EAJ-PNVk Dokumentu Ondarearen Legea babestu du, dokumentu eta artxibo publiko eta pribatu guztiak behar bezala kudeatzen laguntzeagatik

Legeak Eusko Legebiltzarraren aho bateko babesa jaso du gaur goizean. Irune Zuluaga legebiltzarkideak herritarren beharrei erantzuten dien arau baten balioa nabarmendu du; izan ere, “gure bizitzan zehar sortzen ditugun dokumentu guztiak eta informazioa eskuratzeko eskubidea arautzen ditu”
23
Ekaina
Eusko Legebiltzarra
PARTEKATU
23 Ekaina | Eusko Legebiltzarra

Artxiboek ez dituzte balio handiko dokumentu historikoak bakarrik gordetzen. Bertan daude, Irune Zuluaga legebiltzarkideak gogoratu nahi izan duen bezala, gure eguneroko bizitzarekin zerikusia duten gaiak. Espediente akademikoak, txosten medikoak, bekak eta notario-dokumentuak. Informazio baliotsu hori behar bezala gorde eta artxibatu behar da, herritarren sarbidea eta datuen babeserako eskubidea bermatzeko. “Lege honek Administrazioari eta antolakundeetako zerbitzu guztiei eragiten die, eta gardentasun-printzipioa garatzean, dokumentu-ondarea zaintzean eta herritarrek informazioa eskuratzeko duten eskubidea aitortzean eta erabiltzean behartzen ditu. Beraz, eskubideez eta bermeez ari gara”, Zuluagak adierazi duenez. Horrela, artxiboak iraganeko testigantza bihurtzen dira, baina baita orainaldikoa ere, memoria kolektiboa eta egungo denboren dokumentazioa ahalbidetuz. Gardentasunerako eta jakiteko eskubidearen bermerako elementu bat dira.

Dokumentu guztien kudeaketa egokiari esker, gaur egun posible da artxiboetara jotzea eta, beste testu preziatu batzuen artean, Manuel Irujok 1966an erbestetik Jesus Solauni idatzitako eskutitzarekin topo egitea. Ordezkari jeltzaleak neurri batean irakurri duen idazkian jasota dago artxiboak ondo zaintzearen garrantzia. “Si hoy los archivos son destruidos, se acabó la esperanza de aquella reconstrucción histórica, preñada de enseñanzas y de experiencia”. Zuluagak gaineratu duenez, hori da legearen ikuspuntu historikoa. Bestea, administraria.

Legea indarrean jartzen denean, pertsona guztiei aitortuko zaie Euskadiko Artxiboen Sistema eta Dokumentu Ondarea osatzen duten dokumentuetarako sarbidea, indarrean dauden arauak errespetatuz eta inolako materialik kaltetu gabe. Aldi berean, zerbitzu publikoetako informazio guztia hobeto kudeatzen lagunduko du, eta artxibo publiko eta pribatuen tratamendua arautuko du.

Gaur egun, artxiboek betetzen zuten zaintza- eta jagoletza-funtzioa handituz joan da, dokumentuen bizi-ziklo integrala kudeatzera iritsi arte, erakundeek sortzen edo jasotzen dituzten unetik suntsitzen edo iraunkorki kontserbatzen diren arte. Zuluagak adierazi duen bezala, trantsizio-une batean gaude, bai eremu pribatuan, bai publikoan; izan ere, informazio digitala nabarmen eta etengabe hazi da, eta paperezko dokumentazioa pixkanaka desagertzen ari da. “Artxibo-antolaketa egokitu eta koherente bat behar duten erronka berriei egin behar diegu aurre”. Gizarte digitalaren testuinguru berri honetan, legeak aukera ematen du zerbitzu publikoen informazioaren kudeaketa hobetzeko, gardentasun-printzipioa garatzeko, dokumentu-ondarea zaintzeko eta herritarrek informazioa eskuratzeko duten eskubidea aitortzeko eta baliatzeko.

Azkenik, Zuluagak eskertu egin du taldeen lana eta negoziazio-prozesu osoan akordiorako prest egotea. Amaitzeko azpimarratu du, gehiengoaren babesa ahalbidetu duela, legeari iraunkortasun-itxura emango diona.

PARTEKATU

INTERESATU ZAITEZ