Prentsa Aretoa

Berriak

2017/05/16

Basauri, adinekoekin atsegina

Ekimenaren helburuen artean Basaurik hiri atsegina izateko konpromisoa hartzea, udalerria adinekoen ikuspuntutik ere eraikitzea eta zahartzaroaren eta zahartzearen inguruko irudi negatiboak baztertzea daude

rss Ezagutzera eman
Basauri, adinekoekin atsegina

ARGAZKIA JAITSI

'Basauri, adinekoekin atsegina' ekimena aurkeztu dute Andoni Busquet Basauriko alkateak eta Asier Iragorri Gizarte-politikako zinegotziak, batetik, eta Encarna Cardá, Concepción Astrain eta Pablo Rico proiektuaren talde eragilearen ordezkariek, bestetik. Proiektuaren xedea da herriko adinekoentzat ingurune fisiko eta sozial ahalik eta atseginena lortzea. "Gure herrian handia da adinekoen ehunekoa, eta urteak dira jada haiek aintzat hartuta egiten dugula lan zenbait eremutan (hirigintza, arlo soziala, asistentziala, eta abar). Dagoeneko oso kontuan hartzen ditugu adinekoen beharrizanak; egitasmo hau, beraz, bide horretan beste urrats bat da", azaldu du Andoni Busquetek. 

Udalarekin batera, Deustuko Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hartzen dute parte ekimenean; Basauriko egiturak eta zerbitzuak egokitzen joango dira, adinekoentzat irisgarriagoak izateko eta beharrizan zein gaitasun desberdinak dituztenei tokia egiteko. Horretarako, baina, ezinbestekoa da Basauriko adinekoek proiektuan parte hartzea. "Haiek dira, berez, gaitasuna daukatenak jakiteko zer landu, Basauri atseginagoa izan dakien", zehaztu du Asier Iragorrik. Proiektua martxan jarri eta garatzeko, Deustuko Unibertsitateko gerontologia-ikerketa taldearen laguntza izango du Udalak (hitzarmena sinatu dute erakunde biek). Horrez gain, adinekoen talde batek ere hartuko du parte: haiek izango dira eragile nagusiak.

Helburu zehatzen artean daude lortzea Basaurik konpromisoa hartzea hiri atsegina izateko —eta, zeregin horretan, adinekoek komunitateari dakarzkioten onurak baliatzea—; udalerria adinekoen ikuspuntutik ere eraikitzea, jakiteko zein modutan izan daitekeen haientzat atseginagoa; eta baztertzea zahartzaroaren eta zahartzearen inguruko irudi negatiboak.

Pertsonen osasunari eta bizitza-kalitateari eragiten dioten 8 arlo finkatu ditu Osasunaren Mundu Erakundeak. Horiek oinarri hartuta ebalua daiteke ea udal batek «hiri atsegin» izateko baldintzak betetzen ote dituen. Ardatz horietan oinarrituko dira, hain zuzen ere, udalerrian hobekuntzak egiteko proposamen zehatzak, honako esparru hauetakoak: aire zabaleko eremuak eta eraikinak; garraioa; etxebizitza; gizarte kontuetan parte hartzea; errespetua eta gizarteko kide izatea; herrian parte hartzea eta enplegua; komunikazioa eta informazioa; eta gizarte- eta osasun-zerbitzuak.

Bestalde, proiektua lau fasetan garatuko da. Lehenengoan, adinekoek hiri atseginen proiektuan parte hartzeko mekanismoak sortuko dira. "Basaurin jada hasi gara horretan: talde eragilea sortu zen, eta proiektuan lanean ari dira dagoeneko. Espero dugu adineko gehiago etortzea; horrek aukera emango liguke arlokako lantaldeak antolatzeko eta, horien bitartez, ekintza plan baterako adierazleak identifikatzeko", esan du Gizarte-politikako zinegotziak. Era berean, aurreratu du datorren maiatzaren 16an (asteartea), 17:30ean, Social Antzokian, proiektua aurkeztuko dietela udalerriko talde eta elkarteei, eta talde eragilerako kide gehiago lortu nahi dituztela. Bigarren fasean, ekintza-plana OMEri aurkeztuko zaio. Hirugarrenean, egindako aurrerapenak ebaluatuko dira (OMEk ere bai). Azkenik, laugarren fasean, etengabeko hobekuntza ezarriko da.                            

Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetarako EGITASMOA

Andoniren Bideobloga

Elkarrizketak - Gure Burukideak
Aberri Eguna 2017
Alderdi Eguna
Jarrai iezaguzu Telegramen

Twitter

Facebook

YouTube

Flickr