia (Lekeitio), Jesús Iriondo (Etxebarria), Garbiñe Saenz de Buruaga (Ispaster), Jabier Artaetxebarria (Munitibar) eta Ma Dolores Etxano (Ondarroa); eta Luis Egurrola (Markina-Xemein), Iratxe Picaza (Ziortza-Bolibar), Rafa Kareaga Aulesti eta Pedro Cenigaonaindia (Mendexa) -Berriatuan barne prozesua egiten ari dira- lehen aldiz izango dira alkategai. “Horiek dira izen propioetako batzuk, laster aukeratuko direnekin batera EAJ-PNVren proiektua toki onera eramango dutenak. Pertsona prestatuak eta ilusioz beteta; lantaldean lan egiten duten pertsonak, bat egiten dakitenak eta gure alkate eta zinegotzien lanari jarraipena emango diotenak. Nire esker onik beroena eta zintzoena bakoitzari, eurak direlako EAJ-PNVren proiektua egunero gauzatzen dutenak. Egon direnei eta bidean datozenei, bihotzez, eskerrik asko”, eskertu du Atutxak.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi kargurako berrauketarako aurkeztuko den hautagai jeltzalea galdera batekin hasi da: ”Zuetako inork utziko luke Bizkaia beste bizitoki bat aukeratzeko?” eta bertaratutakoak gonbidatu ditu “hemen zelan gauden eta beste lekuetatik zelan dauden” alderatzera. Ildo beretik esan duenez “konparazioak ez dira sekula onak, baina erreferentziak bai dira beharrezkoak” eta oso balorazio positiboa eman dio “azken urteotan egin dugun lanari”. “Bizitza kalitatea daukagu, lasaitasuna eta segurtasuna; egonkortasuna daukagu; laguntza berberak jasotzeko eskubidea daukagu, igeritoki berean igerian egiten dugu eta bidegorri beretik ibiltzen gara; gizarte batua izateaz arduratu gara, inor atzean utziko ez duena, eta aukera berdinekin bizi dena”, azaldu du. “Hori dena hemen esan dezakegu, baina leku guztietan ezin dute gauza bera esan. Eta apaltasun osoz esaten dut, baina baita errealismoz hitz eginez”, baloratu du. Rementeriak argi utzi duenez “gauzak ez dira berez gertatzen; gertatzea eragin behar da” eta baieztatu du horrela dela “EAJk asko bultzatu duelako eta bultzatzen jarraituko dugulako” Bizkaiak “inork beste baten truke aldatu nahiko ez duen lekua izaten jarrai dezan”.

Era berean aurreratu du “hurrengo belaunaldientzat” herrialde hobea utzi nahi duela. Lea Artibairentzat ere bai, “bizitza kalitate ikaragarri ona daukan eskualdea, jarduera ekonomiko handiarekin, hainbat eskualdek nahiko luketen langabezia tasa baxuarekin.... Eta egia da, komunikazioak hobetu behar dituena. Hori dena aintzat hartu dugu eta lanean ari gara jada. Lanean gaude Markinako saihesbidearekin, Urberuagako bigarren fasearekin edo Bizkaibusen maiztasunak hobetzeko”, azaldu du. “Aldundi osoa eta ahaldun nagusi hau ez gara geldituko hauteskundeak datozelako. Egunero lan egiten jarraituko dugu, egunero. Ideiekin, proiektuekin, konpromisoekin, egintzekin. Atzetik datozenentzat utzi nahi dugun Bizkaia hobearen alde lan eginez”, amaitu du.

Protagonista gehiago
Gaurko ekitaldiak beste izen propio gehiago izan ditu, maiatzeko hauteskundeetan beren udalerrietako alkatetzak berreskuratzeko edo berriz lortzeko helburuarekin aurkeztuko diren hautagaiek ere hitz egin dutelarik. Luis Egurrolak, Markina-Xemeingo alkatetzarako hautagai jeltzaleak esan du “indartsu, gogotsu eta ilusioz beteta” sentitzen dela EAJ-PNVrentzat alkatearen aginte makila berreskuratzera begira. Bere hitzetan, EH Bilduk Udalean eman dituen legealdi bi hauetan “ez du gauza handirik egin EAJ-PNVk lehenago garatu zituen proiektuen meritua beretzat hartzeaz aparte, Zelai-Barriko aparkalekua esaterako”. Zerrendaburu jeltzaleak aukera aprobetxatu du markinarren bizitza kalitatea hobetzen lagunduko duten bi proiektu garrantzitsuri buruz hitz egiteko. Horrela aipatu ditu Markina- Etxebarriako saihesbidea eraikitzeak ekarriko dituen onurak, talde jeltzaleak bere hauteskunde programan eramango duen kultur zentroaz gain.

Koldo Goitiak, Lekeitioko alkategaiak, azken lau urteotan eginiko lanaren balioa aldarrikatu du “gure lantaldeari esker lortu dira Joan Deuna auzoaren berrurbanizazioa, eskolen konponketa eta kirol instalazioetan egin diren hobekuntzak” eta abar luze bat. Halaber, hurrengo urteotan landu nahiko lituzkeen mugarriak aipatu ditu, besteak beste “Maderas de Lekeitio” enpresa zaharra zegoen orubea berreskuratzea eta gaur egun erabilerarik ez duten orubeetan etxebizitzak egitea”. “Asko dago egiteko”, baieztatu du, eta lekeitiarrak gonbidatu ditu “beste behin ere” Lekeitioko EAJ-PNVk abian jarri duen prozesu parte hartzailean parte hartzera “hauteskunde programa serio eta erreala idaztera begira”

Garbiñe Saenz de Buruagak, Ispasterreko alkate eta berrautaketarako hautagaiak, ere hitz egin du ekitaldian, eta azpimarratu duenez “eman genuen hitza bete dugu 2015eko udal hauteskundeetan herritarren aurrean aurkeztu genuen hauteskunde egitasmoa bete dugulako”. Hautagai jeltzaleak hurrengo urteotan garatu nahi dituen proiektuak dira, besteak beste “eskola, auzoetako bideak hobetzeko lanak eta kirol zerbitzuak” eta nabarmendu duenez “ lan eginez lortuko dugu, horrela bete ohi dugulako ematen dugun hitza”.

Jesus Iriondok ere hitz egin du, Etxebarriako gauko alkate eta hurrengo hauteskundeetarako zerrendaburuak, eta ezinbesteko jo du erakundeen arteko lankidetza proiektuak garatzerako orduan, baita Etxebarrian ere. Horrela azpimarratu ditu etxebarriatarren bizitza kalitatea hobetzen lagunduko duten bi jarduera: “Eskola berria, Etxebarriarentzat ezinbestekoa dena eta Eusko Jaurlaritzarekin batera egingo duguna” eta Markina-Etxebarria saihesbidea, herritarrek behin eta berriz eskatu dutena eta guk errealitate bihurtuko dena”.

PARTEKATU