‘Zu zara gure indarra -Tú eres nuestra fuerza‘, 2015eko Alderdi Egunaren goiburua

Koldo Mediavillak, EBBren idazkariak EAJ-PNVren alderdikide eta alderdizaleak deitu ditu igandean Forondara joan daitezen eta bertan egingo den ekitaldi sinbolikoan parte har dezaten

‘Zu zara gure indarra -Tú eres nuestra fuerza‘, 2015eko Alderdi Egunaren goiburua 23Irailak
2015
2015 IrailaK 23 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Koldo Mediavillak, Euzkadi Buru Batzarraren idazkariak, gaur eguerdian Sabin Etxean aurkeztu ditu datorren igandean Forondako zelaietan ‘Zu zara gure indarra-Tú eres nuestra fuerza’ goiburupean ospatzekoa den  2015eko Alderdi Egunerako antolatu diren ekitaldiak. Mediavillak azpimarratu duenez goiburu hau "gure alderdikideei bidaltzen diegun mezua da, beraiek direlako Alderdi honen benetako indarra". EAJk 2015 urte honetan ospatzen ari da bere sorreraren 120. urteurrena. "Sabino Aranak 1895ean euskal aberriaren zerbitzura jartzeko sortu zuen egitasmoak lehen egun hartan bezain indartsu eta bizi dirau oraindik" esan du burukide jeltzaleak.

Mediavillak baieztatu duenez, igandeko ekitaldirako goiburua euskal hiritargo osoari bidaltzen zaion mezua ere bada, EAJ-PNVri bere konfiantza eman diolako "eta gure historian erakundeetan izan dugun ordezkaritzarik gorenena eman digu". Mediavillak argi eta garbi utzi nahi izan du EAJ-PNVren baitan ordezkaritza historiko hori inork ere ez duela "botere" terminotan interpretatzen baizik eta "guretzat erantzukizuna eta zerbitzu publikoa delako: pertsonen zerbitzura, gizartearen zerbitzura eta euskal aberriaren zerbitzura egoteko". "Igandean Forondan ospatuko dugu Sabino Aranak 1895ean sortu zuen egitasmo politikoaren indarra.Eta ospakizun handia egingo dugu, gainera. Baina, astelehenean, lanera bueltatuko gara, buru belarri arituko gara berriz, gure eginkizun nagusian, hau da, Euskadi oparoa, Euskadi baketsua, Euskadi solidarioa eta Euskadi askea eraikitzea" argitu du.

Idazkari jeltzaleak azpimarratu du Alderdi Egunak emango duela, beste behin ere, Euskadiren eskubideak aldarrikatzeko parada "Euskadi nazio izan dadila Europako beste nazioen artean.Espainia, Frantzia edo Catalunya bezala. Nazioa gara. Ez gara inor baino hobeak, ezta okerragoak ere. Eskubide eta derrigor berberak ditugu".

Hedabideen aurrean egin duen agerraldian, Mediavillak aurreratu du Alderdi Egunaren antolatzaileek iganderako ekitaldi sinboliko nagusia prestatu dutela, eta Forondako zelaietara joango diren guztien laguntza eta parte hartzea eskatu du, arrakastaz burutu ahal izateko. “Gure alderdikideen borondatea gorenera eraman nahi dugu. Horretarako, globoak askatuko ditugu eta globo horietan hitz batzuk egongo dira idatzita.Desioak, asmoak, gurariak eta borondateak ordezkatzen dituzten hitzak izango dira. Azken 120 urte hauetan guztietan gidatu gaituzten baloreak ordezkatzen dituzten hitzak, geroan ere berdin gidatuko gaituztenak".

Ekitaldiaren ezaugarri teknikoei dagokienez, EBBren idazkariak zera zehaztu du: "Hilabete honetan 90 boluntario egon dira ekitaldia antolatzen. Alderdi Egunak 400.000 metro koadroko zabalera hartuko du. Horietako 130.000 metro koadro erabiliko dira ospakizunerako, 25.000 metro koadro karpetarako eta gainerakoa aparkaleku eta zerbitzuetarako. 27 txosna eta 140 jantoki jarriko dira eta 20.000 bazkari emango dira. 

Aurtengo Alderdi Egunerako antolatu diren berrikuntzen artean dago 8 eta 16 urte bitarteko ume eta gaztetxoentzat prestatu den sukaldaritza tailerra. Hamar bat sukaldarik gidatuko dute eta sukaldaritzarekin zerikusia duten hainbat jarduera eskainiko dira. Halaber, Forondako zelaietan bertan, iragan uztailaren 19an, Gernikan, EAJ-PNVren 120. urteurrena ospatzeko egin zen ekitaldian Quim Moya artistak egin zuen artelanaren erreprodukzioa erosteko aukera  izango da.

Alderdi Egunari buruzko informazio guztia eskuragarri  dago gure web gunean eta eaj-pnv.eus/alderdieguna gune berezian, eta Apple , Android  eta Windows  telefonoetarako “Alderdi Eguna” aplikazioan.

Igandean, ekitaldiaren zuzeneko jarraipena egin ahalko da gure web gunean eta Twitter, Facebook eta Instagram gizarte sareetan.

Interesatu Zaitez