Jeltzaleek eta sozialistek beste akordio handi bat lortu dute oposizioarekin osasun arloan, bigarrena astebetean, itxaron-zerrenda kirurgikoak, proba diagnostikoak, kanpo-kontsultak eta bideratze kontsultak edo espezialistenak arintzeko neurri espezifikoak hartzeko, gehien behar duten zentroak lehenetsiz
Eusko Legebiltzarrak ekimen bat onartu du gaur Eusko Jaurlaritzari eskatzeko Osakidetzan itxaronaldiak murrizteko Talka Plana egin eta gauza dezala, Alberto Martínez Osasun sailburuak legegintzaldiaren hasieran hartutako konpromisoari jarraiki. Zehazki, EAJ-PNVk eta PSE-EEk PPrekin lortu duten akordioak berretsi egiten du Jaurlaritzak kirurgiako itxaron-zerrendak eta proba diagnostikoetarako, kanpo-kontsultetarako eta deribazio edo espezialistarako atzerapen-denborak murrizteko hartutako erabakia. Hala, ekimenak babesten du "arreta berezia jarriko duten ildo eta neurri espezifikoak hartzea atzerapen-indize handienak dituzten zentro, espezialitate eta asistentzia-prozesuetan. Hori guztia profesionalen eskutik".
Era berean, akordioaren bitartez, jeltzaleek eta sozialistek oposizioarekin astebetean lortzen duten osasun arloko legegintzaldiko bigarrena, Osasun Sailari eskatzen zaio sei hilean behin argitara ditzala Osakidetzako itxaron-zerrenden datuak, datuak ESIen arabera bereiztea barne, eta argitalpen hori artikulatu dezala bai Osakidetzaren webgunean bai Eusko Jaurlaritzaren webgunean.
Bere hitzaldian, Elena Letek, EAJ-PNVko legebiltzarkideak, gogora ekarri du Imanol Pradales Lehendakariak legealdiaren hasieran osasun arloan euskal gizartearekin hartutako konpromisoa, Euskal Osasun Itun Handiaren baten bidez, eragile politiko, sozial eta instituzionalekiko etengabeko lan eta lankidetzarako esparrua, alegia. "Lehendakariak legegintzaldiari hasiera emateko lehentasuna eman zien osasunaren arloko erronkei, besteak beste, Osakidetzako itxaron-zerrendak arintzeko neurriak hartzeari. Hori da jeltzaleak kezkatzen gaituena eta herritarrak kezkatzen dituena ", nabarmendu du.
Letek ziurtatu duenez, "garrantzitsuena gure egoera eta benetako itxaronaldiak diren arren, Estatuko bataz bestekoarekin alderatuta datu onak ditugula gogoratu behar da". "Horrekin ez dugu esan nahi egoera ona denik, baizik eta bizi dugun egoerak sistema guztiei eragin diela eta Euskadiren erantzuna zuzena izaten ari dela. Badugu hobetzeko tartea, eta konpromiso hauek gauzatzeak itxaron-zerrendak hobetuko ditu, hori baita gure gizarteak eskatzen diguna. Lehendik daudenez gain, beste neurri batzuk ezartzeak ekarriko dizkio onurak euskal herritarren bizi-kalitateari”, esan du.
Bestalde, Ekain Ricok, Talde Sozialistak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, adierazi duenez, "gure alderdian argi dugu hurbilagoko Osakidetza bat behar dugula, eta horretarako Lehen Mailako Arreta indartu behar dela, eta asistentzia-maila guztietan itxaron-zerrendak murriztu behar direla, gure hauteskunde-programan planteatzen dugun bezala. Hori izan da euskal herritarrekin dugun konpromisoa, eta horixe sartu dugu gobernu akordioan. Gobernu honek konpromiso hori beteko du, eta gardentasun-printzipioarekin bat etorriz, zerrenda horien bilakaeraren jarraipena egiteko aukera emango du, itxaron-zerrenda horietako datuak aldizka argitaratuz".
"COVID-19aren pandemia iritsi aurreko normaltasuna berreskuratzen dugu horrela, eta gardentasun praktika horri heltzen diogu berriro; horri esker, epe laburrean, gaur lortutako akordioa datuetan eta zifretan islatuko da webgune ofizialean", gaineratu du Ekain Rico sozialistak.