Beatriz Artolazabal: “Otsailean erregistratutako langabezia azken 15 urteotako otsailetako hirugarren eboluziorik onena izan da”

Lanbiden 119.863 pertsona daude langabezian erregistratuta, aurreko hilean baino 887 gutxiago
Beatriz Artolazabal: “Otsailean erregistratutako langabezia azken 15 urteotako otsailetako hirugarren eboluziorik onena izan da”
04 Martxoa | Berria

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, honako hau nabarmendu du: “azken hilean erregistratu den langabeziaren zifrak azken 15 urteotako otsailetako hirugarren eboluziorik onena erakusten digu”. Lanbidek otsailaren amaieran 119.863 langabe izan ditu erregistratuta, urtarrilean baino 887 gutxiago eta duela hamabi hilabete baino 7.372 gutxiago. “Krisialdiaren aurretik eta aldi horretan ere, otsailean normalean langabeziak gora egiten zuen. 2015ean eta 2018an baino ez genuen bizi izan aurtengoa baino eboluzio hobea”, esan du Artolazabal sailburuak.

Otsailean, langabeziak hiru lurraldeetan egin du behera, eta Araban izan du portaera onena; % 1,9 egin du bertan behera. Gipuzkoan % 0,8 eta Bizkaian % 0,4 egin du behera. Urteko saldoan, portaera onena Bizkaiak izan du, % 6,7ko beherakada erlatiboa izan baitu, gero Gipuzkoak (% 4,9ko beherakada) eta, gero, Arabak (% 4,1eko beherakada).

Artolazabal sailburuak honako hau azaldu du: “azken hilabete honetan, langabezia gehiago jaitsi da gizonetan emakumeetan baino, eta langabeziak % 1,2 egin du behera otsailean. Emakumeetan langabeziak % 0,4 egin du behera; 276 emakume langabe gutxiago daude eta % 5,1 gutxiago azken urtean, 3.687 langabe gutxiago. Gizonen artean, ordea, urte arteko beherakada % 6,7koa da. Gaur egun, langabeen % 57,1 emakumea da, eta badirudi zailtasun gehiago izaten jarraitzen dutela lan-merkatuan sartzeko orduan. Kezkatzen gaitu eta horretara gaude”.

Aukerak

Artolazabalek honako hau nabarmendu du: “enplegu-aukerak iraupen luzeko langabeei ere iristen zaizkie; otsailean berriz ere izan dira hori horrela delako zantzuak, izan ere, hil horretan iraupen luzeko langabeziak behera egin du (682 pertsona), bai eta iraupen laburrekoak ere (205 pertsona). Azken hamabi hilabeteetako eboluzioari behatuz gero, murrizketa handiagoa ikusiko dugu, halaber, iraupen luzeko kolektiboan; % 10,4 egin du behera. Urrats txikiak dira, baina horietan sakontzen jarraitu behar dugu”.

Gainera, langabeziak behera egin du eta 426 pertsona gutxiago dira 45 urtetik gorakoetan (-% 0,7). “Azken urtean, 2.708 pertsona gutxiago dira (% 4,3). Hori ere balioetsi beharreko datua da; izan ere, lan-merkatuan berriro sartzeko gero eta zailtasun gehiago dago langabeen adinak gora egin ahala. Horrela, bada, pertsona guztientzako aukerak sortzeko lanean jarraitzeak motibatu egiten gaitu”.

Sektoreen arabera, otsailean nabarmentzekoa da eraikuntzaren sektorean langabeziak behera egin duela, 207 langabe gutxiago daude (% 2,4ko beherakada); eta zerbitzuetako eta industria-sektoreko beherakadak % 0,9 eta % 1,9koak izan dira, hurrenez hurren (698 eta 278 langabe gutxiago).

Mugagabe gehiago

Lanbideren datuen arabera, otsailean, 678.718 kontratazio egon dira Euskadin eta, horietatik, 6.357, % 9,25, mugagabeak izan dira. Beatriz Artolazabalek honako hau azpimarratu du: “ehuneko hori eta pasa den hilekoa oso antzekoak dira, eta horrek egiaztatzen du iaztik dagoen lan-egonkortasun handiagorako joera”. Sailburuak honako balioespen hau egin du: “2019. urte honetako lehen bi hilabeteetako kontratu mugagabeak 14.084 izan dira, alegia, % 2,9ko gorakada egon da, iazko aldi beraren aldean”.

“Berriz ere nabarmendu nahi dut kalitateko enplegu gehiago eta gizarte-kolektibo guztientzako enplegua sortzea guztion ardura izan behar dela, gizartearena, enpresena eta erakundeena, betiere etengabeko prestakuntzan oinarrituta, eta, nahiz eta merkatuek nazioarteko egoera ekonomikoak bizi dituzten, hemen aurrerapena eta ekimenak erakusten ari gara. Digitalizazioa, ekoizpeneko teknologia berriak eta produktuen eskari berriak dagoeneko etengabeak dira hurbileko etorkizun horretan”, esan du Artolazabalek.

Iturria: Irekia

PARTEKATU