EAJ-PNVk pozik hartu du atzerriko tituluen homologazioa eskualdatzearen alde Eusko Legebiltzarrean lortutako babes zabala

Joseba Diez Antxustegik deitoratu du PPk berriz ere Euskal autogobernuaren aurka egin izana, aurka bozkatuta. Gogorarazi duenez, “homologazioak hemen kudeatzea gaur-gaurkoz osasuna bezalako arloetan lan egin ezin duten pertsona kualifikatu askoren arazoari irtenbidea ematea da”

EAJ-PNVk pozik hartu du atzerriko tituluen homologazioa eskualdatzearen alde Eusko Legebiltzarrean lortutako babes zabala 08Maiatzak
MaiatzaK 08 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

Eusko Legebiltzarrak akordio zabala lortu du gaur atzerrian lortutako unibertsitate-tituluak homologatzeko zerbitzuak Euskadira transferitzea defendatzeko eta eskumen hori eskualdatzea legezkoa dela aldarrikatzeko. EAJ-PNV, PSE-EE, Bildu eta Sumar taldeek (denak, PP eta VOX izan ezik) sinatutako testu batean, Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Gorenak baliogabetutako transferentzia hori defendatzeko aurkeztutako babes errekurtsoarekin bat dator Ganbera. Era berean, Osoko Bilkurak deitoratu egin ditu Euskadin kaltetutako ehunka pertsonei eragindako kalteak, eta erakundeei eskatu die neurriak azter ditzatela izapide horiek segurtasun juridikotik arintzeko.

“Autogobernua ez da soilik sinbolikoa, Euskadiko bizi-kalitatea hobetzeko eta arazoei aurre egiteko tresna bat da”, azaldu du Joseba Diez Antxustegi EAJ-PNVren talde parlamentarioko bozeramaileak. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak atzerriko tituluen homologazioa Euskadira transferitzeko lortutako itun politikoa, hain zuzen ere, autogobernu hori zabaltzen eta indartzen jarraitzeko aukera bat da.

“Hitzarmen honek arazo bati irtenbidea ematera zetorren: atzerrian unibertsitate-titulua eskuratu duten pertsonek gurean lan egiteko dituzten zailtasunak. Ona zen, homologazioak hemen bertan kudeatzeko aukera emango zigulako, egungo burokrazia-pilaketaren testuinguruan; baina, era berean, sektore ugaritan, osasungintzan kasu, profesional faltari aurre egiteko baliagarria izango zelako”.

Ildo horretan, EAJk berriz ere deitoratu du Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, eskumena baliogabetu zuena. “Ez gatoz bat erabakiarekin; bidegabea da, eta Gernikako Estatutua nahiz Euskadiko autogobernua kolpatzen ditu”, nabarmendu du Diez Antxustegik.

 

Fronte bateratua

Egoera honen aurrean, “garrantzitsua zen gaur Eusko Legebiltzarretik batasuneko mezu politiko sendo bat zabaltzea, eskumen-transferentzia honen zilegitasuna aldarrikatzeko; autogobernua eta honek Euskadiko egunerokoan dituen ondorio praktikoak defendatzen dituen fronte bateratu batetik”.

Fronte bateratu horretatik eta akordiotik kanpo geratu da Alderdi Popularra, berriz ere autogobernuaren eta Gernikako Estatuturen aurka eginez, eta, aldi berean, hitzetan aldarrikatzen duen autonomismotik eta euskaltasunetik oso urrun dagoela agerian utziz. “Euskadiren interesak defenditu”, eskatu die EAJko bozeramaileak.

Interesatu Zaitez