EAJ DOLUMINEZ IÑAKI AZKUNAREN HERIOTZAGATIK

EAJ DOLUMINEZ IÑAKI AZKUNAREN HERIOTZAGATIK
20 Martxoa | Berria

Sabin Etxeko ikurrina masta erdian jarrita dago, Iñaki Azkunaren heriotzagatiko dolumin adierazle gisa. Gaur zendu da Bilboko alkatea, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburu ohia eta Euzko Alderdi Jeltzaleko alderdikide esanguratsua. Hiriko agintari gorena, 71 urtetakoa, gaur 2014ko martxoaren 20an, bere Bilboko etxean hil da, azken hamar urtetik hona sufritu duen gaixotasun larriaren ondorioz.

Iñaki Azkuna Urreta Durangon jaio zen 1943ko otsailaren 14an. Bilbok, Bizkaiak eta Euskadi osoak politikari bakan eta aparta galdu dute, hurbila, konprometitua, modernoa, ausarta, kultua, zorrotza, ironikoa, liberala, langilea eta zintzoa; zalantzarik gabe, erakunde demokratikoetan eta bereziki Bizkaiko hiriburuko alkatetzan, aldi oso bat markatu duena. "Pizkundeko gizona" zen, hainbat urtetan lagun eta kide izan zuen Ibon Aresok esan zion bezala. Durangon jaioa, bere egin zuen bilbotarrak nahi duten tokian jaiotzen direla esaten duen esaera zaharra.

Ibilbide luze eta konprometitua egin zuen EAJ-PNVren ordezkari giza, Iñaki Azkuna Gurutzetako Ospitaleko zuzendari izan zen (1981), Jaurlaritzako Ospitaletako zuzendari (1982), Osakidetzako zuzendari (1983-1987), Osasun Sailburu (1991eko otsailetik 1999ko maiatzera bitartean) eta 1999ko uztailetik gaur egunera arte Bilboko alkatea izan da, azken lau legegintzaldietan, hiritargoaren gehiengoaren babesarekin eta azken legegintzaldi honetan gehiengo absolutu ukaezina lortu duelarik.

Politikagintzan egindako lan zabalaz aparte, medikuntza ere izan zen Iñaki Azkunaren beste pasio handia, 2000 urtean Osasun eta Kontsumo Ministerioaren Orden Zibilaren Gurutze Handia jaso zuen eta 2011 urtean Frantziar Errepublikako Ohorezko Legioko ofizial izendatua izan zen. Musikazale sutsua, eta idazlumarekin trebea eta idazle fina, erradiologia baskularrari buruzko ehunka artikulu idatzi zituen estatuko eta nazioarteko hainbat aldizkaritan. "Sortzetiko kardiopatien Erradioangiografia" liburua idatzi zuen, "Kardiologia pediatrikoari buruzko Tratatua" izenburukoaren idazleetako bat izan zen eta EHU-UPVko Osasun Fisiko eta Erradiologiako irakasle izan zen.

Ortuzar: "Zerbitzari publiko eredugarria"

Hain galeraren aurrean doluminez, Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek Iñaki Azkunak bere herriaren,erakundeen eta Euzko Alderdi Jeltzalearen alde eman zuena azpimarratu nahi izan du. "Iñaki zerbitzari publiko eredugarria izan da. Erkidegoan sinesten zuen, gizartean, bere Herrian. Horregatik, jendeari eskaini dio bere bizitza eta ahalegin guztia - osagilea zenean beti osasun publikoan, eta baita politikan ere, beti herri kargutan. Berarengan nahasten ziren zientzia gizona eta museo eta opera zalea. Durangon jaio beharrean Durangotik 30 kilometrora, ekialderago jaio izan bazen, bera izango zen Azkoitiako azken "zalduntxoa"; eta mende batzuk lehenago jaio izan bazen, gustura ibiliko zen hain gogoko zuen Europako pizkunde garaiko tailerretan. Unibertsaltasun horretatik ere, oso euskotarra zen, abertzale atipikoa, baina abertzale handia,zalantzarik gabe. Bere betiko Alderdian jarraitzen dugunok ondratu beharko dugun ondarea utzi digu Iñakik.

Urkullu lehendakariak bere izaera abertzalea eta Euskadiren eraikuntzari egindako ekarpena aldarrikatu ditu: "Iñakik inork baino hobeto uztartu zituen konpromiso profesionala eta gizartearen alde eginiko lana. Medikuntzak pertsonengana hurbildu zuen, kudeaketa politikoak lagundu zion bere bokazio publikoa Euskadiren zerbitzura jartzen. Iñaki izan da benetako abertzalea, egunero denontzako Herri hobea eraikitzeko lanean murgildu izan dena. Beti egiarekin, aurpegi-estalkirik gabe, zintzoa, goitik beherako gizona, eta zerbitzari izan den gizartearekin konprometitua. Iñaki, bere jarrera zorrotzarekin eta bere eredu pertsonalarekin, konpromiso politikoaren duintasuna bera gorpuztu du".

Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarreko presidentea, hunkituta eta doluminez ere, Bilboko alkatearen leialtasuna goraipatu du "Iñaki Azkuna jardunean zegoela hil da, hor ikusten da zein neurritaraino zen Alderdiko gizona, bere alderdiarekiko eta bere erakundeekiko zintzoa eta leiala. EAJrenganako leialtasun horrekin geratzen naiz, eta Alderdian partekatzen ditugun baloreen defentsa horrekin. Bilboren alde egin zuena ere gogoratu nahi dut, Euskadiren izena mundu zabalean eramateko modu ezin hobea. Iñaki Azkuna izan da gure enbaxadore bikaina. Ziur nago Bilboko gizon emakumeek esker onez gogoratuko dutela, ideologiatik harago, hiriaren eraldaketatik harago, Bilbo izan delako bere kezka eta ardurarik nagusiena. Iñaki izan da pertsonen alkatea; Bilbo hiriari arima itzuli dion alkatea izan da, eta hiribilduko eraikin bikainak kale eta enparantzetako umeekin uztartzen jakin zuen; berari esker, Bilbo hiria da erakusteko eta bizitzeko hiria, baina baita harro sentitzeko lekua ere".

Bizkaiko Ahaldun Nagusi José Luis Bilbao izan zen Iñaki Azkunaren kide eta konplizea, Bizkaiko hiriburua modernizatzea ekarri duten hainbat egitasmotan. Bilbaok "Iñaki lagunaren" figura azpimarratu du eta elkarrekin bultzatu zuten aliantza gogoratu du: "Galera handia izan da, laguna eta alkatea galdu ditudalako. Harro nago elkarrekin Bilbo eta Bizkaiaren arteko itun sendo hura lortu genuelako, Bizkaiak eta Bilbok herrialdea eta hiria orain arte ezagun ez dugun mailara eraman dutelako. Iñaki joan zaigu eta une honetan, hori da dena. Goian bego"

2012ko munduko alkaterik onena

Azkunak 2012ko urtarrilean jaso zuten munduko alkaterik onenaren titulua ("World Mayor" saria), Azkunak Bilbori eta Bilboko emakume eta gizonei eskaini dion esfortzu,lan eta debozioa ezer baino hobeto laburbiltzen duen saria. "Nire karrerako gailurra izan da Bilboko Alkatetza" aitortu zuen harrotasun osoz Paris eta Erroma maite zituen hark. Bete gabe utzi zuen,ordea, Berlingo Orkestrako zuzendari izateko zuen amets hura.

1966 urtean Medikuntza eta Kirurgian lizentziatu zen Salamancako unibertsitatean, eta "cum laude" doktore egin zen Medikuntza, Erradiologia eta Kirurgia arloan. Bere ebaketa kirurgikorik onena, ordea, operazio gelatik kanpo egin zuen: maite zuen hiriari egin zion, Bilbaori. Ideiak argi izanik eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta beste erakunde batzuen laguntasunarekin Iñaki Azkunak arrakasta handiz lortu zuen hiri industrial,gris hartatik gaurko metropoli moderno, adeitsu eta kementsua ateratzea. Bere ekimenari esker, gaur da mundu mailako hirigintza erreferenterik handienetakoa.

Politikagintzan egindako lan zabalaz aparte, medikuntza ere izan zen Iñaki Azkunaren beste pasio handia, 200 urtean Osasun eta Kontsumo Ministerioaren Orden Zibilaren Gurutze Handia jaso zuen eta 2011 urtean Frantziar Errepublikako Ohorezko Legioko ofizial izendatua izan zen. Musikazale sutsua eta trebea idazlumarekin, erradiologia baskularrari buruzko ehunka artikulu idatzi zituen estatuko eta nazioarteko hainbat aldizkaritan. "Sortzetiko kardiopatien Erradioangiografia" liburua idatzi zuen, "Kardiologia pediatrikoari buruzko Tratatua" izenburukoaren idazleetako bat izan zen eta EHU-UPVko Osasun Fisiko eta Erradiologiako irakasle izan zen.

"Ni azkenera arte mantentzen direnetakoa naiz. Ni Udaletxetik ateratzeko bi modu egon daitezke: bata da bilbotarrek etxera joateko esaten didatelako eta bestea, hankak aurretik. Argi eta garbi" horrela aitortu zion alkateak berak Bizkaiko Foru Ahaldunari, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Deia egunkarian 2011ko udal hauteskundeak baino lehen egin zion elkarrizketan. Eta, hala gertatu izan da.

Goian bego, Iñaki Azkuna.

Goian bego, gure alkatea.

PARTEKATU